Tesia 2022an aurkeztu zuen eta Maite Maguregui Hernandok zuzendu zuen, IBeA Euskal Herriko Unibertsitateko Ikerkuntza eta Berrikuntza Analitikoaren taldeko kideak. Talde hori Kimika Analitikoko saileko kideek osatzen dute nagusiki eta hainbat jarduketa arlo lantzen dituzte, besteak beste, Kultur Ondarea, diagnostikoaren, birgaitzearen eta material berrien arloan. Hain zuzen ere, arlo horretan dago espezializatuta Silvia Pérez.
Silvia Pérez ikertzaileak adierazi du IBeAko ikertzaileekin harremanetan jarri zela bere tesia egiteko, “azterketa tresna eramangarri eta laborategiko tresna asko dituztelako eta askotan artelanen azterketak lekuan bertan egiten dituelako”. Pinturarekiko duen interesagatik aukeratu zuen gai hori, arlo liluragarria iruditzen zaiolako eta bere kimikako prestakuntzarekin lotuta dagoelako: “pigmentuen hondatze eta eraldaketa prozesuak eraldaketa kimikoak dira”.
Saritutako lanean Ponpeiako parke arkeologikoko hormetako pinturen hondatzea aztertu du. Zehazki, zinabrioak ingurumen baldintza jakin batzuetan zer portaera dituen aztertu du. Nola kontserbatu eta nola hondatzen den. Silvia Pérezen arabera, “kasu batzuetan, oso ondo mantendu da, esaterako, Ponpeiako Ministerioaren villako horma batzuetan, baina erabat hondatu daiteke baita ere eta itxura beltza hartu, tesian aztertu genuen Amorini Dorati etxeko G exedraren kasuaren moduan”.
Oro har Ponpeiako hormetako pinturen eta zehazki zinabrio gorriaren kontserbaziorako mehatxuak ebaluatzeko, tesiak bi zati ditu: lehenengo zatian “hiria suntsitu zuten material piroklastikoen (sumenditik eratorriak) azterketa xehea eta material horien haluroen kargak kontserbazioaren egoeran duen eraginaren ebaluazioa” egin du. Eta bigarrenean, Ponpeiako zinabrioaren mineral izaera ezagutu, hondatzea bertatik eta laborategian aztertu eta eraldaketa hobeto ulertu nahi izan du, zahartze azeleratuen bidez.
Silvia Pérezek ezin izan zuen azterketa kanpainetan parte hartu lekuan bertan, COVIDaren ondorioz, baina Ponpeiako parke arkeologikoko hiru etxetan, hots, Marcus Lucretiusen Etxean, Ariadnaren Etxean eta Amorini Doratiren Etxean, kontserbatzen diren hormetako pinturetatik aurreko urteetan hartutako datuak aztertu zituen. Gainera, IBeA taldearen laborategietan ere garatu zuen kana, hormetako pinturaren laginak aztertuz eta zinabrioaren probetak zahartuz, pigmentuaren zahartzeko moduak aztertzeko.
Kimikako Espainiako Errege Elkartearen barruan dago kultur ondarea aztertzeko eta kontserbatzeko kimikan espezializatutako lantaldea eta talde horrek eman dio saria Silvia Pérezen tesiari: “Red cinnabar blackening in the mural paintings of Pompeii: volcanic impact, burial environment and atmospheric exposure”. Saria irailaren 27an, ostiralean, jasoko du taldeak Santiago de Compostelan egingo duen biurteko I. bileraren barruan.