PRUEBA
Imanol Pradales Lehendakariak eta Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak EIC Energy Intelligence Center Fundazioa aurkeztu dute gaur goizean, Abanto-Zierbenako (Bizkaia) Ezkerraldea-Meatzaldea Teknologia Parkean. Fundazioak zentroa kudeatuko du, zehazki, I+G+B plataforma kolaboratiboa, trantsizio energetikoa sustatzeko eta Bizkaia eta Euskadi esparru horretako nazioarte mailako erreferente izan daitezen. Fundazioak klima-aldaketaren aurkako borroka eta industriaren eta teknologiaren garapena uztartzen ditu, eta industria deskarbonizatuan balio-kateak indartzen dituzten proiektuak bultzatzen ditu. Kualifikazio handiko talentua koordinatzen du, ezagutza sortzen du eta lankidetza estua du trantsizio garrantzitsu horretan inplikatutako eragile guztiekin.
Honako hauek dira Fundazioaren patronatuko kideak: Mikel Amundarain, Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) zuzendari nagusia; José Ignacio Zudaire, Hidrogenoaren Euskal Korridorearen (BH2C) presidentea; Leire Colomo, Energy Advanced Engineering Fundazioaren presidentea; Juan Villar, Nortegasko kontseilari delegatua; José Luque, Petronorren kontseilari delegatua, eta azkenik, Elixabete Etxanobe, Bizkaiko Ahaldun Nagusia eta fundazioaren presidentea.
Etxanobek adierazi duenez, deskarbonizazio adimendunaren estrategia baten bidez soilik lortuko dugu gure industria lehiakorragoa izatea mundu mailako merkatuan eta gaur egungo klima-larrialdiari aurre egitea. Ahaldun nagusiak gaineratu du bide horretan aurrera eginez gero, deslokalizazioa gertatzeko eta enplegua galtzeko arriskua txikiagoa izango dela Bizkaiko eta Euskadiko industrian. Azkenik, Etxanoberen esanetan, EICk lagunduko du balio erantsi handiko deskarbonizazio-teknologiak garatzen, esaterako, erregai berriztagarrien arlokoak; izan ere, teknologia horiek oso aukera onak dira gure lurraldearentzat, eta 2050ean neutraltasun klimatikoa lortzen lagunduko dute.
Imanol Pradales Lehendakariak eman dio amaiera EIC Fundazioaren aurkezpen-ekitaldiari. «Trantsizio energetikoa eta deskarbonizazioa erronka partekatuak dira Euskadin. Herrialde txikia eta menpekotasun handikoa garen arren, gaitasun paregabeak ditugu proiektu industrial eta teknologiko berrien lidergoa hartzeko. Gure sare elektrikoaren gaitasuna handitu behar dugu, gure indarguneak inteligentziaz aprobetxatu eta erabaki orekatuak hartu, trantsizio ordenatua, bidezkoa eta azkarra egiteko. Ahalegin horrek erakunde, enpresa eta gizarte osoaren inplikazio aktiboa eskatzen du» esan du.
Deskarbonizazio eraginkorrerako teknologiak
Fundazioaren jarduketak deskarbonizazio efizientea ahalbidetzen duten teknologien garapenarekin eta bilakaerarekin lotuta daude. Beste jarduketa batzuk energiaren sektorerako azpisistemen eta osagaien diseinu eta fabrikazio aurreratuaren arlokoak izango dira, ardatz hauetan oinarrituta: deskarbonizazio zaileko prozesuak, hala nola garraio astuna edo distantzia luzekoa; tenperatura altuan egiten diren industria-prozesuak, eta karbono-aztarna txikiko energien ekoizpena. Helburua da jarduera berriak sortzea eta lurraldeko enpresen nazioarteko lidergoari eustea.
Horretarako, EIC Fundazioak zaintza teknologikoa egingo du; talentua garatzeko, erakartzeko eta fidelizatzeko ekimenak sortuko ditu; nazioartean kokatzeko lan aktiboa egingo du, inbertsio eta proiektu berritzaileak erakartzeko, eta elkarlaneko I+G+B bultzatuko du EICren ekosistemako enpresen artean. Jarduera hori EICn egingo da, Ezkerraldea-Meatzaldea Teknologia Parkean (Bizkaia). Bertan, elkarlaneko ikerketa- eta garapen-proiektuetarako espazioak daude, esaterako, I+G+Bko bulegoak eta laborategiak energia-sektoreko enpresentzat eta laborategi espezializatu bat. Horretaz gain, eremu handi batean trantsizio energetikorako saiakuntzak eskala errealean (full-scale) egiteko makinak instalatuko dira.
Ibilbide-orri teknologikoa
EIC Fundazioa aurkezteko ekitaldian, parte hartzaileek erregai berriztagarrien ibilbide teknologikoaren orria aztertu dute; izan ere, hori funtsezkoa da Euskadiko eskaintza teknologikoaren eta deskarbonizazio-proiektu zehatzak dituzten enpresen eskariaren arteko lankidetza sustatzeko. Hauek hartu dute parte ekitaldian: Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko foru diputatua, Jose Luis Elejalde Tecnaliako Energia, Klima eta Hiri Trantsizioko Unitateko zuzendaria,Laura Barrio, UPV/EHUko Ingurumenaren Ingeniaritza Kimikoko irakaslea eta ikertzailea eta Eva Gutiérrez Teknikerreko Plasma bidezko Estalduren Teknologien Unitateko zuzendaria. Ibilbide-orri hori Erregai Berriztagarrien Hub-aren oinarria izango da; hub hori oinarrizko elementua da Euskadin deskarbonizazioaren erronkaren inguruan industriako garapen teknologikoa bizkortzeko, eta EICk bere gain hartuko du haren kudeaketa.
Iván Martén Orkestrako presidenteak ere parte hartu du, eta nabarmendu du berrikuntza teknologikoak eta deskarbonizaziorako irtenbideek eragin positiboa izango dutela Euskadiko industria-garapenean. Martén fundazioaren aholku-batzordeko kideetako bat da, eta, era berean, batzorde horretako kideak dira Energy Intelligence Center Fundazioari balio-proposamena definitzeko eta garatu beharreko lehen proiektuak identifikatzeko aholkularitza eman dioten zenbait aditu.