Eusko Jaurlaritzak oniritzia eman dio Ondarretan dagoen Donostiako Ertzain-etxea birgaitzeko proiektuari, 5,7 M/€-ko kostuarekin. Kontratazio-izapidetan dagoen obrak ertzain-etxearen eraikineko fatxada eta barruko gune batzuk berritzea aurreikusten du, energia-efizientzia hobetzeko eta instalazioak langileen eta herritarren gaur egungo beharretara egokitzeko. Hori guztia ertzain-etxerako irisgarritasuna hobetzeko eta eraikina ingurunearekin hirigintzaren ikuspegitik hobeto integratzea lortzeko helburuarekin.
Basauriko Ertzain-etxean eraikin barrua birgaitzeko eta energia-efizientzia hobetzeko egindako lanak bezala, proiektu hau Ertzaintzaren Azpiegituren Kudeaketa Plan Orokorraren barruan gauzatuko da. Plan horrek, Europako NEXT GENERATION-EU funtsetako dirulaguntzen bidez, polizia-eraikinen birgaitze eta egokitzapen jasangarria sustatzen du.