Andrés Torres, 2024ko Basque Culinary World Prize Sariaren irabazlea

  • Andrés Torres chefak eskuratu du 2024ko Basque Culinary World Prize saria, alde batetik “Global Humanitaria” GKEak 10 herrialdetako elikagaien segurtasunaren alde egindako lanagatik eta gastronomiak mundu osoko krisi-egoeretan izan duen esku-hartzeagatik; eta bestetik, Casa Nova jatetxearen bitartez, zeinak, jardunbide jasangarrietan oinarrituta, gastronomiari beste begirada bat ematea posible dela erakusten duelako.
  • Epaimahaiak beste bi chefen lana ere aintzatetsi du, eta aipamen bereziak jaso dituzte Gisela Medina-k Mburucuyá herrian, Argentinako Corrientes probintzian hain zuzen, eta bere eskualdeko antzinako sukaldaritzari balioa emanteagatik, korrentinari, denbora askoan gutxietsita egona, eta eremu horretako garapenari eta enpleguari laguntzeagatik; eta Ángel León-ek ozeanoak jaki-gordailu gastronomiko gisa dituen aukerak aztertzeagatik, berrikuntzatik eta jasangarritasunetik abiatuta esploratu gabeko aplikazio gastronomikoen potentziala ikusteagatik.
  • BCWPko epaimahaia, Basque Culinary Centerreko Nazioarteko Batzordeko kideek osatua, Perun elkartu da saridunak hautatzeko. Munduko eragin handieneko sukaldarietako batzuek osatu dute epaimahaia, eta Joan Roca chefa izan du buru

Andrés Torres chefak eskuratu du 2024ko Basque Culinary World Prize saria, gastronomiaren bidez alde batetik “Global Humanitaria” GKEak 10 herrialdetako elikagaien segurtasunaren alde egindako lanagatik eta gastronomiak mundu osoko krisi-egoeretan izan duen esku-hartzeagatik; eta bestetik, Casa Nova jatetxearen bitartez, zeinak, jardunbide jasangarrietan oinarrituta, gastronomiari beste begirada bat ematea posible dela erakusten duelako.

Sukaldaritzak, jasangarritasunak, laguntza humanitarioak eta gerrako kazetaritzak bat egiten dute Andrés Torresen baitan. Hainbat alderdi lantzen ditu berak, eta elkarrekin lotutako bi proiekturen buru da: alde batetik, Global Humanitaria GKEaren fundatzaile eta lehendakaria da.

Erakunde horrek elikadura bermatzeko eta haurren eskubideak defendatzeko lan egiten du hamar herrialdetan, 200 eskola-jantoki baino gehiagorekin, eta premiazko esku-hartzeak egiten ditu gerrak edo hondamendiek kaltetutako eskualdeetan, elikagaiak, ura, higienea, osasuna, babesa eta oinarrizko hezkuntza eskuragarri egon daitezen. Bestalde, Penedés eskualdeko Casa Nova jatetxeko chef eta jabea ere bada Torres, eta jasangarritasuna eta autosufizientzia benetan nola landu erakutsi du; horregatik, Michelin izar berde bat jaso du.

Basque Culinary World Prize parekorik ez duen sari aitzindari bat da, Eusko Jaurlaritzak eta Basque Culinary Centerrek (gastronomiaren sektoreko erakunde akademiko liderra) emana, Euskadi-Basque Country osoko estrategiaren esparruan. Sari horren bidez, beren ezagutza, talentua, sormena eta indarra baliatuz gure gizarteak eskatzen dituen aldaketak bultzatzen dituzten sukaldariak aintzatesten dira. Saria 100.000 €-koa da irabazleak hautatutako proiektu batera bideratu behar dira. Bederatzigarren edizioa da oraingo hau, eta aintzatespena sari berezi gisa sendotu da dagoeneko, gastronomiak erakutsi baitu fenomeno indartsua eta inspiratzailea dela mundu mailan.

Testuinguru horretan, Basque Culinary World Prize sariketak irabazle bat eta bi aipamen berezi iragarri ditu gaur. Modu horretan, gastronomiaren alorreko erronkak ezagutarazten dituzten historia eta kasu inspiratzaileak ikusgai egiteko duen interesa erakusten jarraitu du. Horregatik, Andrés Torres-ez gainera, epaimahaiak aipamen berezia eman die beste bi chefi ere Gisela Medina-ri Mburucuyá herrian, Argentinako Corrientes probintzian hain zuzen, eta bere eskualdeko antzinako sukaldaritzari balioa emanteagatik, korrentinari, denbora askoan gutxietsita egona, eta eremu horretako garapenari eta enpleguari laguntzeagatik; eta Ángel León-i ozeanoak jaki-gordailu gastronomiko gisa dituen aukerak aztertzeagatik, berrikuntzatik eta jasangarritasunetik abiatuta esploratu gabeko aplikazio gastronomikoen potentziala ikusteagatik.

