Ekainaren 29an egingo dira BECen Euskal Polizian sartzeko lehenengo hautaprobak

  • Izena emanda dauden 3.920 izangaien % 37,4 Ertzaintzan edo Euskadiko udaltzaingoetan sartu nahi duten emakumeak dira
  • Lan-eskaintza publikoa 280 plazakoa da: Ertzaintzarako 225 eta Euskadiko 22 udaletarako 55

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak larunbatean, ekainaren 29an, hasiko du Barakaldoko Bilbao Exhibition Centerren, Euskal Poliziaren 5. promozio bateratua hautatzeko prozesua, baztertzaileak izango diren lehenengo proba teorikoekin eta psikoteknikoekin.

Behin-behineko datuen arabera, 3.920 pertsona aurkeztu ahal izango dira deialdi honetako lehenengo hautaprobetara. Datuen genero-ikuspegia kontuan hartuta, nabarmendu behar da hautaketa-prozesu honetan izena eman duten pertsonen % 37,4 (1.465) emakumeak direla, eta era horretara, beraz, indartu egiten da emakumeek erroldetan duten presentzia eskasa. Gainerako % 62,6 (2.454) gizonak dira.

Lurraldez lurralde, Euskadin bizi diren eta izena eman duten hautagai gehienak bizkaitarrak dira, % 61,4 (2.407), alegia; Gipuzkoakoak % 19,6 dira (767) eta, azkenik, Arabakoak % 12,7 (408). Gainerakoak, % 6,3, (338) Euskal Autonomia Erkidegotik kanpora bizi dira.

Izangai gehienak, % 68,9, 18 urtetik 30 urtera bitartekoak dira, baina asko dira, % 29,7, alegia, 31 urtetik 40 urtera bitartekoak ere. Gainera, izena eman dutenen % 70,8k egiaztatu dute hizkuntza-eskakizunen bat, eta oraindik kopuru horiei batu behar zaizkie euskaraz egindako ikasketa ofizialak aitortzen dituzten ziurtagiriak (probak BECen egin ondoren jasoko dira). Hori guztia lagungarria izango da Euskal Poliziako kidegoen % 100 euskaldunak izateko helburua lortzeko bidean aurrera egiteko, euskara harremanetarako ohiko hizkuntza izan dadin bai barneko lanean bai herritarrei arreta ematean.

280 PLAZA DEITUTA

Proba horiek gainditzen dituztenek, Eusko Jaurlaritzak deitu dituen 280 plazetako bat lortu ahal izango dute. Zehazki, eskaintzen dira:

  • Ertzaintzarako 225 plaza:
    • Herritarren Segurtasunerako oinarrizko eskalako 5
    • Ikerketa Kriminala espezialitateko 140
    • Bide Segurtasuna espezialitateko 80
  • Euskadiko 21 udalerritako udaltzaingoetako agente izateko 54:
    • Zornotza (2)
    • Basauri (5)
    • Bermeo (2)
    • Bilbo (2)
    • Deba (2)
    • Donostia/San Sebastian (1)
    • Durango (4)
    • Eibar (4)
    • Erandio (3)
    • Ermua (4)
    • Getxo (1)
    • Irun (1)
    • Lasarte-Oria (3)
    • Leioa (4)
    • Mungia (1)
    • Ortuella (1)
    • Santurtzi (10)
    • Vitoria-Gasteiz (2)
    • Zalla (1)
    • Zumarraga (1)
  • Sondikako Udaleko Udaltzaingo Zerbitzuko agente izateko plaza 1.

HAUTAKETA-PROZESUA

Oraingoan ere Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia arduratuko da Ertzaintzako eta Euskadiko udaltzaingoetako agente berrien hautaketa eta prestakuntza prozesuaz. Prozesu konplexua, zorrotza eta integrala da, eta pare bat urte irauten ditu, eta hiru une garrantzitsu izaten ditu:

  • Hautaketa-prozesua: izen-ematea, kanporaketa-proba guztiak egitea eta agiriak eta merezimenduak egiaztatzea.
  • Prestakuntza-fasea: hautaketa-prozesua gainditzen duten izangaiek ikasketa-prozesua, ordaindua, hasten dute, eta Arkauteko instalazioetan egiten da. Prozesu hori 9 hilabetetik 12 hilabetera bitartekoa izango da, polizia-espezialitatearen arabera.
  • Praktikaldia lanean: aurreko bi faseak gainditu ondoren, agenteek praktikaldia hasten dute Euskal Poliziaren kidegoetan lortzen duten plazan. Hartzen dituen polizia-kidegoko oinarrizko eskalaren arabera ordaindutako praktikak izaten dira. Beste 12 hilabeteko iraupena izaten du praktikaldi horrek, eta gaindituz gero, agenteak behin betiko karrerako funtzionario izatera pasatzen dira.