Igeldoko Toki Erakunde Txikiari buruzko kontsulta igande honetan egingo da

Igeldotarrek aldez aurretik bozkatu ahal izango dute apirilaren 8tik 12ra bitartean

Donostiako Udalak Igeldoko Toki Erakunde Txikiaren sorrerari buruz igeldotarrek duten iritzia kontrastatuko du igande honetan, apirilak 14, Itsas Aurre eraikinean egingo den kontsulta baten bidez.

Eneko Goia alkateak gogorarazi duenez, «Igeldoko bizilagunek igande honetan adierazi ahal izango dute auzoan emango den urrats garrantzitsu horren inguruko adostasuna edo desadostasuna, eta aste honetan zehar boto aurreratua ere eman ahal izango dute Herritarren Partaidetzarako Sailaren bulegoetan«.

Bozketa prozesua

Bozketa 2024ko apirilaren 14an izango da, 9:00etatik 20:00etara, Itsas Aurre eraikinean (Igeldoko plaza, 4). Toki Erakunde Txikiak hartuko duen mugaketaren barruan erroldatuta dauden 16 urtetik gorako pertsona guztiak daude deituta, hau da, Igeldok dituen 1.067 biztanleetatik 984.

Kontsultaren egunean joaterik ez dutenek boto aurreratua eman ahal izango dute apirilaren 8tik 12ra bitartean, Herritarren Partaidetzako Zerbitzuan hitzordua eskatuta (943481356, [email protected]). Hitzordua hartu ondoren, Easo kaleko 43-1 zenbakira joan beharko dute.

Bi kasuetan, botoa aurrez aurre emango da (NANa, pasaportea argazkiarekin, AIZ edo gidabaimena argazkiarekin aurkeztuta), eta ezin izango da botoa eskuordetu.

TET sortzeari buruzko kontsulta

Kontsultarako planteatzen den galdera honako hau da:

Ados al zaude Igeldoko Toki Entitate Txikia sortzearekin?

Erantzun posibleak BAI edo EZ izango dira, eta ezarritako hautestontzian gutun-azal itxi baten barruan sartuko den boto-paper batean adieraziko dira. Emandako botoan erantzunik ematen ez bada, boto zuritzat hartuko da.

Bozketa presentziala izango da, eta 2024ko apirilaren 14an egingo da, 9:00etatik 20:00etara, Itsas Aurre eraikinean (Igeldoko plaza, 4).
Bozketa amaitutakoan, mahaiak botoen zenbaketa publikoa egingo du eta emaitza zehaztuko du. Aldeko emaitza izanez gero, espedientea Gipuzkoako Foru Aldundira bidaliko da, Foru Dekretu bidez ebatz dezan.

Emaitza Toki Entitate Txikia eratzearen aurkakoa bada, organo eskudunak jendaurrean eta arrazoituta adieraziko du kontsultaren emaitzak nola eragingo duen proiektuaren bilakaeran.