Ernesto Valverdek Real Madriden aurka «taldearen jokoak San Mames are gehiago altxaraztea» eskatu du
Athletic Clubek eta Real Madridek aurrez aurre neurtuko dituzte indarrak LaLigako partida klasiko baten edizio berrian. Zuri-gorrien eta merengeen arteko partidaren aurretik, Ernesto Valverdek ohiko prentsaurrekoa eskaini du biharko norgehiagokaren atarian. Lehoien teknikariaren ustez, bihar elkarren aurka jokatuko duten bi taldeak joko eta egoera fisiko onean daude: «Denboraldia aurrera doan heinean, ondo eta pozik gaude. Norgehiagoka asko ditugu aurretik, baina, aurrera egin ahala, lehiaketa guztietan ondo mantentzen garela ikusten dugu. Orain lan horri jarraipena eman behar zaio. Biharko partida interesgarria izango da sasoi onean dauden bi talde izango direlako aurrez aurre».
Real Madridi dagokionez, Ernesto Valverdek argi du talde zuriak beren esentzia historikoa mantentzen duela: «LaLigako txapelduna da. Duela gutxi Liverpoolekin eta AC Milanekin galdu dute Txapeldunen Ligan, baina FC Barcelonari puntuak murrizten ari dira, norgehaigoka bat gutxiago dute eta irabaziz gero liderrak izan daitezke. Talde ona da, irabaztea beti da oso zaila, eta are gehiago, beraiei eskatzen zaien bezala, aurkaria txikitzea. Une batzuetan oso ondo daude, beste batzuetan ahulago, baina azken neurketetan euren partidak irabazi dituzte. Oso lehia zaila izango da».
Gakoa, entrenatzaile zuri-gorriaren arabera, honakoa da: «Dena ondo egin behar dugu. Alderdi honetan ezin zara inoiz alde batera utzi, lerro guztietan baitituzte baliabideak. Nagusitzen ari zarenean eta ondo zaudenean ere, zure jokaldiak amaitu eta pase on bat ematen ez baduzu, Real Madridek zigortu egiten zaitu. Gu baino zuhurragoak izango dira eta haien erasoak ahalik eta gehien mugatu beharko ditugu. Talde horien aurka, jokalari diferentzialak dituztenez eta jokalari bakoitzak maila handia duenez, ezin gara inoiz deskuidatu. Adi egon behar dugu beti, baloia badugu eta ondo jokatzen bagaude ere».
Hala ere, Katedrala eta lehoiak lotzen duen konexioa indartzkeo eskatu du Valverdek Carlo Ancelottik zuzentzen duen taldeari aurre egiteko: «Badakigu zer den San Mames topera eta bultzatzen duenean. Ikusleek are gehiago bultza dezaten lortu behar dugu. Jokoak publikoa erakartzen du eta horrek elikatu egiten gaitu».