Saria jaso ondoren, Andrés Torres chefak adierazi du oso harro eta esker oneko dagoela BCWPrekin; gaineratu duenez, “Oso pozik nago, eta benetan onestua sentitzen naiz Basque Culinary World Prize saria jaso dudalako. Aintzatespen honek balioa ematen dio pertsona askoren lanari, eta, gainera, azken urteotan hainbeste miresten ditudan beste profesionalak izan dira hautatuak irabazle. Nire ustez, proiektu solidarioak martxan 25 urte baino gehiago eman ondoren, epaimahaiak sari hau ematea, askok “Gastronomiaren Nobel” saritzat dutena, berretsi besterik ez dut egiten indarrak elkartuz gauzak alda daitezkeelaren sinespena. Gainera, uste dut, sukaldaritzako ezagutzak eta elkartasuna bateratuta, eragin positiboa izan dezakegula pertsona askoren bizitzengan. Bai ohitura osasungarriak sustatuz, bai haurren desnutrizioa prebenituz. Gure esku dago, eta sari honek bultzada handia ematen die zuzentzen ditudan proiektuei. Espero dut, era berean, horrelako sariek profesional gehiago animatzea zuzenean inplikatu daitezen”.

Epaimahaiak Andrés Torres izendatu du irabazle; munduan itzal handia duten eta Basque Culinary Centerreko Nazioarteko Batzordeko kide diren chef batzuek osatu dute epaimahaia. Joan Roca chef-a (El Celler de Can Roca) izan da epaimahaiko burua, eta beste chef entzutetsu batzuek ere parte hartu dute; besteak beste: Gastón Acurio (Peru), Pía León (Peru), Dominique Crenn (Frantzia/AEB), Yoshihiro Narisawa (Japonia), Manu Buffara (Brasil), Elena Reygadas (Mexiko), Trine Hahnemann

(Danimarka), Thitid Tassanakajohn (Thailandia), Josh Niland (Australia), Narda Lepes (Argentina) eta Mauro Colagreco (Argentina/Frantzia).

Limako T’impuy ekitaldiaren esparruan jakinarazi da irabazlea nor den. Peruko Unibertsitate Pontifikal Katolikoan (PUCP), egin da iragarpena, eta gastronomiak duen irismenaz eztabaidatu eta sakondu da, nazioartean izen handia duten sektoreko figura garrantzitsuekin batera. Bertan, aldi berean, Basque Culinary Center-eko Nazioarteko Kontseiluko chef-ek idatzitako “Etengabe aldatzen ari den gutuna. Eskutitza datozen sukaldariei” aurkeztu da ere.

Irabazlea hautatu ondoren, Basque Culinary World Prize sariketako lehendakari Joan Rocak zera nabarmendu du: “Andrés Torres da BCWP 2024ko irabazlea. Lehen gerrako korrespontsala izan zen, eta gaur elkartasun-kanpainak egiten ditu; horrez gain, jasangarritasun-kode apartak ditu Casanova jatetxean. Epaimahaiak aintzat hartu du ikuspuntu solidariotik egiten duen lan hori guztia, baina baita sustrai eta esentziazko sukaldaritza horretatik ere, bere lana baloratu eta aurtengo edizioko irabazletzat hartzeko. Gainera, beste bi izen handiek laguntzen die. Alde batetik, Giselak Argentinatik lan zoragarria egiten du, eta Ángel León sukaldaria ere, oso ezaguna guretzat, lan sinestezina egiten ari da itsas despentsa horri balioa emateko, eta, bere lanaren bidez, planetako baliabideak zaintzeko beharrezkoa den kontzientzia hedatzen ari da.”

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak azpimarratu duenez, “Basque Culinary World Prize ekimen garrantzitsu bilakatu da, batetik, pertsona eraldatzaileen balioak helarazten dituelako, eta, bestetik, munduan ere zabaltzeko Euskadin ezinbestekoak diren balio horiek. 2016an, Eusko Jaurlaritza eta Basque Culinary Center gaur egun sendotuta dagoen proiektu hori lantzen hasi ziren, eta benetan pozik gaude lortu dugunarekin, egindako ibilbidearekin eta irabazleen, finalisten, parte-hartzaileen eta sarirako izendatutakoen bidez eta aldez aurretik lan egin duten pertsona guztien bidez mundu mailan sortzen eta zabaltzen ari garen ondarearekin. BCWP ekimen baten parte ere bada, Euskadi Basque Country osoko estrategiaren parte alegia, zeina nazioartean posizionatzeko  estrategia bat baita non gure balio guztiak zabaltzen saiatzen baikara: ahaleginaren, konpromisoaren eta ongi egindako lanaren kultura eta, nola ez, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna. Ikuspegi horretatik abiatuta, iruditzen zaigu BCWPk ere lagundu dezakeela mundu justuagoa eta jasangarriagoa lortzen.”

