Euskadiko eskola-umeen aho-hortzen osasunak azken hamarkadetan lortutako hobekuntza sendotu du

  • Euskadiko V. Ikerketa Epidemiologikoaren arabera, 7 urteko haurren artean txantxarra erdira murriztu da, eta txantxarrik ez duten eskola-umeen ehunekoa bikoiztu egin da 12 urtekoen artean eta hirukoiztu 14 urtekoen artean
  • 2023an dentistarengana joan ziren 12 urtetik 14 urtera bitarteko 10 eskola-umetatik ia 9k erabili zuten Eusko Jaurlaritzaren Haurren Hortzak Zaintzeko Programa (PADI), eta 1990. urtetik urtean 200.000 neska-mutil artatzen ditu
  • Aurtengo udazkenean, gainera, 0 urtetik 6 urtera bitarteko haurrak aho-hortzen osasun-zerbitzuen zorroan sartzea aurreikusten du Osakidetzak

EAEko haurren aho-hortzen osasunak hobekuntza esponentziala izan du 1988an egin zen lehenengo ikerketa epidemiologikotik bosgarren eta azken ikerketara, 2023ra artekora (*).

Halaxe egiaztatu du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak egin duen Euskadiko Aho-hortzetako Osasunaren V. Ikerketa Epidemiologikoak. Ikerketa horretan iaz 4.978 eskola-ume aztertu ziren, eta azken 35 urteetako haurren aho-hortzen osasunaren adierazleen bilakaera erakusten du.  Laburbilduta:

TXANTXARRA

  • 7 urtekoen artean, behin-behineko hortzetako txantxarrak nabarmen egin du onera. Zehazki, prebalentzia 1988ko % 63tik 2023ko % 35era jaitsi da.
  • Hortz iraunkorretako txantxarrak ere nabarmen egin du behera. Txantxarrik ez zuten ikasleak % 31 ziren 88. urtean eta % 74 2023an 12 urtekoen taldean; aitzitik % 18tik % 67ra igo da 14 urtekoen taldean.
  • 5 urtekoen taldea lehenbiziko aldiz sartu da ikerketan, eta 10 eskola-umetatik 7k ez dute txantxarrik.

HORTZOIEN OSASUNA

  • Hortzoien osasunak adin-talde guztietan egin du onera 1988tik. Gaur egun hortzoien osasun ona dute 7 urteko eskola-umeen % 90ek, 12 urtekoen % 64k eta 14 urtekoen % 56k.

DENTISTARENGANA JOATEA

  • 7 urteko 2 eskola-umetatik 1 joan da dentistarengana azken urtean, eta kopuru hori % 85ekoa eta % 88koa da 12 urteko eta 14 urteko eskola-umeen kasuan, hurrenez hurren.

LEHENGORATZEKO ARRETA

  • Lehengoratzeko arretak nabarmen egin du gora 12 eta 14 urtekoen hortz iraunkorretan, eta behin-behineko hortzen kasuan lehengoratze-adierazleak oso baxuak dira.

HORTZAK GARBITZEA

  • Eskola-umeen % 63-76k (% 63k 5 urterekin eta % 76k 12 urterekin) gutxienez egunean bi aldiz garbitzen dituzte hortzak.

HORTZETAKO FLUOROSIA

  • Euskadin, hortzetako fluorosia ez da osasun publikoko arazoa, eta erasan arinaren edo moderatuaren zifrak oso baxuak dira.

(*) Txostena 10 urtean behin egiten da, nahiz eta kasu honetan Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Osasun Publikoaren Zuzendaritzak aurrekoa egin zenetik 5 urtera egitea erabaki duen; izan ere, aho-hortzetako zerbitzuen zorroa zabaltzeko planak haurren adin-talde berriak sartzea aurreikusten du, eta horrek hemendik aurrera jarraibide estatistikoak aldatzea dakar.

PADI PROGRAMA

Eusko Jaurlaritzak 1990ean abian jarritako Haurren Aho-Hortzak Zaintzeko Programa Euskadiko aho-hortzetako osasunaren bilakaera positiboa azaltzen duen gakoetako bat da. PADIk urtean 7 urtetik 14 urtera bitarteko 200.000 neska-mutil inguru artatzen ditu dohainik urtean (hortz iraunkorrak), eta, horretarako, Euskadiko Odontologo eta Estomatologoen Elkargo Ofizialen laguntza du. Asistentzia-dispositiboa Euskadiko 100 udalerritan baino gehiagotan banatuta dauden milaren bat dentistak eta Osakidetzako 24 kontsulta espezializatuk osatzen dute.

Euskadiko Aho-Hortzetako Osasunaren V. Ikerketa Epidemiologikoaren arabera, dentistarengana joan diren 12 urtetik 14 urtera bitarteko eskola-umeen % 86-87k erabili dute PADI programa. Datu horrek garrantzi berezia du kontuan hartzen badugu 35 urte hauetan bata bestearen atzetik egindako txostenek egiaztatzen dutela hainbat determinatzailek, hala nola sexuak, maila sozialak, okupazionalak, gurasoen jatorriak, bizilekuko populazioaren tamainak edo hortzak garbitzeko maiztasunak zerikusia dutela txantxarraren batez besteko eragin-indizeekin.

PADIk artatzen dituen hortz iraunkorrez gainera, Osakidetzaren asmoa da aurtengo udazkenean sartzea 0 urtetik 6 urtera bitarteko haurrak (lehenengo hortzak edo esne-hortzak) bere zerbitzuen zorroan. Haurtzaro goiztiarrean esku-hartze minimoaren printzipioa ezartzen denez, ondorengo adinetan baino ekintza sinple eta ez hain traumatikoak eginez, arreta hori osasun-zentroetako hortz-kontsultetan bakarrik emango da, eta Osakidetzako 13 Erakunde Sanitario Integratuetako hortz-unitate guztiek eskainiko dute, beraz, zerbitzu hori.

Iaz Euskal Osasun Sistema kolektibo berriak sartzen joan zen aho-hortzetako osasun-zerbitzuen zorro berrian: 2023ko urtarriletik, hortz iraunkorrak arriskuan dituzten edo txantxarra zuten 5-6 urteko haurrei PADI programako jarduerak ezartzen zaizkie Osakidetzako hortz-unitateen; maiatzean haurdunaldirako prebentzio-jardueren hedapena osatu zen; eta onkologiako pazienteentzako hortz-prestazioak, berriz, aurretik aplikatzen ziren Euskal Osasun Zerbitzuaren kontsulta publikoetan.