Mikel Jauregi sailburuak AEFAME – Euskadiko Familia Enpresen Elkarteko ordezkaritza bat hartu du

Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak harrera egin die AEFAME – Euskadiko Familia Enpresen Elkarteko arduradunei. Bileran izan dira, besteak beste, AEFAMEko presidente Jose Miguel Lanzagorta eta zuzendari Gaizka Zulaika; eta baita Industria Sustapeneko sailburuorde Andoitz Korta ere.

AEFAME 2015ean sortu zen, eta bere jarduera-sektoreetan liderrak diren 76 euskal enpresak osatzen dute elkartea. Guztien artean, 15.500 milioi eurotik gorako fakturazio pilatuta lortzen dute, eta 149.000 pertsonari baino gehiagori ematen diete lana. Horregatik guztiagatik, familia-enpresak aberastasuna eta enplegua sortzeko aliatua da: ehun-ekonomikoaren % 84 da, Euskadiko enpleguaren % 55,45a ordezkatuz.