Bestalde, Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendariak adierazi du “Gastronomiak eboluzionatu egiten du, eta testuinguru eta behar berrietara egokitzen da. Gaur egun, inoiz baino gehiago, beharrezkoa da pertsona batzuk kontutan izatea, izan ere, beren talentuaren, lanaren eta, batez ere, beren ekintzen bidez, gastronomia gizarte-eraldaketarako tresna ahaltsua dela erakusten dute. BCWPren bederatzigarren edizioan, aldaketa eta gizarteari egindako ekarpenaren adibideak ikusten jarraitzen du. Edizio honetako Andrés Torres irabazlea, sormenari eta pasioari esker, elikagaien segurtasunaren eta haurren eskubideen alde borrokatzeko gai izan da, pertsona askoren bizitza gastronomiaren bidez aldatuz; eta, horrez gain, sukaldaritza gastronomikoaren iraunkortasunarekin lotutako alderdiak landu ditu. Zorionak, halaber, Gisela Medina eta Ángel León-i, aipamen bereziak. BCWP komunitatearekin bat egin dute, beren lanaren bidez aldaketa biderkatzaile baten inspirazio-iturri diren pertsonek osatzen baitute”.

AIPAMEN BEREZIAK

GISELA MEDINA

Gisela Wadiana Medinak 2017an jarri zuen martxan Red de Cocineros del Iberá edo Iberáko sukaldarien sarea Mburucuyá herrian, Corrientes (Argentina) probintziako hezegune urrun eta erraldoiaren ertzean, eta egitasmo horren bitartez, eskualdeko 80 sukaldari herrikoi prestatu eta gidatu ditu. Horietako gehienak emakumeak izan dira, eta proiektuak xede izan du haien ahalduntzea, Corrientes eskualdeko plater tradizionalak turistei eskaintzea diru-iturri izan dadin haientzat.

Haren lanak erakusten du zenbateraino balio dezakeen gastronomiak komunitate bat garatzeko motor gisa, alfabetatze-indize txikiekin eta baliabide ekonomiko gutxirekin, biztanleei bizimodu bat eskainiz, eta harrotasuna berreskuratuz kultura, identitate, produktu eta sukalde bategatik, denbora luzez bigarren mailakotzat jo baitziren, bisitariei eskaini ezin baitzitzaizkien, eta gaur egun, haien bultzadari esker, lan turistiko ahaltsu eta erakargarri bihurtu baitira.

ÁNGEL LEÓN

Ángel Leónek 3 Michelin izar ditu Cadizko Badian, eta ozeanoa sakon arakatzeko moduak ditu ikergai eta garapen-lerro Aponienten; izan ere, ozeanoko baliabideak arakatu gabeko moduetan erabiltzeko potentziala agerian uzteko egiten du lan, berrikuntzaren eta jasangarritasunaren ikuspegiak baliatuz.  Jatetxearen ingurunea Puerto de Santa Maríako gune degradatu bat da, eta, handik, padurak kontserbatu, berreskuratu eta kudeatzearen alde egiten du sukaldariak, eta aldarrikatzen du estuario abandonatuak bizitza naturalaren altxorra direla: elikagai-iturria eta eskualdearen garapen sozial eta ekonomikoaren akuilua.

Leónek eta bere lantaldeak harrotasunez egiten dute apustu tokiko biodibertsitate paregabearen alde, eta itsasoa dute haien sormen-ikuspegiaren ardatz. Batik bat, aukera eta sukalderako erabilera ezezagunak edo probestu gabekoak dituzten jakiekin aritzen dira sukaldean, jokaleku ernagarrietara eramango dituztelakoan. Halaber, unibertsitateekin nahiz erakundeekin elkarlanean sortutako lan-ildoek, urtez urte, fruituak ematen dituzte: menuko plater bihurtzen dira, edo hitzaldi edo bitxikeria gisa amaitzen dute, baita mota guztietako itsas jakietatik abiatuta egin litekeena erakusten duten apustu bihurtzen ere.

 Hautatze-prozesua

Bederattzi urteetan, 1.250 izendapen eta 42 herrialdetako 850 izendatu baino gehiago aztertu ditu prentsak “Gastronomiaren Nobela” izena eman dion eta nazioarteko prestigiodun akademikoek eta adituek —tartean sukaldari garaikiderik onenetako batzuek— babesten duten sari honek. Gastronomia hainbat arloren motor izan daitekeela —gizarteratzearena, jasangarritasunarena eta hezkuntzarena, besteak beste— erakusten duten mundu osoko chefak izendatzen bi hilabetez jardun zuten industriako eta sektoreko profesionalek eta erakundeek. Basque Culinary Centerrek, berriz, lantalde bat jarri zuen abian, hainbat profil bilatzeko eta egiaztatzeko prozesu sakon bat egin zezan.