Euskadiko Lanbide Heziketak 5.780 plaza gehiago eskainiko ditu 2024-2025 ikasturtean

  • Izena emateko epea zabalik dago maiatzaren 24ra arte, online edo Lanbide Heziketako ikastetxeetan bertan
  • Titulazio baten zati bat gainditzen duten ikasleek beren ibilbide profesionalerako baliozkoa den ziurtagiri ofiziala lortuko dute

Lanbide Heziketako sailburuorde Jorge Arevalok, Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendari Rikardo Lamadridekin batera, Euskadiko Lanbide Heziketako matrikulazio-kanpainaren xehetasunak eta berrikuntzak eman ditu ezagutzera gaur goizean, 2024-2025 ikasturterako. Izena emateko epea zabalik dago maiatzaren 6tik, astelehenetik, hilaren 24ra arte. Euskadiko Lanbide Heziketak 64.105 plaza eskainiko ditu datorren ikasturtean, 2023-2024 ikasturtean baino 5.780 gehiago.

5.780 plaza gehiago

Datorren ikasturteari begira, Hezkuntza Sailak nabarmen handitu du Lanbide Heziketarako plazen eskaintza, 5.780 plaza berri sortu baititu. Horrek Lanbide Heziketako ikastetxeetan 244 talde berri sortzea esan nahi du.

Prestakuntza-mailen arabera, 5.780 plaza horietatik gehienak goi-mailako heziketa-zikloetan sortuko dira. Honela banatzen dira plazok:

  • Oinarrizko mailako zikloak: +780 plaza
  • Erdi-mailako zikloak: +1.950 plaza
  • Goi-mailako zikloak: +2.690 plaza
  • Espezializazio-ikastaroak: +360 plaza

2024-2025 ikasturtean eskainitako plazen kopurua gehien handituko duten hamar lanbide-arloak honako hauek dira:

  • Informatika eta komunikazioa (+900)
  • Fabrikazio mekanikoa (+715)
  • Administrazioa eta kudeaketa (+670)
  • Elektrizitatea eta elektronika (+590)
  • Gizarte eta kultura-zerbitzuak eta komunitatearentzako zerbitzuak (+400)
  • Osasuna (+375)
  • Instalazioa eta mantentze-lanak (+360)
  • Ostalaritza eta turismoa (+235)
  • Irudi pertsonala (+215)
  • Garraioa eta ibilgailuen mantentze-lanak (+210)

Ikastetxeen sareari dagokionez, 5.780 plaza horietatik gehienak sare publikoko ikastetxeetarako sortu dira: 4.005 plaza, sare publikoan, eta 1.775 itunpekoan.

Ziurtagiri profesionalak eta ibilbide integratuak

Onarpen-prozesu berri honen berritasun nagusia (2024-2025 ikasturterako) da prozesu hau C graduak (ziurtagiri profesionalak) eta ibilbide integratuak egiteko ere ireki dela.

C graduak, lehentasunez, jardunean edo langabezian dauden langileei eskaintzen zaizkien irakaskuntzak dira. Lanbide Heziketako Eskaintza Modular Malguaren parte izanik, C graduen ezaugarria da ikasleak titulu bateko moduluetako batzuetan soilik matrikulatzen direla (ez titulu bateko modulu guztietan), eta amaitzean, ziurtagiri profesional bat lortzen dute. Ikasle horiek Eskaintza Modular Malguaren bidez egiten eta gainditzen duten guztia metatu egin daiteke, titulu bat lortu arte (titulua osatzen duten modulu guztiak osatzen dituztenean), azken helburua hori badute.

Bestalde, ibilbide integratuen helburua da Lanbide Heziketako oinarrizko maila hasten duen pertsona batek erdi-mailako ikasketak egiten jarraitu ahal izatea (oinarrizko maila amaitzean) ikastetxe berean. Horregatik, lau ikasturteko ibilbidea da (2 oinarrizko mailakoak eta 2 erdi-mailakoak). Lehenengo bi urteak igarota, DBHko graduatu-titulua eta oinarrizko teknikari-titulua lortuko ditu; hurrengo bi urteak amaituta, teknikari-titulua (erdi-mailakoa) lortuko du.

