Demokrazia eta parte-hartzea aztergai dituen Parte Hartuz ikerketa taldeko irakasle eta ikertzaile batzuek, Goi Mailako Hezkuntzak ere erreproduzitzen dituen dinamika sexistak ikusarazi nahi dituzte, eta hauei aurre egiteko proposamenak jaso. Helburu horiekin dihardute generoak ikaskuntza-prozesuaren hainbat alderditan duen eragina aztertzea helburu duen ikerketa batekin.
Proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiak 2023-2024 ikasturterako emandako Etorkizuna Eraikiz Gipuzkoa Taldean berrikuntzarako diru-laguntzen bidez garatzen ari da. “Orain arte egindako lanak erakusten du generoak baduela eragina ikaskuntza-prozesuetako hainbat eremutan. Desberdintasunak modu askotara azaleratzen dira: irakasleen ebaluazio-sistemen bidez, ikasleen arteko elkarrekintzen bidez, irakasten diren edukien bidez, ikasleen biografia akademikoaren bidez edota eskuratutako gaitasunen eta ezagutzen inguruan duten pertzepzio subjektiboaren bidez. Emaitza horietako batzuk testu laburretan argitaratuta daude, azaltzen digutenak generoak zer nolako eragina duen iruzurgilearen sindromearen bizipenari, talde-laneko dinamikei edo ikasteko estiloei dagokienez”, dio Parte Hartuz kide Uxue Zugazak.
Ikerketa honek “argazki hau zabaldu nahi du eta arazoari erantzuna eman: nola, eta ikasleen ikuspuntutik abiatuta proposatutako neurriak landuz. Horretarako, diagnostiko kuantitatibo bat egingo da, Gipuzkoako Campuseko gradu desberdinetako ikasleen ikaskuntza-prozesuetan generoak duen eragina aztertzeko. Honekin batera, eztabaida-foro batzuk antolatuko dira, neska-mutilek problematika honen inguruan gogoetatu, eztabaidatu eta arazo honi modu kolektiboan aurre egiteko neurriak partekatu ditzaten”.
Hiru foro desberdin egingo dira, horietako bi neskentzat bakarrik eta hirugarren bat mutilei zuzendua. Bakoitzak bi saio izango ditu. Ikasleek hiru foro hauetako batean parte hartu ahal izango dute: lehenengo taldeak apirilaren 15ean eta 22an, bigarrenak apirilaren 16an eta 23an eta hirugarrenak apirilaren 17an eta 24an. Ibaetako campusean izango dira, arratsaldez. Parte-hartzea liburu-denda batean gastatzeko 100 euroko bale batekin eskertuko da. Izena ematen duten pertsona guztien artean aukeraketa bat egingo da zozketa bidez, foro bakoitzean Campuseko diziplina eta mailen ordezkaritza orekatu bat lortzeko.