Donostiarren %94 pozik dago Donostian bizitzearekin

Azterlana, Donostiako 2030 Plan Estrategikoaren jarraipen-lanen barruan kokatua dago, eta hiritarrek beren hiriari buruz duten sentimendua eta balorazioa egiaztatzeko tresna da.

Donostiako alkate Eneko Goiak eta Estrategia Bulegoko zuzendari Kepa Kortak maiatzetik uztailera bitartean egindako Herritarren Pertzepzio Inkestaren emaitza jakinarazi dute. Data Key enpresak 16 eta 84 urte bitarteko pertsonei egindako 1.213 inkesten gainean egin du azterlana, Donostiako 2030 Plan Estrategikoaren jarraipen-lanen barruan kokatua. Herritarrek beren hiriari buruz duten sentimendua eta balorazioa egiaztatzeko tresna da, eta dituzten ikuspegiak eta erronkak azaltzen ditu. Balorazio horren bilakaera aztertzeko aukera ere ematen du, aurretik egindako inkestekin (2005, 2008 eta 2017) eta Europako beste hiri batzuekin alderatuta.

Hirian bizitzearekiko gogobetetasuna

Laginaren emaitzak orokortuz gero, esan dezakegu donostiar gehienek (% 94) diotela pozik edo oso pozik daudela Donostian bizitzearekin, eta ehunetik zazpi bakarrik oso gutxitan edo inoiz ez daudela pozik horrekin.

Azpiegiturak eta ekipamenduak

Guztien gainean, garraio publikoak lortu du baloraziorik onena, % 85,2ko gogobetetze-indizearekin. % 80tik gorako gogobetetasun-balorazioak dituzte hezkuntza-sareak, kirol-ekipamenduek, kultura-espazioek, bidegorri-sareak eta ongizaterako eta gizarte-laguntzarako zerbitzuek.

Asebetetze-maila apalagoa duten ekipamenduen artean daude auzoko eraikinen eta kaleen egoera eta hiriaren zaintza eta kontserbazioa; baloraziorik txarrena izan duen alderdia osasun eta ospitale laguntza izan da.

Hiriaren etorkizuneko proiektuak

Donostiarrek ematen dieten garrantziagatik, erronka hauek nabarmentzen dira: auzoko merkataritza biziberritzeko eta babesteko neurriak (% 98,5), enpresa berritzaileak eta ikerketakoak erakartzea (% 98,4), hiria adinekoekin adeitsuago izateko neurriak (% 98,4) eta etxebizitza lortzea posible izatea, bereziki gazteentzat (% 98,1).

Garrantzi gutxienekotzat jotzen den proiektua Topoaren linea igarobidearekin eta Benta-Berri eta Erdialdeko / Kontxako geltoki berriekin osatzea da (% 56,0). Hala ere, 2017an ere sartu ziren proiektuei dagokienez, Topoaren linea osatzea da garrantzi gehien irabazten duen proiektua (+% 7).

Ingurumena

Ingurumenarekin lotutako zortzi alderdirekiko gogobetetasuna ebaluatu da, eta, guztien gainetik, hau gelditu da: uraren kalitatearen asebetetze-maila, ia ahobatezkoa (% 96,6). Gero, bi alderdik balorazio oso onak lortu dituzte: garraio publikoak (% 85,2) eta bidegorri-sareak (% 80,7). Haiengandik oso hurbil, zaborrak gaika biltzeko sistema eta hondakinak bildu eta birziklatzeko garbiguneak.

Ingurumenarekin pozik edo oso pozik dauden pertsonen ehunekoa txikiagoa da alor hauetan: kaleen garbiketa (% 68,3), klima-aldaketaren aurka borrokatzen duen hiri jasangarria (% 64,6) eta zarata-maila (% 63,5).

Gogobetetze-maila pertsonala

Herritarrek beren egoera pertsonalarekiko gogobetetze-mailaren berri ematen duten lau adierazleak maila handietara edo oso handietara iristen dira. Hauek dira: daramatzaten bizitza (% 90,2), bizi diren ingurunea (% 88,3), egoera profesionala (% 83) eta finantza-egoera (% 83,6).