2025ean maila goreneko topaketa egiteko edukiak zehaztu ditu World Maritime Week-ek

BECek bost batzorde jaso ditu hil honetan, eta ontzigintza, arrantza, portu eta itsas-energiaren sektoreetako erakundeek parte hartu dute horietan

Azaroa oso trinkoa izaten ari da 2025eko World Maritime Week ekitaldiaren antolakuntzarako. Izan ere, Bilbao Exhibition Centren lau bilera egin dituzte Sinaval, Eurofishing, Futureport eta Marine Energy Weeken batzorde zientifikoek. Horrez gain, Aholkularitza Batzorde Teknikoa ere bildu da, ekitaldiaren eduki globalari buruz hitz egiteko.

Topaketaren antolakuntzarako erabaki estrategikoak hartzeko orientazioa eta laguntza ematea da batzorde horien helburu nagusia. Horretarako, ideiak partekatu, elkarrekin lan egin eta feedback eraikitzailea ematen dute aurkezten diren erabaki eta proposamenen gainean. Lau sektoreetako kluster eta elkarte nagusien ordezkariek osatzen dute aditu-talde hau. Hori guztia, World Maritime Week ekitaldiak balio erantsia eman diezaion sektoreari, eta kalitatezko aukerak eskain diezazkien partaide guztiei. Horien zeregina funtsezkoa da topaketaren antolaketan, sektorearen beharrak ongien ezagutzen eta ordezkatzen dituztenak direlako.

Zentzu horretan, kongresuaren egitura zehaztuta dago jada. WMW 2025 konferentzia-programa martxoaren 19an eta 20an garatuko da. Bi egunetan, irekitze-ekitaldi bat izango da Europa mailako ordezkariekin. Horiek, aplikatzen ari diren politiken eta horiek sektorean duten inpaktuaren gaineko ikuspegi orokorra erakutsiko dute.

Gainera, egun bakoitzean zeharkako bi saio egingo dira, lau sektoreek partekatzen dituzten gaiak lantzeko (ontzigintza, arrantza, portuak eta itsas energiak); eta lau saio monografiko ere egingo dira, sektore bakoitzeko bat.

Aipatutako saioetan hainbat gai landuko dira, adibidez, ekonomia urdina eta beste eskualde batzuek sinergiak eta baterako proiektuak identifikatzeko dituzten estrategiak; deskarbonizazioa eta horren erronkak; digitalizazioa eta AAren ezarpena itsas industrian; eta nazioarteko merkatuan Europako itsas industriaren lehiakortasuna ziurtatzeko bideak.

WMW 2025en antolakuntzak sendotu egin ditu asteotan bilerak eta beste itsas foro batzuetara egindako bisitak, ekitaldia sustatzeko. Dagoeneko Euskadiko, Madrilgo, Galiziako eta Levanteko hainbat enpresa erakusketarik baieztatu dute etorriko direla, eta Norvegiako eta Frantziako ordezkariak ere izango dira, nazioarteari dagokionez. Horrez gain, Erakusketa eremuaren barruan beste agertoki bat jartzea erabaki da, hala nahi duen edozein enpresa erakusketarik erabili ahal izateko, aurkezpenak edo hitzaldi komertzialak egiteko. Hala, are gehiago indartuko da enpresa horiek ekitaldian duten parte-hartzearen ikusgarritasuna eta inpaktua.

Halaber, WMW ekitaldira datozen enpresentzat programa interesgarri bat prestatzeko lanean jarraitzen du antolakuntzak. Hala, martxoaren 21ean, ostiralean, Bisita Teknikoak antolatu dituzte WMWn parte hartzen duten eta harekin kolaboratzen duten EAEko hainbat enpresatara: ontziolak, portuko instalazioak, itsasoarekin eta arrantzarekin lotutako teknologia-enpresak, propultsio-ekipoen eta propultsio-sistemen hornitzaileak, ingeniaritza espezializatuak eta offshore plataforma, beste batzuen artean.

Azkenik, World Maritime Week ekitaldiaren hurrengo edizioak Enplegu Foro bat izango du. Enpresek talentua erakartzeko eta atxikitzeko duten beharraren eta pertsonen prestakuntza kualifikatu-faltaren arteko distantzia murriztea da egitasmoaren helburua. Gazteen artean sektorearekiko interesa sortzea da helburua, eta lan-merkatuaren egungo eskariei erantzuten dieten prestakuntza-programetan (ikastaroak, masterrak, moduluak, ofizioak…) parte har dezaten bultzatzea. Enpresa parte-hartzaileek euren lan-eskaintzak aurkez ditzakete, eta elkarrizketak izan ditzakete eskaintzetan interesa duten pertsonekin.

World Maritime Week mundu mailako itsas industriaren baitako funtsezko eragileen arteko topagunea da. Foro honek itsas industriaren arloko profesionalak biltzen ditu bi urtez behin. Profesional horiek, helburu hauekin joaten dira erreferentziazko hitzordu horretara: nazioarteko aliantzak sortzea, informazioa partekatzea eta sektoreko erronka berriei ekitea.

ZIENTZIA BATZORDEAK:

  • Sinaval: Euskal Herriko Itsas Foroa, Azti, Cintranaval, DNV, Soermar, Espainiako Itsas Clusterra eta Tecnalia
  • Eurofishing: Eusko Jaurlaritza, Oppao, Opegui, Opescaya, Anabac eta Azti
  • Futureport: Eusko Jaurlaritza, Uniport, Bilboko Portuko Agintaritza, Prosertek, Idom, UPV/ EHU eta Tratos Group
  • Marine Energy Week: Tecnalia, Euskadiko Energia Klusterra, EEE, Bimep, Idom eta Pymar.

AHOLKU BATZORDE TEKNIKOA: Uniport, Eusko Jaurlaritza, Azti, Euskadiko Energia Klusterra eta Euskal Herriko Itsas Foroa.