Dagoeneko gainean dugu Aste Santuetako oporraldia eta bereziki haurrek jai egun ugari izango dituzte garai horretan. Hori dela eta, opor egunak modu dibertigarrian pasatzeko eta, aldi berean, ikasten jarraitzeko teknologiari loturiko bi ikastaro antolatu ditu Urola Kostako Udal Elkarteak.
“Belaontzi patina” eta “Adimen artifiziala” dira ikastaro horien izenak eta 7-10 eta 11-14 urte bitarteko haur eta nerabeei zuzenduta daude, hurrenez-hurren. Biak Urola Kosta Udal Elkarteko OpenLab espazioan eskainiko dira eta 3 eta 4 eguneko iraupena izango dute. Martxoaren 25etik 27ra eta apirilaren 2tik 5era eskainiko dira, birritan (bi talde aste bakoitzean), eta, horrenbestez, interesdunek horien artean egokien datorkiena aukeratu beharko dute parte-hartzeko. Ordutegiari dagokionez, 09:30-13:30 artean eskainiko dira biak.
Belaontzi patina (7-10 urte bitarteko haurrentzat)
Parte-hartzaileek belaontzi bat diseinatu, muntatu eta programatuko dute. Haizearen bitartez funtzionatuko du, baina haurrek eraiki eta programatutako aginte bat erabiliko da norabidea zehaztu eta bela kudeatzeko. Horretarako, agintea bluetooth bidez komunikatuko da. Nahikoa haize ez badago, motorrek, erreduktoreek eta engranajeek bultzatutako trakzio sistema bat asmatu, muntatu eta programatu beharko dute haurrek.
Gainera, LED-ak argiztatzeko elektronika eta gidatzeko informazioa emango duten baldintza metereologikoak neurtzeko sentsoreak ere gehituko dizkiote belaontziari.
Adimen artifiziala (11-14 urteko nerabeei zuzenduta)
Lehenik eta behin paketeak sailkatzeko linea deritzona landuko dute. Horretarako garraiatzailetik datozen blokeak hainbat saskitan sailkatu beharko dituzte, Mindstorms edo Spike Prime robotean integratutako smart kamera batzuk erabiliaz. Ikasleek sistemak muntatu, programatu eta integratuko dituzte.
Horrez gain, robot humanoide bat (Robot Inventor) muntatu eta programatuko dute, ekoizpen lerroarekin elkarreraginean aritu dadin. Berriz ere kamera adimendunak pantailekin integratuko dituzte.
Filogidatutako orgak (Makeblock edo Mindstorms) arduratuko dira horretaz lineako robot kontrolagailuekin komunikatuz.
Izen-ematea
Izen-ematea zabalik dago eta interesdunek martxoaren 20a arte dute ikastaroan apuntatzeko aukera, horretarako ondorengo galdetegia beteaz.
Kasu honetan, lehentasuna izango dute OpenLab espazioak eskainitako ikastaroetan aurrez parte-hartu ez duten haur eta nerabeek. Horiekin taldea osatuko ez balitz, izen-emate ordenaren arabera beteko dira taldeak.
Ikastaro bakoitzeko ezinbestekoa izango da gutxienez 8 eta gehienez 12 pertsoneko taldea osatzea. Gutxieneko kopurura iristen ez bada, ezin izango da ikastaroa aurrera eraman, eta izen-emate kopurua gainditzen bada, itxaron-zerrenda bat sortuko da, izena emateko hurrenkera errespetatuz.