Donostiarrek berea egin dute Aste Nagusi bikain bat

Donostiako alkateak parte hartzea eta giro ona azpimarratu ditu, baita jai programa ezuste larririk gabe bete izana

Aste Nagusia amaitu da eta bikaina izan dela esan daiteke, Udalak jaien azken egunaren ostean egindako lehen balantzean.

Programa ia osorik bete da eta jardueratan hiritarren partehartze handia egon da. Gainera, ez da jaien inguruko ezbehar handirik gertatu, eta alaitasuna eta umorea izan dira nagusi. Horiek horrela, Donostiako alkate Eneko Goiak esan du “pozik egoteko moduko udako jai astea” izan dela.

Nahiz eta lehengo igandean eguraldiak ez zuen lagundu eta enbataren ondorioz su-artifizialak bertan behera gelditu ziren, alkatearen iritziz, gainerako egunetan izandako jai giroa ederra izan da.

Orohar, lehen datuei begiratuta, eta udan osoan gertatzen ari den bezala, jende asko gerturatu da, baina beste urte batzuetan baino gutxiago. Eneko Goiaren ustez, hainbat arrazoi egon daitezke horren atzetik, “besteak beste, Eurokopa eta Joku Olinpikoak bezalako nazioarteko ekitaldiak, eguraldi aladakorrak, edota pandemiaren ondorengo bi urteetan bisitari kopuru gehiago izan dela”.

Alkatearen aburuz, antolatutako ekintzetan partehartze bikaina egon da, “eta horrek erakusten du hiritarrek berea egin dutela jaia, eta ondorioz, Aste Nagusia inork galdu nahi ez duen hitzordu arrakastatsua dela”.

Su-artifizialen nazioarteko lehiaketa izan da partehartze gehien izan duen jarduera. Gutxi gorabehera 585.000 pertsonek disfrutatu bait dute astean zehar jaurti diren su artifizialekin. Abuztuaren 14a, 15a (lehiaketa irabazi zuen Pirotecnia Valencianaren eguna) eta 16a izan ziren lehiaketako ikusienak. Guztira, 80.000 pertsona inguru bertaratu ziren gaueko, eta piromusikaleko gauak bakarrik gainditu zituen, gutxi gorabeherako kalkulua 95.000 pertsonakoa baita.

Horrekin batera, Sagueseko kontzertuek milaka lagun bildu dituzte astean zehar:

  • La Love You (12.000 ikusle)
  • Nil Moliner (9.000 pertsona)
  • Esne Beltzak eta Totally Tina (8.000)
  • Nogen eta Los Zigarros (7.000)
  • Amparanoia eta Los Artistas del Gremio (4.500)
  • Ben Yart-Kiliki Frexko-La Brava Showcase (3.000)

Guztira, 58.500 ikusle inguru hurbildu ziren agertokira musikaz eta dantzaz gozatzera.

Era berean, jende asko bildu da Kursaaleko programazio berrian (11.250 lagun kontzertuetara eta gaueko DJetara), Boulevardeko musika-ikuskizunetan (13.450 lagun inguru arratsaldeko banden kontzertuetara eta gaueko musika-taldeetara), Easo plazan (8.550 pertsona bertsolarien eta berbenen artean) eta Konstituzio plazan (10.700 ikusle), baita herri kiroletako hitzorduetan ere (2.000 pertsona).

Pasealeku Berriko azoka-esparrua edo txikienentzako azoka-gunea ere pertsonen etengabeko bertaratzearen adibide argiak izan dira. Piraten Abordaia ere gazteen artean arrakasta gehien duen hitzorduetako bat da.

III. Dantz Pont Aste Nagusia, Miramar Jauregiko lorategietan 12:00etatik 22:30ak arte luzatutako ordutegiarekin ospatu da, oso arrakastatsua izan da, egunean zehar 6.000 pertsona inguru bertaratu baitira.

Harrera ona izan dute, halaber, Urumeako ibai-pasealekuek edota Optimist bela-untzian estropadak ibaian. Donostiako auzoetako hainbat puntutan kokatutako lehiaketa gastronomikoei dagokienez, txipiroiak tintan, marmitakoa, paella, legatza edo familienak jaiei ukitu herrikoia eman diete. 350 lagunek parte hartu zuten lehenengo aldiz emakumezkoek bakarrik buruturiko bertso saioan.

Aste honetan, gainera, beste kirol-ekitaldi batzuk ere izan dira, hala nola Donostiako Klasikoa edo Hipodromoko Urrezko Kopa. Herritarrak kalera irten ziren txirrindulari guztiak animatzera, eta hipodromora joan ziren familian giro ederreko arratsaldeaz gozatzera.

«Etxeko beste Aste Nagusi bat, donostiarragoa, non berriro ere donostiarrek eta bisitatzen gaituzten askok izaera alaia erakutsi duten, kaskariña, programatutako jarduera guztietan parte hartuz eta gure udako jaietako giro atseginaz gozatuz», adierazi du alkateak.

Segurtasuna

Segurtasunari buruz, alkateak azpimarratu du emakume batek ostiralean goizaldean izandako zorigaiztoko istripua, kaitik arroketara erorita. Emakume gaztea lehenbailehen osatzeko desioa luzatu du eta familiari babesa helarazi dio. Gertakari horrez gain, Goiak esan du Aste Nagusia amaitu dela gertakari larririk gabe.

Ertzaintzak eta Udaltzaingoak 105 atxiloketa egin dituzte guztira, eta ehunka jarduera kudeatu dituzte, gehienak lapurretak, borrokak edo erasoak. Zehazki, astean zehar 359 delitu zenbatu dira, eta gehienak diru-zorro, telefono mugikor edo bestelako objektuen ebasketak izan dira.

Goiak Udaltzaingoak eta Ertzaintzak egin duten ahalegin handia azpimarratu nahi izan du, kalean agente asko jarriz hiri osoan segurtasuna ahalik eta gehien bermatzeko.

Dbuseko bidaien errekor historikoa

Dbusen autobusen erabilera masiboa izan da 2024ko Aste Nagusian. Abuztuaren 10etik 17ra, Dbusen autobusetan egindako bidaien behin-behineko kopurua 804.242 bidaiakoa da, hau da, 2023an erregistratutako 769.121 bidaiekin alderatuta % 6ko igoera. Are gehiago, 2010ean erregistratutako 800.945 bidaiak gainditu ditu, eta Donostian garraio publikoa inoiz baino gehiago erabili da.

Oraindik behin-behinekoak diren zifra horiekin, Dbuseko autobusak izan dira berriro ere Donostiako jaietan gehien erabiltzen den garraiobide publikoa.

2024ko Aste Nagusian gehien erabili diren egunak abuztuaren 14a (asteazkena), 116.819 bidaiarekin; abuztuaren 16a (ostirala), 114.356 bidaiarekin; eta abuztuaren 12a (astelehena), 109.122 bidaiarekin.

Langileak eta boluntarioak

Halaber, Donostiako alkateak eskerrak eman dizkie udal langile guztiei, baita jaien antolaketan laguntzen duten boluntario guztiei ere, ia 400 ekitaldietan egin duten lanagatik.

Horiek horrela honakoa esan du: “Aste Nagusia aste konplexua, bizia da. Ekitaldi asko daude aldi berean, eta xehetasun asko ondo lotzeko. Udal langileen lanari esker, baita jarduerak antolatzen dauden enpresen langile eta boluntarioei ere, posible da Aste Nagusia aurrera aterazea. Arrakasta beraiena da”.