Esneki eta Gazta azoketako ibilbidea hasi dute Esnekigile Elkarteko kideek

Gorbeialdeko Garapen Agentziak ekainaren 2an antolatu zuen I. Esneki eta Gazta Azoka Igorren. Denetariko elikagaiak ekoizten dituzten 15 bat eraldatzailek izan zuten azokan postua, baina horietatik 8 gaztagileak ziren. Zehazki, 6 eskualdetako gaztagilek eta horretaz gain, beste bi gonbidatuk. 8 gaztandegi horietatik 5 ziren Euskal Esnekigileen Elkarteko kideak: Otxauntz, Askibil, Lusuri, Urraki eta Txikiñena. Ardi, behi zein ahuntz esnearekin denetariko gazta mota ugari (onduak, laktikoak, pasta bigunak, urdinak,…) eta esnekiak (jogurtak, esne pasteurizatua eta gurina) eskaini zituzten.

Salmentarako postuak egoteaz gain, gazta dastaketa saioak antolatu ziren, azokan parte hartu zuten ekoizleen gaztak aprobetxatuz, kontsumitzaileen artean gaztaren eta esnekien kontsumoa sustatzen kultura zabalduz. Dastaketa saio horiek Leartiker Esneki Zentroak gidatu zituen.

Giro oso ona egon zela aipatu izan dute bai antolatzaile, ekoizle zein kontsumitzaileek ere. Salmentak ere ondo joan ziren eta, ondorioz, antolatzaileek, azokaren lehen edizioko arrakasta ikusirik, datorren urtean bigarren edizio bat antolatzeko asmoa berretsi dute.

Horrela, Euskal Esnekigileen Elkarteko kideek hasi dute azoketako ibilbidea, ekoizpenari eta merkaturatzeari bultzada emateaz gain, Euskal Herriko esnekien aberastasuna erakutsiz han-hemen.