Osakidetzak gripearen aurkako txertoa hartzera deitzen ditu arrisku-taldeak, birusaren zirkulazioa Gabonetan areagotuko dela aurreikusita

Osasun Sailak eta Osakidetzak berriz ere dei egiten die herritarrei datozen asteetan gripearen aurka babes daitezen, Gabonetan birusaren zirkulazioa handituko dela aurreikusten baita. Abenduan txertaketa-kanpainak aktibo jarraitzen du, beraz nahi duenak zita hartzeko aukera du, ohiko bi moduen bidez: www.osakidetza.eus web orrialdean; edo erreferentziako osasun-zentrora telefonoz deituz.

Gonbidapena herritar guztiei luzatzen bazaie ere, Osakidetzak arrisku-taldeetan jartzen du arreta, horiek baitira gaixotasun hori hartzean beren osasunean konplikazio handienak izan ditzaketenak. Zehazki, 60 urtetik gorakoak, gaixotasun kronikoren bat dutenak edo haurdun dauden emakumeak, osasun-arloko profesionalez gain. Aurten, haurrak txertatzearen beharra bereziki azpimarratzen ari da, biztanleria kaltebera izateaz gain, transmisore handiak baitira.

Joan den abenduaren 7tik, kanpaina hasi zenetik, 498.944 txerto jarri dira, iazko aldi berean baino % 3,9 gehiago. Biztanleriak emandako erantzuna positiboa da, azken asteko estaldura-datuek erakusten duten bezala: egoitzetan bizi diren pertsonen % 80k gripearen txertoa hartu du, eta gehienak COVIDaren aurkakoa ere.  Haurren artean ere aurreko kanpainako datuak baino hobeak dira datuak: 6 hilabete eta 5 urte bitarteko 19.620 haurrek hartu dute sudurreko txertoa, aurreko kanpainan baino % 34 gehiago.

Gogorarazi behar da kanpainaren hasieran arrisku-taldeen txertaketa lehenetsi bazen ere, azaroaren hasieratik gonbidapena luzatu zaiela baita ere herritar guztientzat. Nahi duen edonork har dezake gripearen txertoa. Osakidetzak, hobetzeko tartea dagoela eta immunizatzeko denbora dagoela jakinda, kanpaina abenduaren amaierara arte luzatzea erabaki du, eta, beraz, oraindik txertoa hartu ez duten herritarrak animatzen ditu beren osasun-zentroan zita hartzera.

GRIPEAREN BILAKAERA

Arnasbideetako Infekzio Akutuen (AIA) azken zaintza-txostenaren arabera, berriz ere areagotu da gripearen zirkulazioa, zenbait astez gora egin ondoren. Gainera, abenduan eta urtarrilean hazten jarraitzea aurreikusten da, orduan iritsi ohi baita intzidentzia-tasa handienera.

Horrenbestez, Osasun Sailak eta Osakidetzak gogorarazten dute txertoarekin ez ezik, gripea eta arnasbideetako beste gaixotasun batzuk (COVIDa kasu) prebenitu egin daitezkeela zenbait neurri hartuta: eskuak garbitzea, jende-pilaketak saihestea, espazio itxiak aireztatzea eta maskara erabiltzea.

Informazio gehiago: https://www.osakidetza.euskadi.eus/2024ko-txertaketa-kanpaina/webosk00-oskenf/eu/