Empresa XXI ekonomia-egunkariak 40. urteurrena ospatu du Noël d’Anjou eta Mikel Jauregi sailburuak bertan zirela

PRUEBA

Empresa XXI ekonomia-egunkariak 40. urteurrena ospatu du San Mamesen (Bilbo) egin den ekitaldi batean. Bertan, erakundeetako eta enpresetako ordezkari ugari bildu dira. 1984an sortu zen, hamabost egunean behin kaleratzen da, eta Euskadiko industria-sektorearen lana ezagutaraztea du helburu.

Gaurko galan, sektoreari ekarpen esanguratsuak egin dizkioten lau enpresari saritu dira: Pedro Luis Uriarte, Koldo Saratxaga, Alex Arteche eta Elena Zárraga. Sari horiek Eusko Jaurlaritzaren babesa jaso dute, SPRI taldearen bitartez.

Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren sailburu Mikel Jauregi arduratu da ekitaldiari hasiera emateaz, eta eskerrak eman dizkie “enpresariei eta ekintzaileei prestigioa emateko egindako lan garrantzitsuagatik, gure gizartearen ongizateari ekarpen esanguratsua egiten diotelako”.

“Euskadi herrialde industriala da, eta badakigu industria egitea herria egitea dela. Industriak kalitatezko enplegua, aberastasuna sortzea, kalitatezko zerbitzu publikoak esan nahi du, eta, azken batean, horixe da gure bizi-maila handia ahalbidetzen duena. Horregatik, etorkizunari baikortasunez eta anbizioz begiratzen diogu, eta munduan bizitzen ari garen une historiko honen aurrean, gure proposamena industriaren sektorea indartzea da, Europan berrindustrializazioaren erreferente izateko”, esanez amaitu du Jauregik.

Bestalde, ekitaldiaren itxieran Ogasun eta Finantza sailburu Noël d’Anjouk azaldu duenez, “Europak baterako lanaren indarra sustatzen jarraitu behar du, herritarren onurarako politika hurbilago, eraginkorrago eta kohesionatuago baten alde”.

“Euskadin, lankidetza publiko/pribatua daramagu gure DNAn, eta arrakasta-eredu gisa duen balioaren defendatzaile irmoak gara. Euskadi erreferentea da Europa osoan, hazkunde sozial eta ekonomikorako interes komunak identifikatzeko duen gaitasunagatik eta denok batera arraun egiten dakigulako”, gaineratu du d’Anjouk, eta amaitzeko esan du: “Europaren integrazio-prozesuak ikuspegi, ausardia eta borondate politikoa izan behar ditu. Euskadik maila anitzeko gobernantza eraginkorra egituratu nahi du, subsidiariotasun-printzipioan oinarrituta, legegintza- eta finantza-eskumen propioak ditugun eskualdeek eta nazionalitateek botere konstituzionalak berak erabat garatu ahal izateko Batasunaren esparruan”.