Denboraldi honetako beste lorpen handi bat Antiguoko Euskal Kadetearentzat. Ez zen ondo hasi Iker Mendiluzeren taldea, eta lehen 15 minutuetan erabateko nagusitasun babazorroa ikusi ahal izan zen haien gain, trantsizio azkarrekin min handia egin zutelarik aurkariek. Hala, kalitate handiko bi gol sartu zituzten eta partida maldan gora jarri zuen antiguotarren interesentzat. Hala ere, makurtu beharrean, taldea bikain suspertu zen, eta partidaren agintea hartzen hasi zen. Gainera, 30.minutuan Oihan Vicentek 2-1koa jarri zuen Toledoren erdiraketa bikain bat baliatuz. Emaitza horrekin joan ziren atsedenaldira.
Bigarren zatian erabakitasunez eta asmo handiz zelairatu zen talde urdina, eta lehen minuturako Liherrek barkatu egin zuen atezainaren aurkako bat-batekoan. Hala ere, segidan Anassek atezaina bera gainditu eta merezitako berdinketa lortu zuen. Handik aurrera, taldeak gogor jarraitu zuen lanean, eta, horretaz gain, jokalari bat gehiagorekin jolastu zuen azken minutuetan, atzelari babazorro batei txartel gorria erakutsi baitzion epaileak. Dena den, bikain defenditu ziren gasteiztarrak bloke baxuan eta partida berdinduta amaitu zen.
Horren ondorioz, penaltien txanda zen. Oier Vazquezek, Anbuk eta Matteok asmatu egin zuten, eta horri Urkoren gelditu itzelak gehituz, taldeak asko ospatutako sailkapena lortu zuen. Hitzik gabe gelditzen ari da kluba kadeteen denboraldiarekin. Datorren astean, Durangon Final Fourra.