Azkenik, espezializazio-ikastaroak urtebeteko iraupena duten ikastaroak dira. Erdi-mailako edo goi-mailako heziketa-ziklo bat amaitu duten ikasleentzat dira, eta egin duten zikloarekin lotura estua duen arlo edo eremu espezifiko batean espezializatzeko aukera ematen diete.

Era berean, gogorarazi behar da goi-mailako heziketa-ziklo bat amaitu duten ikasleek kredituen aitorpena lortu dezaketela unibertsitate-ikasketak egiten jarraitzen badute (6 kreditutik 66ra bitartean), ikasitako heziketa-zikloaren eta hautatutako unibertsitate-graduaren artean dagoen kidetasunaren arabera. Lanbide Heziketatik Unibertsitaterako pasabideak dira hauek. Gaur egun, 75 heziketa-ziklok unibertsitateko 59 gradutarako pasabideak eskaintzen dituzte, kredituak aitortuta.

2024-2025 ikasturterako izen-emateak

2024-2025 ikasturterako onarpen-eskaerak aurkezteko epea zabalik dago maiatzaren 24ra arte (24a barne), hurrengo ikasturtean maila edo gradu hauetakoren batean Lanbide Heziketako ikasketak hasi nahi dituzten ikasleentzat:

  • C graduak: ziurtagiri profesionalak
  • Oinarrizko, erdi-mailako eta goi-mailako heziketa-zikloak
  • Espezializazio-ikastaroak (erdi-mailakoak edo goi-mailakoak)
  • Lau ikasturteko ibilbide integratuak (oinarrizko maila + erdi-maila)

Interesa duten ikasleek bi bide izango dituzte eskaerak aurkezteko: online edo presentziala, Lanbide Heziketako ikastetxeetan bertan. Ikastetxe batean egiten diren izapideak ikastetxeko idazkaritza-ordutegian egin behar dira. Online eskaerak Hezkuntza Sailaren webgunearen bidez egingo dira: http://www.euskadi.eus/hezkuntza

Guztira 182 ikastetxek eskainiko dute Euskadin 2024-2025 ikasturtean Lanbide Heziketa ikasteko aukera. Euskadiko Lanbide Heziketak 158 titulazio desberdin ikasteko aukera eskaintzen du (oinarrizko, erdi-mailako edo goi-mailako heziketa-zikloak), baita 22 espezializazio-ikastaro eta 39 ziurtagiri profesional ere, guztiak 23 lanbide-arlotakoak. 2023-2024 ikasturte honetan 49.000 ikaslek baino gehiago ari dira ikasten Euskadin Lanbide Heziketako zikloren batean edo espezializazio-ikastaroren batean, edozein modalitatetan: presentziala, urrutikoa edo eskaintza partziala.

Kontuan hartu beharreko egutegia:

  • Maiatzaren 6tik 24ra: onarpen-eskaera aurkeztea (biak barne)
  • Uztailaren 5a: onartuen, ez onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak argitaratzea
  • Uztailaren 10era arte: behin-behineko zerrendei erreklamazioa aurkezteko epea (12:00ak arte)
  • Uztailaren 11: onartuen, ez onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak argitaratzea
  • Matrikula formalizatzea (ohiko aldia):
    • fasea: uztailaren 11tik 15era (14:00etan)
    • fasea: uztailaren 17an
    • fasea: uztailaren 19tik 22ra

Matrikula hiru fasetan edo epetan formalizatzen da —faseetako bakoitzean plazak esleitzeko prozedura egingo da–, ikasle eskatzaile gehienek beren lehenengo aukeran matrikulatu ahal izatea bermatzea helburu hartuta.

Inor plazarik gabe gera ez dadin, Hezkuntza Sailak ikasleei gomendatzen die, eskaera egitean gutxienez hamar plaza adieraz ditzatela, lehentasunen araberako hurrenkeran. Pertsona bakoitzak eska dezakeen plaza kopuruak ez du mugarik.

BirtLHren (Ikaskuntza Birtual eta Digitalizatuen Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratua) bidez urrutiko heziketa-zikloren bat egiteko izenemate-epea berbera izango da: maiatzaren 6tik 24ra. BirtLHk erdi-mailako edo goi-mailako urrutiko heziketa-zikloak egiteko aukera ematen du, modalitate erdipresentzialean. Informazio gehiago BirtLHren webgunean.