Imanol Pradales lehendakariak Euskadiko Osasun Ituna lortzeko bultzatu duen prozesua bigarren fasean sartu da gaur, hau da, haren estrategiak eta ekintzak arautuko dituzten printzipioak zehazteko fasean, adituen mahaian diagnostiko partekatua lortu ondoren.
Alberto Martínez Osasuneko sailburua izan da gaur goizean mahaiaren hirugarren bileraren buru. Bilera Gasteizko Europa Jauregian izan da, eta bertan azken DIAGNOSTIKOA aurkeztu da. Honek parte hartu duten eragile guztien atxikimendua jaso du, ESK sindikatuarena izan ezik.
Sailburua pozik agertu da adituen foro honetan parte hartzen duten guztien ahaleginagatik eta borondateagatik. Horiek bidea eman dute gaur hasi eta etorkizuneko Euskadiko Osasun Sistemaren printzipioak zehaztuko dituen hurrengo faseari ekiteko. Baita, beste behin ere, Javier Meana Medikuntzako doktore eta UPV/EHUko Farmakologiako katedraduna, mahaiaren koordinatzailea, egiten ari den lana biziki eskertu ere.
Diagnostikoaren behin betiko dokumentua zazpi epigrafetan egituratzen da: diagnostiko demografikoa; morbilitatea eta hilkortasuna; osasunaren determinatzaileak eta bizimoduak; laguntza-baliabide publikoak eta erabilera; testuinguru soziala eta teknologikoa; baliabide ekonomikoak; eta herritarren esperientzia. Lantzen ari diren gaien artean, aipatzekoak dira, besteak beste, Osakidetzan behin-behinekotasuna murrizteko neurrien ezarpena, edo belaunaldien arteko erreleboaren premiarik handieneko arloak zehaztea.
Era berean, medikuen karga burokratikoa murriztearen aldeko apustua egiten da, denbora gehiago izan dezaten pazienteen arretan; hala nola erizaintzaren eta bere profesionalen espezialitate berrien, edota beste titulazio profesional batzuk -medikuez edo erizainez gain- sartzearen alde. Gainera, osasunaren arloko emaitzak ebaluatu eta neurtzearen garrantzia azpimarratzen da, baita ezinbesteko digitalizazioa eta humanizazio ukaezina uztartzeko beharra ere, besteak beste.
Gaurko saioan, Enrique Peiró sailburuordeak aurkeztu duen proposamenak –gaur egun giza eskubidetzat hartu arte osasunaren kontzeptuak izandako bilakaera historikoa errepasatzeaz gain- jaso egiten ditu arreta-eredu bidezkoa eta eraginkorra bermatzeko funtsezkotzat jotzen dituen PRINTZIPIOAK. Alberto Martínezen hitzetan, printzipio horiek “oinarri dira herritar guztien ongizatea eta bizi-kalitatea sustatzen duen osasun-sistema baterako”. Honako hauek dira:
- Unibertsaltasuna: pertsona guztiek, bereizketarik gabe, osasun-zerbitzuak eskura izatea bermatzen du, herritarren arteko elkartasuna sustatuta.
- Ekitatea: arretarako sarbidean eta haren kalitatean dauden desberdintasunak ezabatzea du helburu.
- Zerbitzuen kalitatea: funtsezko helburutzat ezartzen da, arreta ebidentzia eta jardunbide egokienetan oinarritzen dela bermatuta.
- Parte-hartze komunitarioa: funtsezkoa komunitatearen beharrei benetan erantzungo dien sistema bat sortzeko.
- Integraltasuna: osasunari ikuspegi holistikotik heltzeko aukera ematen du, bai prebentzioa, bai tratamendua kontuan hartuta.
- Sistemaren dinamikotasuna: biztanleriaren beharretan izandako aldaketetara eta medikuntzaren aurrerapenetara egokitzea errazten du.
- Eta jasangarritasuna: baliabideak modu arduratsuan kudeatzen direla ziurtatzeko, sistemaren epe luzerako bideragarritasuna bermatuta.
Azkenean zehazten diren printzipioen gainean garatu beharreko ESTRATEGIEKIN lotuta egongo da hurrengo fasea. Horretarako, metodologikoki 6 gogoeta-esparru bereizi dira:
- Osasuna eta herritarren eskaria
- Osasuna sustatzea
- Beharrei erantzutea
- Asistentzia-baliabideak eta plan espezifikoak
- Gaixotasun kronikoak, kronikotasuna, kolektibo espezifikoentzako arreta (adinekoak, haurrak, emakumeak eta osasun mentala)
- Arreta soziosanitarioa integratzea
- Komunitatearen eta pazienteen parte-hartzea
- Osasuna prebenitzeko eta sustatzeko programak bultzatzea
- Kalitatea eta segurtasuna
- Zerbitzua leku eta une egokian emango dela bermatzea
- Asistentzia-prozesu integratuak
- Bereizmen handiko prozesuak
- Etxeko arreta eta etxeko ospitaleratzea
- Zainketa aringarriak
- Pazientearenganako kalitate- eta segurtasun-politika
- Jardunbide farmazeutikoak
- Arreta garaiz eta eraz bermatzea
- Profesionalak
- Pertsonal-politika
- Profil berriak
- Gobernantza
- Karrera profesionalaren garapena
- Giza baliabideak kudeatzeko esparru berria
- Informazioa
- Jardunbide klinikoa eta erabakiak hartzea erraztuko duten informazio-sistemak garatzea
- Osasun-arloko emaitzak neurtzea
- Osasun-sektorea, balioaren sortzaile edo hazkunde ekonomikoaren eragile gisa
- Estrategiak bultzatzea
- Aliantzak bultzatzea
- Osasun-klusterra garatzea
- Nazioarteko harremanak bultzatzea
- Ikerketa, berrikuntza eta emaitzen transferentzia sustatzea
- Erantzukizun sozial korporatiboa
- Osasun-azpiegiturak modernizatzea
- Osasun-zentroa eraikitzea eta eraberritzea
- Berrikuntza teknologikoa
- Bereizmen handiko zentroak
Estimazioaren arabera, 2025eko udaberrian erabat operatibo egongo dela Euskadiko Osasun Ituna. Haren mahaian, osasun-arloko adituek parte hartzen dute: medikuen, erizainen, farmazialarien, psikologoen, odontologoen, optikari eta optometristen, gizarte-langileen, fisioterapeuten, biologoen eta albaitarien elkargo ofizialetako ordezkariek, baita Medikuen Sindikatuak, SATSEk eta SAEk ere. Foroan daude, era berean, alderdi politikoak (EAJ-PNV, PSE, EH Bildu, PP eta Sumar); sindikatuak (LAB, CCOO, UGT eta ESK); EHU, Deustu eta Mondragon Unibertsitatea unibertsitateak; Confebask; eta pazienteen elkarteak.