Bilboko Udalak Argazkineta ekimenak bildutako materialen zati bat partekatuko du Altamira, Masustegi eta Mintegitxuetako bizilagunekin

Bilboko Udalak, ondarea zabaltzeko Bilbao Izan udal-programaren barruan, Argazkineta ekimenak bildutako materialen zati bat partekatuko du Altamira, Masustegi eta Mintegitxuetako bizilagunekin. Ekitaldia abenduaren 17an izango da, asteartea, Argazkineta Show-en, eta Altamirako Hirutasun Santuaren elizan izango da 19:00etatik aurrera. Sarrera librea eta doakoa izango da lekua bete arte.

Argazkineta auzotarrek parte hartzeko ekimen bat da, auzoen oraintsuko historia berreraikitzea eta sakontzea helburu duena, hiriko auzoetako bizilagunek eman ditzaketen dokumentazioa eta lekukotasunak bilduz.

Urriaren erdialdetik azaroaren hasierara arte, proiektuaren seigarren edizioa jarri zen abian, Altamira, Masustegi eta Mintegitxueta ardatz hartuta. Furgoneta Bilboko goiko auzo horietara hurbiltzen zen, bertako bizilagunak gonbidatzeko beren oroitzapenak eta bizipenak -2000ren aurretikoak- partekatzera eta Bilboko txoko horien historia eta nortasuna hobeto ezagutzen laguntzera.

Oraingo honetan erantzuna oso positiboa izan da, udal proiektu honetan parte-hartze handiena izan duen edizioa izan baita eta bertan bildutako materiala askotarikoa eta ugaria izan da. Izan ere, 250 lagunek bisitatu dute ibilgailua, 58k digitalizatu beharreko materiala eman dute eta 34k elkarrizketak egin dituzte testigantzak eta oroitzapenak partekatzeko.

Bildutako oroitzapenen artean 2.656 artxibo digitalizatu dira, batez ere argazkiak (2.547), baita dokumentuak (40), bideoak (37), diapositibak (26) eta negatiboak (6) ere. Horiek guztiak digitalizatu egin dira eta dagoeneko Bilboko udal artxiboen parte dira.

Edizio honetan, azpimarratu behar da auzo-elkarteak buru-belarri aritu direla proiektuarekin, eta pozik agertu dira auzoetan memoria berreskuratzeko lan horrekin, ekimen honen planteamenduarekin eta garapenarekin.

ARGAZKINETA SHOW

Datorren asteartean, hilak 17, Altamirako Hirutasun Santuaren Elizan Argazkineta Show-en herritarrek ekarritako material honen aukeraketa bat partekatzeko unea izango da. Irudiak eta pertsonak izango dira Ugaitz Alegria aktoreak aurkeztutako ekitaldi baten protagonistak. Topaketa dibertigarria, parte-hartzailea eta atsegina izango da, eta urrian eta azaroan ibilgailura hurbildu ziren guztiek helarazitako argazkiak, bideoak, oroitzapenak eta bizipenak proiektatuko dira.

Argazkineta Show elebiduna izango da, sarrera librea eta doakoa lekua bete arte. Topaketa osorik grabatuko da eta, otsailean, online eskuragarri egongo da Bilbao Kulturaren YouTube kanalean.

BILBAO IZAN

Ekimen hau BILBAO IZAN programaren barruan kokatzen da. Programa honek Udalak Bilboren funtsa dena hedatzeko egindako programa guztiak biltzen ditu: haren ibilbide historikoa, altxorra, pertsona ospetsuek utzi duten arrastoa, ondare artistikoa, hiri-konfigurazioa, auzo bakoitzaren historia berezia, kaleak eta txoko enblematikoenak, etab.

BILBAO IZAN batez ere tokiko biztanleei zuzenduta dago, baina hiria bisitatzen duten pertsonei eta arrazoi desberdinengatik hiribilduaren ezagutzan sakondu nahi duten guztiei ere irekita dago.

Horrela, Bilboko 2023- 2033 Kultura Plan Estrategikoan aurreikusitako ekintza-ildo batzuk betetzen dira: Bilboren nortasun historikoa berreskuratzea, herritarrek nondik datorren jakin dezaten, eta hori transmititzea, gazteenei hiribilduaren ezaugarri historiko, sozial, kultural eta identitarioak hurbilduko dizkieten ekintzak sortuz.

BILBAO BALIOEN HIRIA

Argazkineta erabat konprometituta dago Bilbao Balioen Hiria proiektuarekin. Proiektu horrek Hirian partekatutako balioen esparru bat sustatu nahi du, besteak beste, konpromisoa, ahalegina, ilusioa, parte-hartzea, sormena eta, bereziki, identitatea.