Eusko Jaurlaritzak eskola-garraioaren segurtasuna zainduko du

PRUEBA

Ertzaintzak, udaltzaingoekin koordinatuta, eskola-garraioaren zaintza eta kontrola indartuko ditu Euskadin azaroaren 25etik 29ra bitartean, adingabeen bide-segurtasuna zaintzeko.

Alde batetik, egiaztatuko dute garraio horrek administrazio-baimenei, ibilgailuen baldintza teknikoei eta beste hainbat alderdiri buruz legez ezarritako baldintzak betetzen dituen. Beste alde batetik, adingabeek, gidariak eta laguntzaileak segurtasun-uhala erabiltzen duten ere egiaztatuko dute. Horrez gainera, eskola-umeen segurtasunarekin lotutako neurriak ere egiaztatuko dituzte, besteak beste, ibilgailuen seinaleztapena eta joan-etorrietan zaindu beharko dituen pertsona helduaren presentzia.

Estibalitz Olabarri Eusko Jaurlaritzako trafiko zuzendariak esan duenez: “Adingabeak dira bide-segurtasunaren arloko kolektiborik ahulenetako bat, eta bereziki zaindu behar ditugu. Eskola-garraioaren kontrolak indartzeak kolektibo horri eragin diezaioketen istripuak prebenitzen laguntzen du”.  

Kontuan izan behar da eskola-garraioan aritzen diren ibilgailuen kasuan 10 km/h murrizten dela herritik kanpora ibilgailu-motaren arabera ezartzen den gehieneko abiadura.

Kontrolak, ahal izanez gero, ikastetxeko instalazioetan egingo dira, ibilgailua helmugara iristen denean eta ikasleak jaisten direnean.