Ihobek hondakin-bilketa handia egingo du Ekoetxea sareko espazio naturaletan Ingurumenaren Mundu Egunarekin bat egiteko

  • Ingurumenaren Mundu Eguna ekainaren 5ean ospatzen da urtero mundu osoan, eta aurtengo leloa “Gure lurrak. Gure etorkizuna” izango da, argi uzteko lurrak lehengoratzeak duen garrantzia, lehortearen aurreko erresilientzia eta desertifikazioaren aurkako borroka
  • Ekoetxea sareko lau zentroetan irekita daude jadanik izen-emateak herritarrentzako hondakin-bilketetan parte hartzeko, ekainaren 8an, larunbatean
  • Ihobek, halaber, “Let´s clean up Euskadi 2024” deritzon kanpaina koordinatzen du, herritarrak eta parte hartzen duten erakundeak sentsibilizatzeko lurzoru osasuntsua eta zaborrik gabekoa mantentzeko garrantziaren inguruan

Ihobek, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak, bat egin du Ingurumenaren Mundu Egunarekin, eta hondakin-bilketa handia antolatu du Euskadiko ingurumen-zentroen Ekoetxea sareko lau zentroetan. Nazio Batuen Erakundeak sustatzen du Ingurumenaren Mundu Eguna 2024, eta ekainaren 5ean ospatuko da “Gure lurrak. Gure etorkizuna” leloarekin. Euskadiren kasuan, hileko lehenengo hamabostaldian zehar Ihobek askotariko jarduerak antolatzen ditu, horien artean hondakin-bilketako ekintza kolaboratibo bat ekainaren 8an, larunbatean, Ekoetxea Urdaibain, Ekoetxea Meatzaldean, Ekoetxea Txingudin eta Ekoetxea Azpeitian.

Horrela, Urdaibaiko Ekoetxeak garbiketa 12:00etatik egingo du bi zonatan –San Kristobaleko padura eta Muruetako Telleria–, itsasoak itsasertzeko zerrendan berriz uzten dituen hainbat hondakin pilatzen baitira bertan.

Meatzaldeko Ekoetxean 10:30etik garbituko da gizakion jardueraren presio handia jasan behar duen zona bat, bereziki asteburuetan sufritzen duena, Trianoko Mendien goialdean kokatua, eta, zehazki, Larreineta eta Barrionuevo (Trapaga-Trapagaran) auzoen aldirietan.

Txingudi Ekoetxeak, Recicla-Birziklatu eta Ekopatruilak Irunekin batera, 10:00etatik aurrera garbiketa koordinatuko du Ibarla inguruan; olgetarako espazio horretan aire zabaleko aisia-jarduerak egiten dira, Arbesko Errota kaleko aparkalekutik La Juanitaren aurreko umeentzako parkeraino.

Azkenik, Azpeitiko Ekoetxeak, bertako Udalaren laguntzarekin, herritar guztiei eta udaleko zenbait eragileri zuzendutako garbiketa-ekintza batean parte hartzeko gonbita egin du, 10:00etatik aurrera Landeta auzoko industriagunean.

Ingurune naturaletan utzitako hondakinek substantzia toxikoak askatzen dituzte, lurzorua, ura eta airea kutsatu dezaketenak eta izaki bizidun guztiengan eragina izan dezaketenak. Hondakin horiek paisaiak degradatzen eta zenbait inguru berdingaberen edertasun naturala kaltetzen dituzte, betirako kutsatzen baitituzte, ingurunearen osasunari eta pertsonen osasunari kalte eginda. Zigarro-punta huts batek, adibidez, bi urte behar ditu deskonposatzeko, eta plastiko batek 100 urte baino gehiago.

Ihobek Ekoetxea sarearen bitartez proposatutako ekintzek xede dute herritarrak kontzientziatzen laguntzea eta soluzioan parte har dezatela sustatzea, hitzetatik ekintzetara pasatzeko askotariko ekimenen bidez, nola Ingurumenaren Mundu Egunerako programatutakoak hala eraldaketa ekosoziala sustatzeko diseinatutako esperientziak.

Let’s Clean Up Euskadi 2024!

Halaber, Ihobe koordinazio lanetan dabil Euskadiko ikastetxe eta erakundeek Let´s Clean Up Euskadi 2024 kanpainak parte hartzeko. Ekaineko lehenengo hamabostaldian izango da ere bai, Ingurumenaren Mundu Egunaren aldi berean, eta azarora arte luzatzeko aukera dago. Kanpainaren xedea da parte hartzen duten erakundeak eta herritarrak sentsibilizatzea lurzoru osasuntsua eta hondakinik gabekoa mantentzeak duen garrantziaren inguruan, pertsonentzako eta ingurumenerako hainbat zerbitzuren iturria baita.

Let’s Clean Up Euskadi 2024! Let’s Clean Up Europe! ekimenetik sortu zen, Hondakinak Prebenitzeko Europako Astean (EWWR) sustatu ostean, ingurunean garbiketa-ekintzak eginez herritarrak sentsibilizatzeko. Europa osorako ekintza komuna da, kontrolik gabe naturara botatzen diren hondakinen kopuruaz kontzientziatzeko eta sentsibilizazio-ekintzak sustatzeko legearen kontra baso, hondartza, ibai-bazterretara eta abarrera botatako hondakin horien bilketaren bitartez.

Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak proposatzen du ekintza horren bidez jasangarritasunaren balioetan sakontzea. Xede hori bide, parte hartzen duten erakundeei eskura jarri die beren ingurunea garbitzeko beharrezko materiala, barne hartuta prestakuntzarako eta dibulgazioko materialak, ekintzak antolatzeko gidak, eskularruak eta poltsak. Ihobe harremanetan jarri da ere bai EAEko udalekin, sustatzeko identifika daitezela ekimenarekin bat egin nahi duten erakunde, enpresa nahiz ikastetxeek garbiketa-ekintza bat egiteko aproposak izan daitezkeen tokiak.

Ingurumenaren Mundu Eguna

Nazio Batzuen Ingurumenerako Programak (PNUMA) sustatutako ekintza da Ingurumenaren Mundu Eguna. Nazio Batuen Asanbladak 1972an ezarri zuen lehenengo aldiz, eta, harrez geroztik, urtero ekainaren 5ean antolatzen da. Azken 50 urteotan, ospakizuna munduan irismen gehien duen plataformetako bat bihurtu da ingurumenaren kasuen alde. Hainbat milioi lagunek egin dute bat modu birtualean eta presentzialean mundu osoan zehar jardueretan, ekitaldietan eta askotariko ekimenetan  parte hartzeko.