UPV/EHU, Arabako Campuseko Farmazia Fakultateko Nanobiocel ikertaldearen bidez, parte hartzen ari da UNLOOC (Unlocking the data content of Organ-on-Chips) izeneko Europako ikerketa proiektu berri batean, helburu duena iraultzea farmako, sendagai, kosmetiko eta konposatu kimiko berriak garatzeko eta probatzeko modua. UNLOOC proiektuaren xedea da gainditzea animaliekin eginiko saiakuntzen mugak eta arazo etikoak, ikerketa biomedikorako Organ-on-Chips (OOC) eredu aurreratuagoak, zehatzagoak eta eraginkorragoak sortuta.
Proiektua martxan jarri zen 2024ko maiatzean, Jena hirian (Alemania), eta 3 urte iraungo du. Europako 10 herrialdetako 51 erakunde parte hartzen ari dira, eta horien artean daude enpresak eta unibertsitate eta ikergune independenteetako ikertaldeak.
Proiektuak 68 milioi euroko aurrekontua du, honako erakunde hauek finantzatua: 14 milioi, Chips Joint Undertaking; 3 milioi, Suitzako Hezkuntza, Ikerketa eta Berrikuntzako Estatu Idazkaritza; 18 milioi, agentzia nazionalak; eta 33 milioi, bazkideen berezko ekarpenak.
Animaliekin eginiko saiakuntza tradizionalen desafioak
Gaur egun, animalia ereduek giltzarri izaten jarraitzen dute farmako berrien eraginkortasuna eta segurtasuna aztertzeko saiakuntza aurreklinikoetan. Hala ere, eredu horiek eragozpen kritikoak dituzte:
- Ez dira oso prediktiboak gizakiarentzat: animaliekin eginiko saiakuntzen emaitzek (karraskariekin eginikoek bereziki) beti ez dute zehaztasunez iragartzen gizakiengan izango diren ondorioak, eta farmakoen % 90ek porrot egiten dute saiakuntza klinikoetan.
- Kostu altuak eta denbora: animaliekin eginiko saiakuntzak garestiak eta luzeak dira, eta sendagai berriak merkaturatzea atzeratzen du horrek.
- Eragin etikoa: animaliekin esperimentatzeak sufrimendua eragiten die milioika animaliari urtero, dilema etiko handiak planteatzeaz gain.
UPV/EHUren zeregina UNLOOCen
Erronka horiei erantzuteko, UNLOOC proiektuak Organ-on-Chips (OOC) plataforma berriak garatu nahi ditu, giza funtzio biologikoak zehatz-mehatz erreplikatzeko eta proba zehatzagoak eta etikoagoak egiteko. UNLOOC partzuergoa oinarrituko da farmakoak eta konposatu kimikoak probatzeko modua aldatuko duten funtsezko bost aplikaziotan, eta arreta berezia jarriko du OOC teknologien industrializazioan eta merkaturatzean.
UPV/EHU funtsezko eragile izan da giza azala fideltasun handiz erreproduzitzen duen 3D larruazal ehun artifizial baten garapenean. Aurrerapen hori alternatiba lehiakor eta etiko bat da, animalia ereduen eta larruazalaren beste ordezko komertzial batzuen aurrean. 3D bioinprimaketaren bidez, epitelio homogeneo eta baskularizatu bat sortuko da, larruazal errealaren ezaugarri estrukturalak eta funtzionalak laburbilduko dituena. Berrikuntza hori funtsezkoa izango da ebaluatzeko farmakoen eta konposatu kimikoen xurgapena eta ondorioak, giza larruazalaren portaera imitatzen duten baldintzetan.
Garapenaren funtsezko berrikuntzak UPV/EHUn
- Giza larruazalaren simulazio zehatza: 3D bioinprimatutako ereduak aukera emango du aztertzeko farmakoen eta konposatu kimikoen iragazkortasuna, bai eta haien ondorio biologiko lokalak ere, gaur egun era mugatuan egiten den zerbait.
- Moldakortasuna: teknologia egokituko da hainbat larruazal mota modelatzeko, fisiologikoa zein patologikoa.
- Beste ehun batzuetara zabaltzeko aukera: metodologia hau beste ehun epitelial batzuetan ere aplikatu ahal izango da, hala nola birikan edo aho mukosan, haren erabilgarritasuna areagotuz ikerketa biomedikoan.
- Ikuspegi etikoa: lerro zelularrak erabiltzeak nabarmen murriztuko du erauzitako ehunekin edo in vivo saiakuntzekin eginiko azterketekiko mendekotasuna, eta arazo etiko gutxiago sortuko ditu horrek.
OOC plataformen eragina eta etorkizuna
Plataforma hauek garatzeak, saiakuntza farmakologikoen kostua eta iraupena murrizteaz gain, hobetu egingo du farmako berrien segurtasuna, emaitza zehatzagoak emango dituelako gizakientzat. Teknologia hau erabilita, UPV/EHU eta partzuergoko bazkideak bidea errazten ari dira etorkizunean animaliekin eginiko probak desagerrarazteko, hobetuz horrela bai zientzia bai animalien ongizatea.