Nafarroako 36 herritan badira jada suteen kontrako udal-plan homologatuak

Guztira, 36 herrik badituzte jada Basoetako Suteen arriskuaren aurreko Udal Jarduera Planak (BSAUJP), Nafarroako Babes Zibilaren Batzordearekin azken bilera egin ondoren, bertan suteen kontrako 34 herritako planak homologatu baitziren, eta horiei aurrez onartutako beste bi plan gehitu behar zaizkie, Ibargoitikoa eta Milagrokoa. Honako hauek dira udalerriak:  Galar Zendea, Uharte, Lekunberri, Petilla de Aragon, Adios, Villatuerta, Gares, Fitero, San Adrian, Muruzabal, Altsasu, Burlata, Itza, Antsoain, Araitz, Zabaltza, Areso, Allo, Cintruenigo, Uharte Arakil, Lakuntza, Baztan, Cadreita, Iguzkitza, Elgorriaga, Doneztebe, Arantza, Igantzi, Bera, Urdazubi, Lerga, Olite, Arakil eta Beriain.

Era berean, beste 45 udalerrik amaituta edo idazte-fasean dituzte planak. Horietatik 20 herrik amaituta dituzte planak eta Babes Zibilaren aldeko txostena dute, baina udal osoko bilkurak onartzeko zain daude. Udalerriak honako hauek dira: Uxue, Belaskoain, Puiu, Lodosa, Ziritza, Etxarri, Murieta, Leotz, Viana, Esa, Luzaide, Larraun, Valtierra, Tebas-Muru Artederreta, Orkoien, Antzin, Eguesibar, Tafalla, Buñuel eta Zizur Zendea.

Beste lau herritan ere planak jada amaituta dituzte, eta Babes Zibilera bidaltzeko zain daude (Barañain, Eneritz, Fontellas eta Ribaforada). Beste 21 udalerritan, berriz, suteen kontrako larrialdi-planak idazten hasita daude: Artaxoa, Errege Bardea, Berriozar, Betelu, Kaseda, Corella, Deikaztelu, Lizarra, Girgillao, Ituren, Iturmendi, Lesaka, Irunberri, Mendabia, Milagro, Monteagudo, San Martin, Deierri, Atarrabia eta Zugarramurdi.

Amparo Lopez Barne, Funtzio Publiko eta Justiziako kontseilariak nabarmendu duenez, “kopuru horiek oso garrantzitsuak dira, eta toki-erakundeek suteak prebenitzearen eta autobabesaren inguruan duten konpromisoa erakusten dute”. Halaber, Departamentuak udalerriekin lanean jarraitzearen aldeko apustua egin duela adierazi du, prebentzio-arlo osoan. Ildo horretan, Lopezek gogoratu du Departamentuaren ildo estrategikoetako bat dela larrialdien arreta indartzea nahiz horren aurrean baliabideak izatea.

Ezartze-fasea 

Planak ezartzeko fasearen aurretik eman beharreko urratsa da homologazioa. Ezarpen-fase hori datorren astetik aurrera jarriko da martxan beren BSAUJPak jada homologatu dituzten 36 udalerritan. Ezarpen-fase horretan, lau neurri-mota daude, baso-suteek edo interfaze-suteek eragindako larrialdi-egoeretan biztanleei, azpiegiturei eta ondasunei eragindako kalteak murriztearren.

Neurri horietako lehena da suteen aurkako tokiko egitura bat ezartzea, udalerriaren baliabide propioekin, eta, eratuz gero, Berehalako Laguntzaren taldeena. Talde horiek , batetik, udal-langileek eta boluntarioek osatzen dituzte, baso-suteen arloan prestakuntza espezifikoa dutenek, eta, bestetik, Basoen Defentsarako Elkarteek, suebakiak, prebentziozko garbiketak eta nekazaritza-munduarekin lotutako beste jarduera batzuk koordinatzeaz arduratzen direnek.

Bigarren neurri-multzoa interfaze-eremuetan erregai-kopurua murriztera bideratzen da; horrela, hiri-basoko interfazea lehenesten da (eraikinak mendiarekin kontaktuan daude eremu horietan), eta hiri-nekazaritzako interfazeetan arriskua murrizteko neurriak gomendatzen dira (eremu horietan, eraikinak nekazaritzako laborantzarekin kontaktuan daude).

Hirugarren neurri-multzoan materialak erostea eta herrietan sua itzaltzeko azpiegiturak hobetzea aurreikusten da. Horien artean nabarmentzekoa da zuzkidurak hobetzea; hala nola, ur-harguneak, bideetako seinaleak, eta abar.

Azkenik, laugarren neurri-multzoa herritarrei baso-suteen arriskuari buruzko informazioa eta prestakuntza ematean oinarritzen da, baita baso-sutearen ondorioz larrialdia gertatzen denean, herritarrek autobabeserako hartu beharreko neurriei buruzko informazioa ere.

INFONA 2022

Nafarroako Foru Komunitateko Baso Suteen gaineko Larrialdietarako Babes Zibileko Plan Berezian (INFONA 2022) arrisku-mapa bat ezartzen da, eta, horren arabera, 85 udalerritan derrigorrezkoa da suteen aurkako udal-plan bat izatea eta beste 85 udalerritan gomendagarria da, haien kalteberatasunaren arabera.

Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuak aholkularitza eman zien 2023an BSAUJPak egiteko betebeharra zuten 85 udalerriri nahiz horretan interesa zuten beste udalerri batzuei, udal-ordezkariekin egindako lan-bileren bidez. Gainera, planak idazteko laguntza ekonomikoen lerro bat ezarri du 85 udal horientzat, eta horietatik 24 herrik jaso zuten laguntza 2023an, eta 2024rako deialdia laster argitaratuko da.

Horrez gain, Babes Zibilaren beste batzorde bat deitzea aurreikusten da udako kanpaina hasi aurretik, toki-erakundeetako osoko bilkurak onartzeko dauden planak homologatze aldera.