Europako Mugikortasun Asterako egitarau zabala antolatu da Donostian

Jarduerak irailaren 16tik 22ra bitartean egingo dira

Donostiako Udalak, hainbat kolektiborekin batera, programa zabal eta askotarikoa antolatu du Europako Mugikortasun Asterako, irailaren 16tik 22ra bitartean hiriko hainbat tokitan egingo dena.

Europako Batzordeak 2024ko kanpainarako aukeratu duen gaia «Espazio Publiko Partekatua» da, eta ekimenaren leloa, berriz, «Konbinatu eta mugitu zaitez!»

Olatz Yarza Mugikortasun zinegotziak nabarmendu duenez, «aurtengo Mugikortasunaren Europako Astearen gaia ezin hobeto uztartzen da Donostia, azken urteotan, hiri-espazioak berreskuratzeko egiten ari den lanketarekin, mugikortasun aktiborako edo herritarren gozamenerako. Denborak aldatu egin dira, eta garrantzitsua da gogoeta partekatua egitea espazio publikoaren erabilerari buruz eta mugikortasunak zentzu horretan duen eraginari buruz. ”

Yarzak azpimarratu duenez, “aurtengo ediziorako programatutako jarduerak, hain zuzen ere, herritarrok gaiari buruz hausnartzeko espazioak aurkitzera bideratuta daude, garraio-aukera berriak probatuz edo ezagutzen ditugunei buruz gehiago ikasiz. Horregatik, donostiar guztiak animatu nahi ditut ekitaldietan parte hartzera eta mugikortasun aktibo, seguru eta jasangarria bultzatzera.”

Gustu guztietarako jarduerak

Mugikortasun Astea astelehenean, irailak 16, 19:00etan hasiko da Ibaetan Donostiarollerren eskutik. Patinekin lotutako beste 2 ekitaldi egingo dira astean zehar elkarte horren eskutik. Hala, hilaren 18an, asteazkena, ohiko ibilbideak egingo dira hirian zehar, Ibaetako Carlos Santamaria plazatik abiatuta, bidegorritik 18 km eginez. Bestalde, gaueko ibilbide bat antolatu da ostiralerako, irailaren 27rako. Gaueko hitzorduan Rollers eta Bizikletentzako prestatu da, hirian zehar 10 kilometroko ibilbidea egiteko.

Irailaren 17an, asteartea, eta 19an, osteguna, bizikletak konpontzeko lantegiak egingo dira EHUren eta Kalapieren eskutik. Kalapiek, gainera, beste aisialdi-jarduera batzuk gidatuko ditu, hala nola Donostia-Aginaga irteera eta familia osoarentzako jarduera-jardunaldi bat, hilaren 22an, igandea, Alderdiederren.

Asteartean bertan EHUk Donostiako hiri-espazioei eta emakumeen mugikortasunari buruz irailean eta urrian City4all aplikazioaren bidez lortutako ondorioak aurkeztuko ditu. Carlota Jauregi doktoregaiak gidatu du ikerketa.

Ostegunean, hilak 19, eta larunbatean, hilak 21, hainbat jarduera prestatu dira Dbuseko gidariek batez ere birak edo bestelako maniobrak egiteko orduan dituzten angelu hilen inguruan sentsibilizatzeko; baita oinezkoen, txirrindularien, motorzaleen eta ibilgailu pribatuetako gidarien ardura eta arreta lortzeko ere, guztion segurtasuna bermatzeko.

Ostiralean, hilak 20, bide-segurtasuneko jardunaldi bat egingo da, «100 aldiz begiratu» lelopean, bereziki adinekoei zuzenduta eta bide-ezbeharrak prebenitzeko, Eusko Jaurlaritzarekin batera antolatuta.

Aurten Parking Day eguna irailaren 20an, ostirala, egingo da hiriko hainbat tokitan, Cristina Enea Fundazioaren, Musika Eskola eta Dantzaren eta Mugikortasun Sailaren eskutik. Mundu mailako korronte bat da ibilgailu pribatuentzako lekua murriztea eta pertsonentzako espazio publiko gehiago eskatzen duena. Jardunaldian zehar, erakunde desberdinek jarduerak egingo dituzte hainbat auzotako aparkalekuetan; horien artean, hiriko ingurumen-ekintzei buruzko informazioaren zabalkundea edota Musika eta Dantza Eskolaren kontzertu bat.

Dbizi

Programatutako jarduerez gain, bizikletaren eta garraio publikoaren erabilera sustatzeko helburuarekin, Dbizik fideltasuna sarituko du eta Mugikortasun Astean gehien erabiltzen duten pertsonen artean datorren urterako 5 abonu zozkatuko ditu.

Hiriko bizikletaren gida
Udalak «Hiriko bizikletaren erabiltzaileentzako gida praktikoa» argitaratu du, Kalapierekin lankidetzan; Kalapie kolektiboaren beraren eta Dbizi bizikleta publiko zerbitzuaren bidez banatuko da, baita udalaren webgunearen bidez ere.

Europako Mugikortasun Astea

Mugikortasun Astea da Europako Batzordeak hiri mugikortasun jasangarriari buruz egiten duen sentsibilizazio kanpaina nagusia, eta helburu bikoitza du: batetik, Europako tokiko agintariak garraio jasangarriaren aldeko neurriak sustatzera animatzea, eta bestetik, herritarrak ibilgailu pribatuaren ordezko beste aukera batzuk probatzera animatzea, garraio publikoa eta beste garraio aukera garbi eta adimendun batzuk erabiliz.

Aurten, Mugikortasunaren Europako Asteak gonbidapena egiten digu kolektiboki erabaki dezagun nola partekatu gure espazio publikoa, modu seguru eta erosoan mugitu ahal izateko ingurune atsegin batean, bereziki oinezkoak eta txirrindulariak.

Espazio publiko partekatuak izatea oso onuragarria da gizartearentzat. Pertsonen, garraio modalitateen eta jardueren espazioak bereizita daudenean, handiagoak izango dira gizarte ekitatea eta bide segurtasuna, txikiagoak zarata eta airearen kutsadura, eta hobea bizi kalitatea.