Automobilaren sektoreak konponbide berriak eskatzen ditu ibilgailu arinagoak fabrikatzeko, erregai-kontsumoa murrizteko eta ibilgailu elektrikoen autonomia handitzeko. Gainera, segurtasun-elementu berrien eskaera handitu egin da, hala nola kanpoko airbagena, oinezkoen eta txirrindularien istripuetan talka murrizteko.
Testuinguru horretan, Igestek enpresak, plastikoekin eta konpositeekin arintzeko soluzioetan espezializatutako proiektu teknologikoak garatzen dituenak, airbagak askatzea ahalbidetzen duen funtzio anitzeko auto-kapota ezarri du. Proiektua Tecnaliarekin elkarlanean egin du, BDIH programaren barruan. “Gure helburu nagusia Tecnaliak lantzen dituen nanomaterial espezifikoak eta balio erantsi handiagoko produktuak lortzeko Igesteken erabiltzen ditugun konposatu termoplastikoak konbinatzea zen”, azaldu du Nerea Romero Berrikuntzako arduradunak.
Material horien fabrikazio- eta hibridazio-prozesuaren bidez, konposite termoplastikoko bi xaflatan oinarritutako kapota lortu da. Xafla horiei buckypaper bat (propietate termiko eta mekaniko bikainak dituen material bat) tartekatzen zaie airbagaren sistema kokatuko litzatekeen eremuan. “Tenperaturaren, presioaren eta tresneria-estrategiaren bidez, osagai bakar bat lortzen da elementu berogailu batekin”, azaldu dute Igesteketik. Emaitza, kanpoko airbagak askatzea ahalbidetzen duen kotxe kapota arinagoa da.
Euskal enpresen artean berrikuntza bultzatzeko, enpresa txiki eta ertainetatik konpainia handietaraino, SPRI Taldeak Hazinnova, BDHI Konexio edo Innobideak bezalako berrikuntzarako programak eta laguntzak ditu.