Mikel Irujo Amezaga Industria eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariak bilera bat gidatu du aste honetan, Irurtzunen, Sakana inguruko eragile sozioekonomikoekin, zonaldeko industria indartzeko plan eta estrategiak elkarrekin lantzeko.
Zehazki, bileraren helburua izan da zonaldeak dituen erronka ezberdinei irtenbideak aurkitzea. Bilerako gai nagusiak ekonomia indartzea, lurzoru industrialaren eskuragarritasuna, merkataritza, finantzaketa-palankak, ekintzailetza eta inbertsioak erakartzea izan dira.
“Topaketa honekin Nafarroako Gobernuak Sakanako garapen ekonomikoa bultzatzeko bere konpromisoa berresten du. Tokiko eragileekin baterako lana egiteko eta, horrela, inguruan ditugun erronkei irtenbideak aurkitzeko apustu garbia” adierazi du Irujo kontseilariak.
Aipatzekoa da azken urteotan Sakanako eremuak egonkortasun nabarmena izan duela. Nafarroako Enpresen Direktorioan eta Merkataritza Erregistroan aurkeztutako urteko kontuetan jasota dagoenez, 2019an 1.328 enpresa aurkeztu ziren, eta 2023an, 1.347. Bestalde, 2019an 3.698 langile izan ziren, eta 2023an, 4.681. % 26ko igoera jazo da.
Bileran Industria departamentuari atxikitako sozietate publikoetako ordezkariak bildu ziren: Carlos Chocarro, Nasuvinsako Lurzoru Industrialeko zuzendariordea; Iñaki Larraya, SODENAko zuzendari kudeatzailea; Guillermo Alonso, SODENAko Invest in Navarrako zuzendaria eta Uxue Itoiz, CEINeko zuzendari kudeatzaile izendatu berria. Nafarroako Gobernuaren aldetik, Irujo kontseilariaz gain, Iñigo Arruti Enpresa Sustapeneko zuzendaria, Garbiñe Basterra Enpresa I+G+b Energiaren Zuzendaritza Nagusiko zuzendaria, Pablo Ezcurra Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusia, Adrian Seminario Industriako kabineteko burua eta Amaiur Guindeo Industria Kabineteko ordezkaria izan dira. Sakanaren izenean, Javier Ollo, Altsasuko alkate eta Nafarroako parlamentaria; Iker Manterola, Garapen Agentziako (Dinabide) gerentea; José Julián Garciandia, Sakanako Enpresen Elkarteko presidentea; Javier Aretxe, Sakanako Enpresen Elkarteko gerentea; Joseba Garmendia, Sakanako Enpresen Elkarteko administrazio kontseiluko aholkularia eta Aitor Larraza, Sakanako Mankomunitateko presidentea.