Rafael Mikoleta Euskarazko Ipuin Lehiaketaren XXXVII. edizioan izena emateko epea ireki da

Bilboko Udalak Rafael Mikoleta Euskarazko Ipuin Lehiaketaren XXXVII. edizioan izena emateko epea ireki du. Lehiaketa horrek helburu bi dauzka: lehenengo euskal gramatikaren egileari omenaldia egitea eta Bilboko ikasleen artean euskaraz irakurtzeko eta idazteko zaletasuna sustatzea.

Lehiaketa Bilboko 8 eta 16 urte bitarteko ikasleei zuzenduta dago – Lehen Hezkuntzako 3., 4., 5. eta 6. mailetako ikasleei edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) lau mailetako edozeini –, eta beren istorioak irudikatzeko, sortzeko eta hitzez adierazteko aukera ematen die.

Aurreko edizioan 861 ipuin aurkeztu ziren guztira.  Aurtengo ekitaldiari eta oinarriei buruzko informazio guztia eskuragarri dago www.bilbao.eus udal-orrian eta www.bilbaoeuskaraz.eus  webgunean.

OINARRIAK

Ipuinak aurkezteko epea 2025eko urtarrilaren 31n amaituko da, 14:00etan, eta Bilboko Udaleko Euskarako Zuzendaritzan entregatu beharko dira (Campo Volantin pasealekua 1 BIS, 4. solairua, 48007 Bilbao).

Parte-hartzaileek kontuan izan behar dute ipuinen gaia librea dela eta honela aurkeztu behar direla:

  • Ipuinek euskaraz idatzitakoak izan behar dute, eta marrazkiz lagunduta egon.
  • Originalak izan behar dute, lehenago behin ere argitaratu gabeak.
  • Egile bakarra izan behar dute.
  • Ordenagailuz, makinaz edo kaligrafia argiz idatzita egon behar dute.
  • Eta 2 eta 4 folio bitarteko luzera izan behar dute.

Lan originala koloretan eta kopia bat aurkeztu behar dira; egilearen datuak ez dira agertuko izenburuaren ondoan, bakarrik ikasturtea eta kategoria. Erantsitako fitxa batean, ipuinaren kategoria eta izenburua, egilearen izen-abizenak, helbidea, telefonoa eta helbide elektronikoa, irakaslearen izen-abizenak eta eskolaren izena jarri beharko dira.

KATEGORIAK ETA SARIAK

14 sari banatuko diralau kategoriatan banatuta (A, B, C eta D):

  • Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailak, A kategorian
  • Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailak, B kategorian.
  • DBHko 1. eta 2. mailak, C kategorian.
  • DBHko 3. eta 4. mailak, D kategorian

Kategoria horietako bakoitzean hiru sari banatuko dira:

  • 1. saria: 200 euroko balioa duten opariak.
  • 2. saria: 160 euroko balioa duten opariak.
  • 3. saria: 120 euroko balioa duten opariak.

Aurten ere, lehiakideek «Bilbao Balioen Hiria Saria» kategorian parte hartu ahal izango dute. Bertan, Bilboko Balioen Agirian jasotako balioren bati erreferentzia egiten dioten ipuin bi sarituko dira. Sari bi horietako bakoitzak 170 euroko balioa du, eta DBHko ikasleentzat dira biak.

Epaimahaia literaturaren munduarekin lotutako pertsonek osatuko dute.