Idoia Fernandez, REDU Unibertsitate Irakaskuntzako Sareko lehendakari berria

Idoia Fernandez, Bilboko Hezkuntza Fakultateko irakaslea. | Argazkia: Laura López. UPV/EHU.

Idoia Fernandez Hezkuntza Zientziak Saileko irakaslea REDU Unibertsitate Irakaskuntzako Sareko presidente aukeratu dute Valentziako Unibertsitate Politeknikoan egindako batzarrean.

«Zuzendaritza Batzorde berrirako bederatzi laguneko taldea osatu dugu, irakaskuntzaren esparruan oso garrantzitsuak diren unibertsitateetatik datozenak eta hainbat esperientzia eta proiektutan aldez aurretik parte hartu dutenak. Erronka horri ilusioz eta konpromisoz helduko diogu, eta oso argi izango dugu ahalegina egin behar dela unibertsitateko irakaskuntza ikerketan eta ebidentzia zientifikoan oinarritu dadin, nazioartean gertatzen ari den bezala. Unibertsitateak eta haien prestakuntza-, ebaluazio- eta kalitate-zerbitzuak, bai eta esparru horren ardura duten pertsona akademikoak ere, gure aliatu naturalak izango dira», azaldu.

Fernandezek esperientzia luzea du goi-mailako hezkuntzako aldaketa- eta hobekuntza-prozesuen ikerketan eta kudeaketan. SAE-HELAZ Hezkuntza Aholkularitza Zerbitzuko zuzendaria (2010-2017) eta UPV/EHUko Berrikuntza, Gizarte Konpromiso eta Kultur Ekintzako errektoreordea (2017-2021) izan da. International Society for the Scholarship of Teaching and Learning (ISSOLT) erakundeko Europarako presidenteorde 2016-2017an, eta gaur egun Unibasq Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziaren Gobernu Kontseiluko kidea da. IkasGaraia: Hezkuntza, Kultura eta Garapen Akademikoa ikerketa taldeko kidea da.

2013tik REDUko kidea izan da, eta izen bera daraman aldizkari zientifikoaren argitalpen-taldeko kidea. Javier Paricio eta Amparo Fernández-Marchekin batera, Irakaskuntzaren Garapen Akademikorako Markoaren (gaztelaniaz MDAD) egilea eta MDAD Campusa: hezkuntza-aldaketarako lidergoa unibertsitateetan izeneko jarduneko zuzendaria izan da, zeinean hamaika unibertsitatek eta erantzukizun instituzionalak dituzten  akademiko eta hezkuntza-garatzailek parte hartu baitute.

REDU Unibertsitate Irakaskuntzako Sarea

REDU irabazi-asmorik gabeko elkartea da. 80ko hamarkadaren amaieran lantalde gisa sortu zen, bere interes nagusiak unibertsitateko irakaskuntzaren kalitatea hobetzea eta goi-mailako hezkuntzaren garapen akademikoa bultzatzea izanik. UPV/EHU bazkide instituzional aktiboa da duela bi hamarkadatik, eta sare honen hainbat kongresuren egoitza izan da.

REDU-k 45 unibertsitate bazkide ditu gaur egun, bai eta hainbat ikerketa-talde eta, indibidualki aritzen diren irakasle eta ikertzaile ugari ere, goi-mailako hezkuntzan eta unibertsitateko irakasleen irakaskuntzaren garapen akademikoan berrikuntza- eta ikerketa-ekimenak lantzen eta garatzen dituztenak.

Ideia bat du abiapuntu: unibertsitateko irakaskuntza ona zeregin konplexua dela, eta erakundeen, irakasleen eta ikasleen ahalegin koordinatua behar duela. Horretarako, politika akademikoak sustatu behar dira, irakasleen prestakuntza eta garapen akademikoa, hezkuntza-berrikuntza eta irakaskuntzari buruzko ikerketa bultzatzeko.

REDU 27 herrialde biltzen dituen International Consortium for Educational Developement ICED (https://icedonline.net/) erakundearen parte da. 2026an ICEDek bere hurrengo kongresua egingo du REDUrekin eta Salamancako Unibertsitatearekin lankidetzan.

  • Lehendakaritza: Idoia Fernandez Fernandez (Euskal Herriko Unibertsitatea).
  • Idazkaritza: Max Turull Rubinat (Bartzelonako Unibertsitatea)
  • Diruzaintza: Manel Fandós Garrido (Universitat Rovira i Virgili)
  • Batzordekideak: Francisco Javier Hoyuelos (Burgosko Unibertsitatea); María Ripollés (Jaume I Unibertsitatea); Mònica Feixas (Zurich University of Teacher Education); Macarena Trujillo (Valentziako Unibertsitate Politeknikoa); José Luis Padilla García (Granadako Unibertsitatea); Noelia Ibarra (Valentziako Unibertsitatea).