2013an, DIVE Medical egiteko ideia prestatzen hasi zen Aragoin. Victoria Pueyo oftalmologo pediatrikoa eta enpresaren sortzaileetako baten beharretik jaio zen. Bere egunerokoan, haurrengan ikusmenaren miaketa objektiboak egiteko arazoak izaten zituen. Pueyok Zaragozako Unibertsitateko Graphics & Imaging Lab ingeniaritzako ikerketa-taldeko Diego Gutiérrez eta Belén Masiári jakinarazi zien eta, diziplina anitzeko talde batekin batera, DIVE Medical sortu zuten. Talde horretan, Aragoiko Osasun Ikerketako Institutuko eta Aragoiko Osasun Zientzietako Institutuko oftalmologoak eta optometristak zeuden. Gaur egun, enpresak Gipuzkoatik jarduten du, zehazki BICen egoitzan. “Probintziako enpresa-ekosistemak eta sortzen ari ziren lankidetza potentzial batzuek Euskadira bizitzera etortzera bultzatu gintuzten”, adierazi du Marta Ortín enpresaren sortzaileetako batek.
DIVE Medicalek patologiak diagnostikatzen laguntzen du ikusmenaren bidez. ‘DIVE’, adimen artifizialean oinarritutako teknologia, garatu du edozein pazienteren ikusmena modu objektiboan aztertzeko, baita 6 hilabetetik aurrerako haurtxoena ere. Horretarako, eye tracking edo begiradaren jarraipena erabiltzen du. “Badakigu pazienteak non begiratzen duen pantaila batean. Hainbat funtzio bisual ebaluatzeko estimuluak erakusten ditugu, eta estimuluei dagokienez non begiratzen duten aztertuta, metrika kuantitatiboak eta objektiboak atera ditzakegu, ikusmen baheketa zein patologia baten diagnostikoa eta monitorizazioa egiten laguntzeko”, azaldu du Ortinek.
Enpresa dagoeneko hasi da bere produktua merkaturatzen Espainian. Estatuan, FarmaMix banatzailearekin egiten du lan, punta-puntakoa dena sektore oftalmologikoan. Estatuko hainbat hiritako zenbait klinika pribatuk badute dagoeneko. Halaber, Madrilgo Unibertsiate Konplutentseak hainbat ikerketatarako erabiltzen ari da. Nazioartekotzeari dagokionez, zenbait herrialdetan egin dituen hainbat azterketa klinikotan erabili du gailua. “Orain, Espainian dugun bezalako banatzaileak bilatzen ari gara, batez ere Europako beste herrialde batzuetan eta Estatu Batuetan”, dio fundatzailekideak.
Bere proiektu garrantzitsuenei dagokienez, Ortínek bi nabarmentzen ditu. Horietako bat DIVE Medical enpresa gisa eratu aurretik hasi zen eta Huaweirekin lankidetza bat izan zen. “Bere Gizarte Erantzukizun Korporatiboko programaren zati bat osasun-arloko proiektuen finantzaketarekin lotuta dago, eta guk teknologiaren erabilera erakutsi nahi genuen alderdi horretan”, dio Ortinek.
Ikusmenaren baheketan ardaztu zen eta proiektua lau urtez luzatu zen. Gailuaren garapena eta balidazioa finantzatzen zituen lankidetza horri esker, enpresak haurrei ikusmen behatzeak egin ahal izan zizkien Mexiko, Vietnam, Txina, Hong-Kong edo Errusian, esaterako, baita Estatuko hainbat autonomia erkidegotan ere. “Lankidetza horren ondorioz, 6.000 paziente baino gehiagoren datu-basea bildu genuen, eta horrek balio izan digu baliozkotzeko egiten dugunak sendotasun zientifikoa duela atzean. Eta ikusmen baheketa horrekin funtzionatzen duen algoritmoa entrenatzea ere ahalbidetu dute”, esan du sortzaileetako batek.
Une honetan, DIVE Medical Garapen Teknologikorako eta Berrikuntzarako Zentroak (CDTI) finantzatutako proiektu bat gauzatzen ari da. “Ikusmen baheketa horren kostu-eraginkortasuna frogatzen ari gara. Osasun publikoan integratuz gero, lor ditzakegun patologien detekzio goiztiar horrek eta epe luzera beharrezkoak ez diren deribazioak saihesteak onurak ekarriko dituztela frogatzea, bai pazienteen ikusmen osasunaren zaintzan, bai sistema sanitarioarentzat ekonomikoki”, adierazi du Ortinek.
Gailua haurrengan erabiltzen hasi bazen ere, gaur egun helduentzat ere eskuragarri dago. “Funtzio bisual batzuk, helduetan ere, subjektiboki neurtzen dira. Edo biztanleria zahartuagoari dagokionez, berarentzat zailak diren miaketak ere badaude; beraz, egokitzapen batzuekin, estetika helduagoko estimuluak gehituz eta algoritmoak berrikusiz, helduen bertsio bat sortu dugu”, dio Ortinek.
Etorkizunari begira, helburu nagusia da enpresak dagoeneko merkaturatu duen gailua hobetzea. Era berean, DIVE Medicalek “informazio oftalmologiko hutsa ez ezik, neurokognitiboa ere lortu nahi du”; izan ere, Ortinek azaldu duenez, “ikusmenaren bidez agertzen diren patologia neurologikoak ere badaude”. Gaur egun, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea (Barakaldo) eta BioBizkaia Osasun Ikerketa Institutua DIVE erabiltzen ari dira alzheimerra eta parkinsona detektatzeko proiektuetan, eta DIVE Medical haurren gaixotasun neurokognitiboak detektatzeko lanean ari da.
SPRI Taldeak aukera ematen die euskal enpresei haien jardueraren berri emateko bere informazio-kanaletan. Zure proiektua gure gaiekin lotuta badago (I+G+b, digitalizazioa, internazionalizazioa, ekintzailetza, berrikuntza…), Zutaz mintzo gara ekimenean parte har dezakezu.
SPRI Taldea RIS 3 Euskadi estrategia abian jartzen duen eragileetako bat da, energiaren, fabrikazio aurreratuaren, bio-osasunaren eta nanozientziaren arloetan espezializazio adimenduna bultzatzeko.