Hasi dira aireztapen-putzua induskatzen Donostiako Easo eta San Martinen arteko elkargunean

Lanak egiten diren bitartean errei bat irekita egongo da ibilgailuen trafikorako

Irailaren 9tik, aurrera, Euskal Trenbide Sareak Topoaren trenbide-saihesbide berriaren Erdialdea Kontxa geltokiaren nasa azpiko aireztapen-putzua hondeatzeko faseari ekingo dio. Easo eta San Martin kaleek bat egiten duten tokian lanak hasteak galtzadaren zati bat okupatzea ekarriko du, baina lanak egiten diren bitartean errei bat irekita egongo da ibilgailuen trafikorako eta garraio publikorako.

Mugikortasun Jasangarriko Sailaren esku dagoen erakunde publikoak aldez aurreko lanak egingo ditu lehen astean, hala nola seinaleztapen bertikala edo zintarriaren jaitsiera. EBA aireztapen (Nasa Azpiko Erauzketa Sistema) putzua hondeatzeko, “Raise boring” metodoa erabiliko da, harrian putzuak era bertikalean eraikitzeko sistema.

Iraupena

Hasiera batean lanetarako aurreikusitako epea 34 astekoa izango da, beraz, 2025eko udaberrira arte luzatuko dira.
Lanen ordutegia Donostiako Udalarekin adostu da, eta, ezinbesteko kasuetan izan ezik, 08:00etatik 18:00etara egingo dira.

Informazio gehiago

  • Topoaren obrei buruzko Herritarrentzako Arreta Bulegoa (Amarako geltokia)
  • Posta elektronikoa: [email protected]
  • Telefonoa: 943 50 43 56