Donostiako Udalak Bretxako kirol pisten erabilera Orixe Ikastolari utziko dio

Lagapena ekainera artekoa izango da, eta orduan berriz baloratuko dira baldintzak, auzoaren beharren arabera.

Donostiako Udalak baimena eman du Bretxako Arrandegi eraikineko kirol-pista berrien behin-behineko erabilera Orixe Ikastolari emateko 2024ko ekainaren 21era arte.

Eneko Goia alkateak adierazi duenez, emakida hau «ikastetxeak, besteak beste, kirol-, eskolaz kanpoko edo jolas-jarduerak egin ahal izateko dituen beharrei erantzuteko egiten da«.

Goiak azaldu duenez, «emakidaren lehen fasean, Orixe Ikastolak pisten erabilera esklusiboa izango du uda arte, eta datorren ikasturteari begira, interesa duten auzoko eragile guztien beharrak baloratuko dira eta ordutegi berriak eta erabilera-baldintzak zehaztuko dira«.

Emakidaren baldintzak

Horrela, ikastetxearen beharrei eratzuteko helburuarekin, Udalak Orixe Ikastolaren, Eskola Kirola eta Gorputz Hezkuntzaren, eskolaz kanpoko jardueren eta ohiko jolas-jardueren ohiko erabileretarako kirol gune berriaren doako emakida egingo du. Ordutegia astelehenetik ostiralera izango da 9:00etatik 19:00etara, eta larunbatetan 9:00etatik 14:00etara Eskola Kiroleko partiduetarako. Ikastolako kultur eta kirol erakustaldietarako ere erabili ahal izango da, hala nola Euskararen Egunerako, inauterietarako, ikasturte amaierako festarako eta abarretarako.

Gainera, behin-behineko fase honetan, otsailetik ekainaren 21era arte indarrean egongo dena, Udalak bere gain hartuko ditu ur, argi, aseguru, garbiketa, mantentze eta zabor bilketatik sortutako zerbitzu eta horniduren gastuak.

Behin epe hori amaituta, Orixe Ikastolaren erabilera-lehentasuna mantentzea aurreikusten da, baina, auzoko beste behar batzuei ere erantzuteko sortutako gunea denez, ordutegiak, erabilerak eta mantentze-baldintzak beste hainbeste kolektibo, erakunde eta elkarteren beharretara egokitzen joango dira partaidetza prozesu baten bidez.

Jarduera fisikorako eta jolaserako tokia

Orixe Ikastolan, Alde Zaharrean Haur eta Lehen Hezkuntzako hezkuntza-zerbitzu publikoa ematen duen ikastetxe bakarrean, eskola garaian haurren garapenaren testuinguruan hain beharrezkoa den jarduera fisikoa egin ahal izateko dauden espazio gabeziek eragin dute emakida hau.

Izan ere, Orixe Ikastolako Zuloaga zentroak 2 eta 8 urte bitarteko 225 haur baino gehiago hartzen ditu, baita Haur Eskolan matrikulatutako 0-2 urtetik beherakoak ere, gaur egun San Telmo edo Trinitateko plaza publikoetan aisialdia eta jarduera fisikoa egiten dutenak. Egoera hori dela-eta, haur txikiak eskolara joan eta etorri ibili behar dira etengabe, eta, azken urteotan, hori zaildu egin da, inguruan dabilen jende kopurua hazi delako.

Instalazioak

Instalazio berriak azken asteetan amaitu dira Bretxako Arrandegi eraikina berritzeko prozesuaren barruan, eta altuera bikoitzeko gune batean daude, 1.029 m2-ko azalera erabilgarria dute, eta eraikinaren beheko solairutik dute sarbidea, Aldamar kaletik.

Bigarren solairuan kirol anitzeko 638 m²-ko kirol-pista, aldagelak, biltegiak, komunak, bulegoa eta garbiketa-gela daude; hirugarren solairuan, berriz, erabilera anitzeko gela bat, komun egokituak eta balkoi moduko korridore bat, pistako luzetarako ardatzean zehar garatzen dena, bertan egiten diren jarduerak ikusteko aukera emanez.