Donostiako Udalak Morlans eta Erriberetako hiru lursail lagako dizkio Eusko Jaurlaritzari

240 zuzkidura-etxebizitza eraikitzeko

Donostiako Udalak onartu du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari zuzenean lagata hiru lurzatiren jabari osoaren titulartasuna eskualdatzea, udalerrian zuzkidura-etxebizitza berriak sustatzeko hitzarmena betetzeko.

Eneko Goia alkateak gogorarazi duenez, «izapide honi esker, hiriko zuzkidura-etxebizitzen parkea handitzeko bidean aurrera egin ahal izango dugu, zailtasun gehiago dituzten kolektiboei zuzendutako etxebizitza eskuratzeko eskaintza handituz».

Loiolako Erriberako g.0007 lurzatiak eta Morlans Beherako G-1 -g.000/AM.09.1 eta G-4 g.000/AM.09.4 lurzatiak dira. Lursail horietan 240 zuzkidura-etxebizitza berri eraikiko dira.

Lagapena etorkizunean lurzati bakoitzaren eskritura publikoak formalizatuz gauzatuko da, EAEko Administrazio Orokorrak zuzkidura-etxebizitzetara bideratzea ahalbidetzen duten plangintza xehatuko dokumentuak izapidetu eta behin betiko onapena lortzen duen heinean.

Bretxa

Tokiko Gobernu Batzarrak onartu du Baika Mercados SLri 2.438.094 € erreklamatzea, Bretxako merkatua ustiatzeko eta kudeatzeko emakidaren ez betetze errudunagatik Udalari eragindako kalte-galerengatik. Erreklamatutako zenbatekoa handitu ahal izango da, bai Udalari erreklama dakizkiokeen kalte-ordainengatik, enpresaren jarduketengatik edo ez-egiteengatik, bai egin beharreko obren gainkostuengatik.

Gurutze Gorriaren eranskina

Tokiko Gobernu Batzarrak hasierako onarpena eman dio Mitxelene (Ategorrieta-Ulia) hirigintza-eremurako xehetasun-azterlana. Ekipamendu publikoko lurzatian, gaur egun, D mailako babes-maila duen eraikin bat dago (Villa Alorenea – Ategorrieta hiribidea, 16), Gipuzkoako Gurutze Gorriaren bulegoek erabili dutena eta handitzea proposatzen dena.

2010eko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak lurzatia mugatzen du eta 2.371 m²-ko (t) sestra gaineko hirigintza-eraikigarritasuna eta sestra azpiko lau solairuren baliokidea den eraikigarritasuna ezartzen ditu. Ondoren, 2021eko HOEBPBaren berrikuspenak katalogazioko D maila ematen dio Villa Aloreneari (Ategorrieta etorbidea, 16), eta babesetik kanpo geratzen dira erantsitako gorputzak eta aldaketak.

Lehendik dagoen eraikuntzak ez du HAPOk baimendutako eraikigarritasun guztia bete, eta, beraz, lehendik dagoen eraikinari atxikiko zaion eranskin bat aurreikusten da. Hala, xehetasun-azterketak aurreikusten diren handitze-jarduketak definitzen ditu, bai eta Alorenea Etxea lehengoratzeko jarduketak eta hura bolumetria berriarekin lotzea ere.

Urgull mendiko taberna

Tokiko Gobernu Batzarrak Urgull mendiko tabernaren funtzionamendurako zerbitzuen emakidaren bideragarritasun ekonomiko-finantzarioaren azterketa onartu du. Zerbitzu horrek 25 urte baino gehiago daramatza martxan, hainbat lehiaketa publikoren bidez (azken lizitazioa 2017an egin zen, eta 2025eko abuztuan amaitzen da).

Kontzesio honen helburua Urgulll mendiko erabiltzaileei taberna eta komun publikoen zerbitzua ematea da:

  • Arreta ematea edariak, izozkiak eta ontziratutako beste produktu batzuk salduz. Inola ere ez da baimenduko elikagaiak manipulatzea edo adingabeei edari alkoholdunak saltzea.
  • Nekazaritza ekologikotik datozen produktuen kontsumoa sustatzea, baita alergiak eta intolerantziak dituzten pertsonentzat egokiak diren produktuena ere.
  • Inguruko erabiltzaileentzako komun publikoen zerbitzua ematea.
  • Urgull mendiko erabiltzaileen ingurumen-sentsibilizazioa.