Babes-egoera 2021ean zegoenera itzultzea proposatu du
Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak Sara Aageseni, Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikoko eta Erronka Demografikoko ministroari, helarazi dio oso kezkatuta dagoela “otsoen erasoek Euskal Autonomia Erkidegoko mendi-eremu batzuetan eragindako egoerarengatik, kalte iraunkorra eta konponezina eragiten ari baitira gure abeltzaintza-ustiategietan, gure inguruko autonomia-erkidegoetan taldeak finkatzen eta mugitzen ari direlako”. Barredok azpimarratu du beharrezkoa dela “espezie hori Espainiako Gobernuak onartutako eta 2021eko irailean ofizialdutako Babes Bereziko Erregimeneko Espezieen Zerrendatik kanpora uztea, aipatutako data baino lehenagoko babes-egoerara itzuliz”.
2023ko ekainean, orduan sailburua zen Arantza Tapiak gaiari buruzko ikuspegi bera helarazi zion Teresa Ribera ministroari. Aurten, Amaia Barredok berak ildo beretik ekin zion Teresa Riberaren aurrean, baina ez zuen inolako erantzunik jaso.
Orduan bezala, Amaia Barredo sailburuak adituak egindako antolaketa-alternatiben txosten bat bidali dio ministroari, eta txosten horretan ondorioztatzen denez “otsoa Babes Bereziko Basaespezieen Zerrendan sartzea ez da beharrezkoa espeziea behar bezala zaintzeko, eta, gainera, epe luzera, kaltegarria ere izango da, frogatzen ari den bezala”.
Amaia Barredok proposamena Luis Planas ministroari ere zehaztu dio, eta uste du gaiak gaurkotasun bikoitza duela “Bernako Konbentzioaren akordioak gainbegiratzeaz arduratzen den Komite Iraunkorrak Europar Batasunak otsoaren babes-maila jaisteko egindako proposamena berriki onartu ondoren, eta ‘zorrotz babestutako’ espeziea izatetik ‘babestutako’ espeziearen estatutura pasatuz”.
“Otsoak Espainiako estatuan kontserbazio-estrategia propioa duela jakinda –Europar Batasunak berak eskatzen duena baino zorrotzagoa–, Eusko Jaurlaritzatik ez gaude otsoaren babes logikoaren aurka, baina uste dugu bere egoerarekiko proportzionala izan behar duela eta bere habitataren barruan, gure kasuan Duero ibaiaren iparraldeari dagokiona, espeziearen ikuspegi ekologikoa eduki behar duela” zehaztu du Barredo sailburuak.
“Horrenbestez, Eusko Jaurlaritzatik berriz eskatzen diogu Estatuko Gobernuari Duero ibaiaren iparraldean otsoa babesteko estatusa murrizteko eta espezie horren kontserbazio-egoera estatu osorako zehazteko, eta ez modu globalizatu batean edo autonomia batean, orain arte hainbat taldek sustatu duten bezala, eta, gainera, neurri hori espezie horren habitatek espezieak eta habitatak babesteko Europako Araudiaren eranskinetan duten kontsiderazioaren aurkakoa da”, zehaztu du Amaia Barredok.
Amaia Barredok Sara Aagesen ministroari adierazi dio gaur egun otsoek behin eta berriz erasotzen dietela ardiei eta behiei, bai ukuiluetan bai Arabako eta Bizkaiko mendietan, zauri larriak eta heriotza ugari eraginez. “Horrek guztiak planteatutako gaia premiaz aztertzea eta eskatutakoa kontuan hartzea eskatzen du”.
Europako komitea
Bernako Konbentzioa gainbegiratzen duen komite iraunkorrak astearte honetan erabaki zuen otsoaren babes-maila jaisteko Europar Batasunaren proposamena onartzea, eta “zorrotz babestutako” espeziea izatetik “babestutako” espeziea izatera pasatuko da.
Aldaketa hori erabakia argitaratu eta hiru hilabetera jarri behar da indarrean, nahiz eta hemendik ordura ez litzatekeen gauzatuko baldin eta Bernako Konbentzioa osatzen duten herrialdeen herena (17) aurka agertuko balitz, komitea barne hartzen duen Europako Kontseiluak zehaztu zuenez. Estatutu-aldaketa horren berritasun nagusia da, babes zorrotzaren araubidearekin ia erabat debekatuta zegoela animalia horiek ehizatzea edo harrapatzea.
Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak astearte honetan adierazi zuenez, Bernako Konbentzioaren batzorde iraunkorrak hartutako erabakia “garrantzitsua” da, eta espeziea babestearen eta landa-inguruneko bizimoduak babestearen artean “ikuspegi orekatua” izateko beharrari erantzuten dio.
Bernako Konbenioa
“Albiste garrantzitsua da gure landa-komunitateentzat eta nekazarientzat. Bernako Konbentzioak otsoen babes-estatusa doitzea erabaki du ikuspegi orekatua behar dugulako basa-bizitza babestearen eta gure bizimoduak babestearen artean”, esan zuen Von der Leyenek adierazpen batean.
Datorren martxoaren 7tik aurrera, EBk habitatei buruzko Europako zuzentarauaren eranskinak egokitu ahal izango ditu. Europako Batzordeak jakitera eman zuen berariazko lege-aldaketa bat proposatuko duela horretarako, eta, ohi bezala, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak onartu beharko dute. Aldaketa horrek malgutasun handiagoa emango die estatu kideei otsoen tokiko populazioak kudeatzeko, Europako Gobernuaren arabera.
Aldi berean, otsoak espezie babestua izaten jarraituko duenez, estatu kideen kontserbazio- eta kudeaketa-neurriek kontserbazioaren aldeko estatusa izaten eta mantentzen jarraitu beharko dute. Batzordearen ustez, kalteen prebentziorako neurri egokietan egindako inbertsioak funtsezkoa izango dira aurrerantzean ere otsoek ganadua harrapatzea saihesteko.
“Otsoak berriz agertu izana albiste ona da Europako biodibertsitatearentzat. Baina otso taldeak Europako eskualde batzuetan bildu izana benetako arriskua bihurtu da, bereziki ganaduarentzat”, esan zuen orduan Von der Leyenek.
Otsoen kontzentrazioak modu aktiboagoan kudeatzeko malgutasun handiagoa ahalbidetzeko eskaerak Europako hainbat eskualdetatik iritsi dira, eta horien artean hainbat autonomia-erkidego daude, besteak beste, Kantabria, Gaztela eta Leon eta Asturias –otso leku diren erkidegoak–, eta Euskadi, Errioxa eta Andaluzia.