Bizkaiko Foru Aldundiak beste dirulaguntza-deialdi publiko bat jarri du abian, 1.095.680 eurokoa, 2025ean Bizkaian bizi diren eta desgaitasunen bat dutenei arreta emateko eta pertsona horiek gizarteratzeko ekintzak garatzen dituzten irabazteko asmorik gabeko erakundeentzat.
101 milioi eurotik gorako laguntza horiek Gizarte Ekintza Sailak bideratuko ditu aurten desgaitasunaren esparrura. Diru horren bidez, Aldundiak lurralde inklusibo bat eraikitzeko konpromisoa sendotzen du, desgaitasuna duten pertsonen eta haien familien autonomia, parte-hartzea eta bizi-kalitatea sustatzearren.
Lehentasunezko jardun-arloak
Dirulaguntza horiek desgaitasuna duten pertsonek edota haien familiek osatutako erakunde eta elkarteetara bideratuta daude, eta funtsezko jarduerak babesten dituzte, hala nola:
- Elkarte-jarduerako programak: erakundeek beren proiektuak gauzatu ahal izateko beharrezkoak diren egiturak mantentzea.
- Aisia eta denbora librea: aisia eta inklusioa sustatuko dituzten jarduerak bultzatzea.
- Sentsibilizazioa eta zabalkundea: gizarteari desgaitasuna duten pertsonen eguneroko bizitzari buruz informatzeko eta kontzientziatzeko ekimenak, gizartean haiekiko normalizazioa sustatzeko.
- Esku-hartzea eta laguntza espezializatua: profesionalek gidatutako programak, desgaitasuna duten pertsonen garapen pertsonala eta soziala sustatzeko.
- Kultura-sustapena: giza- eta kultura-sustapenera bideratutako arautu gabeko prestakuntza.
Desgaitasuna duten pertsonei arreta emateko eta pertsona horiek gizarteratzeko 2025erako diru-laguntzak epe honetan eskatu ahal izango dira: urtarrilaren 20tik martxoaren 31ra.
Denok elkarrekin bizitza aktibo eta autonomoa izateko konpromisoa
Diru-laguntzen lerro hori bat dator Desgaitasuna duten Pertsonen Partaidetzarako eta Bizi Kalitaterako Planarekin, Foru Aldundiak eta sektoreko elkarteek elkarrekin diseinatutakoa. Planaren helburua da baldintzak sortzea desgaitasuna duten pertsonek ahalik eta autonomia pertsonal handiena lor dezaten, jendartean modu aktiboan parte har dezaten eta mendekotasun-egoerak saihets ditzaten. Era berean, bizitza independente baterako zubiak bultzatzen ditu, banakako erabakiak errespetatuko dituzten sare pertsonalizatuen laguntzarekin.