- Kanpaina bideo musikal dibertigarri batean oinarritzen da, eta Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sistemako erakunde guztien eskura jarriko da eta eskolako eta prestakuntzako hitzaldietan eta sare sozialetan erabiliko da
- Bideoaren helburua da adingabeek barneratzea 112ra garaiz egindako dei batek biziak salba ditzakeela
112ra garaiz egindako dei batek biziak salba ditzake. Horixe da Eusko Jaurlaritzak 6 urtetik gorako haurrei helarazi nahi dien mezua larrialdi-egoeretan 112 telefonoa behar bezala erabiltzen laguntzeko abian jarriko duen kanpainaren bitartez. Bideo musikal dibertigarri batean oinarrituta dagoen ekimena Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sistemako erakunde guztiekin partekatuko da gaurtik aurrera, ikus-entzunezko materialaren erabilera librea egin dezaten eskolako eta prestakuntzako hitzaldietan eta sare sozialetan.
Bideoan irudi errealak eta animaziokoak konbinatzen dira, eta hainbat arrisku-egoera zuzenean bizi ondoren, hala nola etxeko istripuak, suteak edo osasun-larrialdiak, 112ra deitzen duten bi neska-mutil dira protagonistak.
Bideoan azaltzen da, 112ko operadore baten bidez, nola erantzun funtsezko galderei gertakaria identifikatzeko (zer gertatu da?), non gertatu den jakiteko (non zaude?), pertsona identifikatzeko (nola duzu izena?) eta eragindako pertsona-kopurua zehazteko (ba al dago inor min hartuta?). Gainera, nabarmentzen da garrantzitsua dela erantzun argiak eta zehatzak ematea larrialdietarako zerbitzuak (sutea itzaltzeko zerbitzuak, osasun-zerbitzuak, polizia, …) gertakariaren lekura ahalik eta denbora laburrenean iritsi daitezen.
Gurasoen eginkizuna
SOS Deiak zerbitzuarentzat lehentasuna du adingabeek zuzenean ezagutzea 112ren garrantzia eta funtzionamendua; izan ere, belaunaldi berrien artean autobabesa sustatzeaz gainera, funtsezkoa da garaiz egindako dei batek biziak salbatzen lagundu dezakeela barneratzea.
Alde horretatik, kanpaina gurasoen kolektiboari ere zuzenduta dago. Berez, Eusko Jaurlaritzako larrialdien alorretik erabakigarritzat jotzen dute familiek heziketa-lan horretan bete behar duten zeregina; izan ere, familiek zuzenean irakats diezaiekete 112 behar bezala erabiltzea erabakigarria dela era horretako egoeretan.
Biziak salbatzen dituzten adingabeak
SOS Deiak Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak adingabeak protagonista izan dituzten hainbat esperientzia izan ditu bere historian zehar. 2021ean, Ye Traorek, 10 urteko neskatoak, 112ra deitu zuen ama Gasteizko euren etxean egoera konplexuan eta inolako laguntzarik gabe erditzen zen bitartean.
Neskatoak bere ikastetxean ikasi zuen 112ren funtzionamendua, eta operadoreak eskatutako datuak zehaztasun handiz eman zituen, zentro horrek erregistratutako grabazioan jasota dagoen bezala. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak bere aitorpena adierazi zion Larrialdietako eta Babes Zibileko Merezimenduen Domina emanez.
Duela gutxi, aurtengo ekainaren 12an, eskolatik iritsi berri zen 12 urteko neskato batek 112ra deitu zuen Bilboko familiaren etxetik, amak sukarra zuela, eztarria hazita zuela eta arnasa hartzeko arazo larriak zituela jakinaraziz.
Beste heldurik ez zegoenez, adingabeak azkar eta argi eman zuen oinarrizko informazioa, eta egoeraren deskribapen osoa eman zuen (asmatikoa, Covidak erasandakoa eta arnasa hartzeko arazo larriak zituena). Hori dela eta, Osakidetzako Bizi Euskarri Aurreratuko Unitate batek berehala artatu ahal izan zuen emakumea, Basurtuko ospitalera eraman aurretik.
SOS Deiak zentroaren jarduera
SOS Deiak – Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak, 112 telefono-zenbakiaren bidez, 927.920 dei hartu zituen eta 242.605 gertaera kudeatu zituen 2023an.
Kudeatutako gertaera gehienak larrialdi medikoekin (% 23,37), herritarren segurtasunarekin (% 16,95), bide publikoan hautemandako arriskuekin (% 16,55), pertsonen istripuekin (% 11,59) eta trafiko-istripuekin (% 10,09) lotuta zeuden.
Erantzundako deiei dagokienez, Bizkaian 498.427 dei izan ziren, Gipuzkoan 283.625 eta Araban 145.868.
Bestalde, SOS Deiak Zentroaren APPak, denbora berean, 14.896 deskarga erregistratu zituen eta 789 gertaera kudeatu ziren; eta eCall sistemak, berriz, larrialdietako 2.296 dei sortu zituen eta horietatik 357 gertaera errealei zegozkien.