‘Kontuz! Ez nazazu zapaldu!’ ekimenaren II. edizioa, Plentziako Itsas Estazioaren ingurumen ekimena 

Iazko urtean, Plentziako Itsas Estazioko (PiE-UPV/EHU) irakasle eta ikertzaile batzuek “Adi! Ez nazazu zapaldu!” izeneko kanpaina jarri zuten abian, euskal itsasertzari buruzko jakintza sustatu nahi duen lankidetza proiektua, maila mikroskopikoan duen biodibertsitatea eta honen biziraupena mehatxatzen duten arriskuak oinarri hartuta.

Herritar zientzia inklusiboaren ekimen hau 2024an errepikatuko da, aurtengoan bigarren edizioa, berriz ere Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioaren (FECYT), Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioaren eta Euskal Herriko Unibertsitateko Ikerketaren Gizarte Hedapenerako Zuzendaritzaren babesa izan duelarik.

Ekimen pedagogikoa da, euskal hareatzetako mundu ikusezina (mikroskopikoa) ezagutarazi nahi duena. Horrez gain, kontzientziatu nahi du hondartzetako ingurumena zaintzeak eta kontserbatzeak une berezi honetan duen garrantziaz: Nazio Batuek sustatutako ekimenaz, ozeanoen hamarkada oceandecade.org baita oraingoa.

Bigarren edizio honetan, hezkuntzaren arloko 81 arduradun (DBHko, batxilergoko eta lanbide hezkuntzako irakasleak) eta gizarteratzean edo ingurumen jardueretan diharduten pertsonak inskribatu dira prestakuntzan. Plentziako eta Donostiako hareatzetan 7 prestakuntza saio egiten ari dira, 5 euskaraz eta 2 gaztelaniaz.

Jardueraren bigarren fasean, arduradunek 1.700 boluntario baino gehiagok osatutako 97 talde gidatuko dituzte hondartzetan, mikroorganismoen eta mikroplastikoen bila, nabarmen gaindituz iragan urteko parte hartzea (700 pertsona). Oraingo honetan, parte hartzaileen bikoitza baino gehiagok izango du aukera euskal kostaldeko mikroalgak edo gure hareatzetako meiofaunaren parte diren animaliak (organismo ornogabe txikiak) ezagutzeko, betiere PiE-UPV/EHUko pertsonalak zehaztutako protokoloari jarraituz.

Iazko edizioko datuei dagokienez (2022-2023), Olatz Ortega Vidalesek aztertu zituen Erasmus Mundus «Environmental Contamination and Toxicology» master amaierako lanean, ondorioztatuz ekimenak areagotu egiten duela hondartzetako bizitza mikroskopikoari buruz dagoen jakintza (parte hartu zuten pertsonen % 76k baieztatu zuten beren taldeek proiektuari esker eskuratutako jakite maila handia edo oso handia izan zela). Era berean, parte hartzen duten herritarrak (hezkuntza formaleko ikasleez gain, komunitate zientifikotik urrun egon ohi den publiko inklusiboa) jabetu egiten dira kostaldeko ekosisteman egindako presioaz hondartzetako mikroplastikoen azterketaren bidez.

Nabarmentzekoa da herritarren zientzia proiektu honetan bigarren hezkuntzako ikasleak eta 13 elkartetatik etorritako pertsonak aritu zirela, gizarte bazterkeriako egoeran dauden pertsona ugarik jardueretan hartu zutelako parte inplikazio handiaz. Honek guztiak agerian utzi zuen proiektu zientifiko inklusiboak egitearen beharra, espazio berriak sor ditzaketenak, kolektibo «ikusezin» horien ahalduntzea bideratuz. Kontuz! Ez nazazu zapaldu! proiektuaren web orrian ikus daiteke zer nolako aniztasuna dagoen parte hartu duten ikastetxe eta elkarteetan.

2022/2023ko lehenengo edizioan, Berri-Otxoa ikastetxea (Bilbo) eta Aldamiz elkartea (APNABI), espektro autistaren nahasmendua duten Bizkaiko pertsonen familiak (TEA) biltzen dituena, Mater Ontzi Museo Ekoaktiboa itsasontzian egindako irteera bat sari izan zutenak. Aurten, ekainaren 7an banatuko dira sariak Bilboko Bizkaia Aretoan, Ozeanoen Nazioarteko Eguna delarik, ofizialki biharamunean ospatuko dena. Ekitaldiaren osagarri, erakusketa bat egingo da parte hartzen duten kolektiboen lanak eta dibulgazio jarduerak azalduz.

Jardueren emaitzei buruzko informazio gehiago:

https://www.instagram.com/atencionnomeaplastes/  

https://twitter.com/EzNazazuZapaldu  

https://www.facebook.com/people/Atenci%C3%B3n-No-Me-Aplastes/100087660392698/