Graduondoko Sare Latinoamerikarraren lankidetzaren emaitza gisa, ostegun honetan UPV/EHUk diplomak eman dizkie 60 master ofiziali eta 15 doktore berriri, UASDren (Universidad Autónoma de Santo Domingo) paraninfoan. Ekitaldi akademikoan izan dira Eva Ferreira UPV/EHUko errektorea, Franklin García Fermín Dominikar Errepublikako Goi Hezkuntza, Zientzia eta Teknologia ministroa eta Radhamés Silverio UASDko Ikerketa eta Graduondoko errektoreordea. Nabarmentzekoa da García Fermínek euskal unibertsitate publikoan egin zituela doktorego ikasketak.
Ekitaldi akademiko hau kokatzen da UPV/EHUren Graduondoko Sare Latinoamerikarrak kontinente horretako hainbat herrialdetan egiten duen irakaskuntza eta ikerketa lanean. UPV/EHUk 1997an jarri zuen martxan bere lehen master programa Latinoamerikan, eta orduz geroztik ugaldu eta sendotu egin dira euskal unibertsitate publikoaren graduondokoak Amerikan, asmo handiko nazioarteko lankidetza proiektu baten bidez.
UPV/EHUko errektoreak balio handia ematen dio egitasmo honi: “Sareak uzta akademiko bikaina jaso du Amerikako hainbat herrialdetan, bereziki Dominikar Errepublikan: soilik herrialde horretan, ikasketa aurreratuen 170 diploma, 314 unibertsitate master eta 73 doktorego egin dira. Aliantza sendoa dugu Santo Domingoko Unibertsitate Autonomoarekin, ozeanoa gainditzen duen lotura, beste behin agerian utzirik jakintzak mugarik ez duela eta herriak eta kulturak batzen dituela. Gainera, jakintza hori bi norabidekoa da beti: gure unibertsitateak bultzada ematen die dominikarren prestakuntzari eta ikerketari, eta gure akademikoek asko ikasten dute lurralde honetan eta erakunde honetan”.
Bestalde, Franklin García ministroak bi unibertsitateen arteko harremanaren balioa nabarmendu du: “Euskal Herriko Unibertsitateak eta Santo Domingoko Unibertsitate Autonomoak partzuergo bat eraiki dute doktoratu diren edo hainbat arlotan masterrak lortu dituzten akademikoak dominikar gizarteari entregatzeko. Inbestidura hau ahalegin mankomunatu horren emaitza bikaina da: ezagutzarekin eta dominikar nazioaren aurrerapena, garapena eta ongizate orokorra bultzatzeko helburuarekin konpromisoa”.
Gaur egun, 12 herrialdetako 17 unibertsitate daude Graduondoko Sare Latinoamerikarrean, UPV/EHUri hitzarmen bidez lotuak. Unibertsitate sare horrek goi mailako komunitate akademikoa osatzen du: 642 egresatu igaro dira dagoeneko haren master ofizialetatik eta 248 doktore tesi defendatu dira.
Ekitaldian izan dira, halaber, Fernando Tapia UPV/EHUko Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordea, Juana Goizueta Graduondoko Sare Latinoamerikarreko zuzendaria eta Dominikar Errepublikako hainbat agintari politiko eta akademiko.