‘Osasun bakarra, jomuga eskuraezina’ liburua argitaratu berri du Miren Basaras UPV/EHUko Mikrobiologiako irakasle, ikertzaile eta dibulgatzaileak, Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzuak kaleratzen duen ZIO bilduman. Historian zehar pandemiek eragin ukaezina izan dute, baina etorkizunean ere hala izango dutela aurreikusten da. Izan ere, gizakiaren, animalien eta ingurumenaren osasuna hertsiki lotuta daude, eta batean zein bestean nola jokatu jakitea funtsezkoa izango da bizitzan zehar babesteko. Horretaz guztiaz, eta baita botiken aurrean erresistente diren mikroorganismoen arazoaz eta desinformazioak sor ditzakeen kalteez ere dihardu Basarasek ‘Liburu bat esku artean’ gure bideo-podcast sailean.
Irakurleak zer aurkituko du “Osasun bakarra, jomuga eskuraezina” liburuan?
Liburu honetan irakurleak aurkituko duena da modu oso dibulgatiboan, oso errazean, adibide ezberdinei esker, zein garrantzitsua den osasuna mundu global batean. Hau da, osasun hori ez dela bakarrik gizakiona, baizik eta animaliena eta ingurumenarena ere badela; denak elkar lotuta daudela.
Zergatik da garrantzitsua osasun bakarraren kontzeptua?
Osasuna ez da bakarrik gizakiona. Munduan, gizakioz gain, beste hainbat bizidun bizi dira. Gizakiok eta animaliak ingurumenarekin guztiz konektatuta gaude, eta ingurumena gurekin konektatuta dago. Orduan, osasun bakarra kontzeptu horrek esan nahi du, azken finean, nahiz eta hiru erpin egon triangelu honetan hirurok egon behar garela elkarrekin komunikatuta.
Eta zergatik diozu jomuga eskuraezina dela?
Osasun bakar hori mundu osoan lortu beharreko gauza bat da. Munduan badakigu herrialde eta lurralde ezberdinek parte hartzen dutela; alderdi sozialek, politikoek, geopolitikoek… parte hartzen dute. Hori guztia jomuga bezala lortzea, hau da, helburu hori guztiz lortzea, nik uste dut gaur egun nahiko ezinezkoa dela, lan handia egin behar delako mundu osoko edozein herrialdetan, edozein lurraldetan. Azken finean, denok batera lan egitea, batera neurriak hartzea eta abar bultzatu behar delako. Eta une honetan hori lortzea nik uste dut nahiko ezinezkoa dela.
Gizakiaren, animalien eta ingurumenaren osasuna hain hertsiki lotuta badaude, nola jokatu behar dugu?
Osasun-arloan, bai gizakion, bai animalien eta bai ingurumenaren hainbat adituk eta ikertzailek parte hartzen dute, eta guztiok konektatuta, elkarlanean ibili behar dugu. Ez dugu pentsatu behar gizakiok egiten dugunak ez duela eraginik ingurumenean edo animaliengan; bai, badu. Eta gauza bera edozein neurri hartzen baldin bada ingurumenean, klima-aldaketa dela eta abar: eragina dauka bai gizakiongan eta bai animaliengan. Beraz, hartu beharreko neurri eta irizpide guztiek komunikatuta egon behar dute esparru horietan guztietan. Bakoitzak ez du bere kabuz joan behar, baizik eta denok, aditu guztiok, lan egin behar dugu hiru parte horietan elkarlanean.
Desinformazioak gure osasunean eragiten du?
Argi dagoena da desinformazioak —eta hori ikusi eta pairatu izan dugu azken pandemia honetan— hainbat mezu kontrajarri jartzen dituela mahai gainean. Momentu honetan edonork idatz dezake edozer gauza edozein lekutan, are gehiago sare sozialetan, eta horrek inpaktu handia dauka guztiongan. Horregatik, sarritan, edozein gauza irakurrita edozein lekutan, eta hori sare sozial batetan konpartituz, batzuetan desinformatzen ari gara, eta bultzatzen ari gara desinformazio hori. Nik uste dut argi eta garbi kontuan hartu behar dela nondik irakurtzen diren gauzak, nori edo zeini egin kasu. Hau da, ikerketak egiten direnean eta ikerketa horietan erantzun batzuk eta ondorio batzuk jartzen direnean, batzuetan ondorio horiek ez dira gustukoak, eta hori horrela izaten da. Baina ikerketak esaten dutena dira. Sarritan horri uko egiteak ez du esan nahi hobeto egongo garenik. Uko egitea, azken finean, itsu egongo bagina bezala da. Eta nik uste dut desinformazioak sarritan egiten duena hori dela: itsu bihurtzea.
Botikekiko erresistente diren mikroorganismoak pandemia isila dira. Zer egin daiteke?
Pandemiak, liburuan pixka bat azaltzen den moduan, ez dira bakarrik mikroorganismo batek zuzenean ematen duena —adibidez, pairatu dugun COVID-19 hori edo beste asko—, baizik eta batzuetan, baita ere, badaude pandemia isilak deitzen direnak, eta horietako bat da antibiotikoekiko erresistentzia. Antibiotiko bat hartzen dugunean —beharrezkoa delako, gaixotasun bat daukagulako sendatzeko eta abar—, horrek ondorioak ditu botika horrek kontrolatu nahi dituen mikroorganismoengan, bakterioengan bereziki. Eta, batzuetan, logikoa den bezala, bakterioak, animaliok edo gizakiok bezala, ez dira geldi gelditzen, baizik eta moldatu egiten dira botika baten aurrean. Zertarako? Ihes egiteko eta, azken finean, beraiek, bakterio horiek, bizirik mantentzeko. Orduan, argi dagoena da pandemia isil hori badela. Guk, gizakiok, neurriak hartu ahal ditugu. Esate baterako, botikak hartzen ditugunean, soberan gelditzen diren botikak eraman behar ditugu puntu batzuetara, farmazietara, eta ez edozein lekutara bota. Eta ondo hartu behar ditugu: esaten badigute egunean hiru aldiz hartu behar dugula, horrela hartu, eta ez gogoratzen garenean soilik. Eta are gehiago animaliak baditugu eta botikekin tratatzen baditugu: horrek ere eragina dauka. Hori guztia zentzuz egitea eta modu egokian egitea ezinbestekoa da.
Nola babestu dezakegu gure burua etorkizuneko pandemiak saihesteko?
Dudarik gabe, pandemiak egongo dira etorkizunean ere. Ez dakiguna da noiz ailegatuko diren, guk sufrituko ditugun edo gure hurrengo belaunaldiek sufrituko dituzten. Hori ez dakigu. Baina argi dagoena da, esan bezala, osasun bakarraren kontzeptu hori kontutan hartuta, mundu osoan egin behar dela lana. Ez da bakarrik egin behar Europan edo Euskal Herrian, baizik eta mundu osoan egin beharreko lan bat da. Eta laguntzak eman behar dizkiegu baliabide gutxi dituzten herrialdeei beraiei ere osasunaren ikuspegitik arazoren bat agertzen zaienean, ahalik eta arinen neurriak hartzeko, ahalik eta arinen diagnostikoak egiteko eta ahalik eta arinen tratamenduak egiteko. Ezinbestekoa da laguntzea baliabideak ez dituzten herrialdeei. Baina, baita ere, ezinbestekoa da ikerketan, botikak lortzen, txertoak lortzen eta abar dirulaguntzak egotea eta hori bultzatzea. Ikerketa bultzatzea ezinbestekoa da, prest egoteko etorkizuneko pandemia horien aurrean.