Bingen Zupiria Segurtasun Sailburuak gaur goizean Euskadi Irratiko Faktoria saioan eskaini duen elkarrizketa batean baieztatu duenez, «Euskadi munduko lekurik seguruenetako bat da, euskal herritarren % 90ek hala uste dute inkesten arabera», baina aitortu du «segurtasuna gero eta kezka handiagoa sortzen duen gaia dela eta erantzun bat eman behar diogula». Hala, segurtasun gutxiagoko egoera horiek, batez ere, «hirietako puntu zehatzetan» gertatzen direla zehaztu du, eta, horregatik, nabarmendu duenez «beharrezkoa da Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arteko koordinazio berezia, prebentzioan eta, delitua gertatzen denean, jarraipenean lan eraginkorra egin ahal izateko».
Ildo horretan, Euskadik behar duen segurtasun ereduari dagokionez, Sailburuak nabarmendu du egungo egoerei eta baldintzei erantzuten jakin behar duela; izan ere, adierazi duenez, «delitu berri batzuk daude, hala nola ziberdelinkuentzia edo eraso matxisten hazkunde oso nabarmena, eta horrek, kezkatzeaz gain, emakumearen oinarrizko eskubideak urratzen ditu». Nabarmendu duenez, «ez gaude ohituta ziberdelinkuentzia-delituetara, ezta gure artean dauden pertsonak labanekin edo aihotzekin kalera ateratzera ere, eta ez gaude ohituta sexu-askatasunaren aurkako delituengatik hainbeste salaketa egotera».
Ertzaintzaren egoera
Elkarrizketan zehar, Segurtasuneko sailburuak Imanol Pradales lehendakariak karguaren hasieran helarazi zion enkarguetako bat partekatu du. «Ertzaintza eta Segurtasuna gure autogobernuaren ezaugarri garrantzitsuenetako bat direla gogorarazteko eskatu zidan». Ertzaintzaren egoerari eta bere baldintzen negoziazioei dagokienez, Segurtasuneko sailburuak iragarri du sindikatuekin bilerak egiten ari dela akordioak lortzen saiatzeko.
Era berean, nabarmendu du Segurtasun Sailak egiten dituen jardueren % 80k Ertzaintzarekin eta babesarekin zerikusia dutela, baina Bingen Zupiriak zehaztu du hainbat faktorek osatzen dutela esparru hori, eta horien artean aipatu ditu trafikoa, meteorologia eta jokoak eta ikuskizunak. «Oporraldian, 1,9 milioi ibilgailuk zeharkatu dute muga, eta, azken egun hauetan, asko izan dira tenperatura altuengatik eman diren alertak», azaldu du.
Horregatik, bere sailarekin zerikusia duten bi eskumen transferitzea eskatu du: meteorologia eta itsas salbamendua. Zupiriak azaldu duenez, bi gai horiek «Ministerioari planteatuta daude».