Osasun eta Kontsumo Sailak, Bilboko Udaleko Kontsumoari buruzko Udal Bulegoaren (KIUB) bidez, Gabonetan –familiek gastu ekonomiko handia egin ohi duten sasoi batean– kontsumo arduratsua, iraunkorra, solidarioa eta osasuntsua egitearen abantailak gogorarazi gura dizkie herritarrei.
Alvaro Pérez Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Saileko zinegotziak azpimarratu du beharrezkoa dela «adierazitako gomendioei jarraitzea ospakizun lasaiak eta seguruak izateko» eta, bereziki, «kontuz jokatzea kontsumo garai nagusi honetan gastatzeko orduan, behar ez diren gauzetan eta behar baino gehiago ez gastatzeko«.
HONA HEMEN KIUBEN AHOLKUETAKO BATZUK:
- Plangintza bat prestatzea eta kontrol zorrotza egitea, benetako gastuak zeintzuk diren jakiteko eta erosteko ahalmena zehazteko.
- Kreditu-txartelek zenbait gastu dakartzate, ekonomiari eusteko kaltegarriak izan daitezkeenak. Erabaki egokia izan daiteke “revolving txartelak” ez erabiltzea; izan ere, txartel horiek hileko kuota finkoa ezartzeko aukera ematen dute, erosketak automatikoki geroratuz, baina kreditua handitzen dute.
- Kontsumitzaileen eskubideak ez dira aldatzen urte osoan, eta, beraz, saltokiek bermatu egin behar dituzte saltzen dituzten produktu eta zerbitzuen kalitatea eta bermea, bai eta herritarren segurtasuna eta interes ekonomikoak ere.
- Erostea elkarrizketan eta gardentasunean oinarritutako merkataritza-trukeko harremana da. Horregatik, erosketa-faktura edo -tiketa eskatu eta gorde behar da, ezinbestekoa izango baita hori aurkeztea bermea aplikatu behar bada edo erreklamazioren bat jarri behar bada. Gorde, baita ere, publizitate-liburuxkak eta erositako ondasunak edo zerbitzuak iragarri diren dokumentu guztiak, irregulartasunen bat gertatzen bada ere. Gogoan izan establezimendu fisikoek legez ez dutela dirua itzultzeko obligaziorik, produktua baldintza onetan badago eta ez bada iragartzen edo ez bada tiketean hala jasotzen. Gabonetako opariak aldatzean erreklamazio ohikoa da eta arazo asko sortzen ditu.
- Kontsumoko arbitraje-sistemari atxikitako saltokien alde egitea da kontsumo-gatazkak konpontzeko biderik errazena.
ONLINE EGITEN DIREN EROSKETAK
- Batzuetan, komeni da produkturen batzuk internet bidez erostea, eskaintza merkeagoak aurki baitaitezke. Kasu horretan, bidalketa-gastuei erreparatu behar diegu, eta behar den denboraz egin, bidalketa atzeratu egin baitaiteke, eta are gehiago garai honetan. Horretarako, komeni da konfiantzazko lekuetan bakarrik erostea eta prestigio egiaztatua duten orrialde ofizialak erabiltzea. Erreparatu web orriaren segurtasuna frogatzen duten adierazleei, hala nola itxitako giltzarrapoaren ikonoari helbide-barran edo egoera-barran (behean, nabigatzailearen eskuinaldean). Orrialdearen helbidearen hasiera https:// izango da, segurtasunaren “s”arekin eta ez http://.
- Kontzertu eta ikuskizunetarako sarrerak Internet bidez erosterakoan, arazorik ohikoena da birsalmenta-plataformak egoten direla, sarrerak askoz garestiagoak saltzen dituztenak; hain zuzen ere, jendeak ez daki sarrerak birsaltzeko webguneetan erosten ari dela, plataformak banatzaile baimenduaren itxura duelako. Horregatik, gomendagarria da kontzertuei, jaialdiei eta bestelako ikuskizunei buruzko informazioa jasotzea, artisten, sustatzaileen edo saltzaile ofizialen web eta kontuen bidez. Ez fidatu Interneteko bilatzaileen lehen emaitzekin. Izan ere, askotan, birsalmenta-plataformen iragarkiak dira, edo sare sozialetan agertzen diren iragarkiak, egoitza Europar Batasunetik kanpo duten saltzaile ez-ofizialetara bideratzen gaituztenak; horrek, neurri handi batean, balizko erreklamazioak zailtzen ditu.
- Gomendagarria da web-nabigatzaileak eta birusen aurkako programak eguneratuta edukitzea beti.
- Kontuz phishing-arekin, hau da, besteen identitatea ordezten dutenekin (kreditu-txartelen edo banku-pasahitzen datuak eskuratzeko helburuz egiten dute). Kontuz merkeegi saltzen duten orriekin, webgune faltsuetatik etor baitaitezke (markako produktuak, oso merke). Kontuz baita publizitate-banner engainagarriekin ere, horietan sakatuz eta gure telefonoa emanez mugikorrerako premium deskarga-zerbitzuetara harpidetzen baikaituzte. Dirua aldez aurretik eskatzen badigute, ez dugu inola ere ordainduko.
JOSTAILUAK, APAINGARRIAK ETA SU ARTIFIZIALAK
- Interesgarria da haurren sormena eta parte-hartze aktiboa sustatzen duten jostailuak aukeratzea. Jostailuak haurren adin, ezaugarri eta gustuetarako egokiak direla egiaztatzea.
- Jostailuak ezin dira saldu Europar Batasunaren lurraldean CE markaketarik gabe. Ez erosi bereizgarri hori ez badute, baliteke-eta seguruak ez izatea eta legez eskatzen diren gutxieneko kalitate-betebeharrak ez betetzea. Baztertu etiketarik, erabilera-jarraibiderik eta segurtasun-oharrik ez duten jostailuak.
- Hobe da dekoraziorako zuhaitz naturalik ez erabiltzea, salbu eta haztegi edo landaketa kontrolatuetatik badatoz. Etxean kokatzerakoan, berogailuetatik edo bero-zentroetatik gutxienez metro bateko distantzia egotea gomendatzen da.
- Material piroteknikoa manipulatzeak arriskuan jar dezake pertsonen segurtasuna. Egin kasu produktu bakoitzaren segurtasun-aholkuei eta adin-mugari. Horrelako produktuak erostea erabakiz gero, baimendutako salmenta-lokaletan soilik erosi behar dira.
GABON OSASUNTSUAK ETA ERRESPETUZKOAK
- Gabonetako jaiak modu osasungarrian ospatzeko errezetarik onena da gozatzea, bizi-ohitura osasungarriak eta elikadura orekatua izatea eta jarduera fisikoa erregulartasunez egitea.
- Gabonetan ere jasangarriak izan gaitezke, ingurumena errespetatuz, eta sasoi ona da kultura oparitzeko. Gomendioen artean, honako hauek nabarmentzen dira: hondakinak bereiztea bakoitza bere edukiontzira bideratzeko, plastikoen eta opari-paperaren erabilera murriztea, beste urte batzuetako bilgarriak eta apaingarriak berrerabiltzea, erosketak egiteko oihalezko edo kotoizko poltsak erabiltzea, joan-etorrietarako garraio publikoa erabiltzea, eta energia aurreztea kontsumo txikiko bonbillak eta jostailu eta aparatu elektronikoetarako pila kargagarriak erabiliz.