Donosti Cup Topagunea Alderi Ederren izango da uztaileko lehen astean

Hainbat jolas eta kirol jarduera egingo dira uztailaren 2tik 7ra

Donosti Cup eta Donostia Kirolak indarrak batu dituzte txapelketaren edizio honetan, Alderdi Ederren proiektu berri bat estreinatzeko: Donosti Cup Topagunea. Uztailaren 2tik 7ra bitartean, gune honek publikoari irekitako hainbat jarduera eskainiko ditu, ikuspegi ludiko eta parte-hartzailearekin eta Donosti Cup-en esperientzia berezia eta balioak donostiarrei hurbiltzeko helburuarekin.

Donosti Cup Topagunea soropil handi bat da, eta sei metroko diametroa duen lur-globo bat du buru, Donosti Cupen irismen globala sinbolizatzen duena. Gune deigarri honek Kontxako badiara begira dagoen photocall handi bat, txapelketan emakumeek duten presentziari buruzko erakusketa bat eta futboleko botak elkartasunez jasotzeko gune bat ere baditu, baita astean zehar, 11:30etik 20:00etara, egingo diren jardueren elementu batzuk ere.

Hauek dira Donosti Cup Topagunean gozatu ahal izango diren jarduerak:

Zure golik onena
Erabiltzen ez diren futboleko botak biltzeko ekintza solidarioa, Gazako talde bati emango zaiona.

Donosti Cup in the World
Mosaiko interaktibo bat, photocallera hurbiltzen diren talde parte-hartzaile eta bisitari guztiek momentuan ateratako argazkiekin osatuko dena. Photocall-a osatzen duen harmailak Kontxako badiaren ikuspegi ikusgarriak ditu atzeko oihal gisa.

Donosti Cupeko argazkien erakusketa iraunkorra
Argazki erakusketa honek txapelketaren balioak nabarmenduko ditu irudien bidez. Argazkiak bereziki horretarako diseinatutako euskarri batean egongo dira ikusgai.

Freestyle erakustaldia Javi Sanzekin
Uztailaren 2an, asteartean, 12:00etan, Donosti Cup Topagunearen inaugurazioa Javi Sanz freestyler eta Espainiako txapeldunarekin.

Hiriko ukitu errekorraren bila gabiltza!
Javi Sanz freestylerrak irekiko du erronka hau, kirolari nabarmenen parte-hartzearekin. Adin mugarik gabe, publiko guztia gonbidatuta dago parte hartzera.

VOON: doitasun-jarduerak
Bertaratzen direnek jokalari profesionalek beren entrenamenduetan sentitzen dutena esperimentatu ahal izango dute VOON teknologia aurreratuaren doitasun ariketei esker.

Trebetasun-zirkuitua
Aste osoan zehar hainbat trebetasun joko izango dira, parte-hartzaileek beren trebetasuna proba dezaten.

Txapelketaren garaikurren eta baloiaren erakusketa
Edizio honetan, Donosti Cup-ek diseinu esklusiboko trofeoak, baloia eta botak estreinatuko ditu Joma-ren eskutik, eta Donosti Cup Topagunean ikusi ahal izango dira.