Eusko Jaurlaritzak 750.000 euro bideratuko ditu ONEKIN programara, elikagaien eta zuraren balio-kateko enpresak laguntzeko digitalizazio, berrikuntza eta ekintzailetza arloko proiektuak garatzeko

PRUEBA
  • Negozio-ereduak bioekonomiara, elikadura seguru eta osasuntsura eta jasangarritasunera bideratzen dituzten proiektu berritzaileak finantzatuko dira
  • Halaber, 1.078.000 eurotik gorako laguntzak onetsi dira, kalitate-erregimenetan eta produktuak sustatzeko erregimenetan lehenengo aldiz parte hartu nahi duten ekoizleei laguntza emateko

Eusko Jaurlaritzak Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuorde Arantxa Tapiaren agindua onetsi du. Agindu horren bidez 2023 urterako elikaduraren eta zuraren balio-kateetako digitalizazio, berrikuntza eta ekintzailetza arloko proiektuak definitzeko eta ideiak heltzeko laguntzak deitu dira (ONEKIN programa).

Proiektu horiek laguntzearen xedea da berrikuntza eta digitalizazioa izatea ekintzailetza sustatzeko eta Euskadiko elikaduraren eta zuraren balio-kateko enpresen negozio-ereduan hobekuntzak sustatzeko eragileak, bioekonomiara, jasangarritasun energetikora, elikadura seguru eta osasungarrira eta baliabideen erabilera jasangarrira bideratuta.

Deialdi hau honako hauei zuzenduta dago: Euskal Autonomia Erkidegoan elikaduraren eta zuraren balio-katearen barruan jarduera ekonomiko bat garatzen duten pertsona fisiko edo juridikoei (nekazariak, arrantza-sektoreko operadoreak, erauzketa-industria, elikagaien industria, ostalaritza eta nekazaritzako elikagaien merkataritza), nortasun juridikorik gabeko pertsona fisiko edo juridiko pribatuen elkarteei eta ondasun-erkidegoei; eta, eskabidea aurkezteko unean legez eratuta egon ez arren, enpresa-proiektu bat duten pertsona ekintzaileei.

Laguntza hauetarako onartu den zenbatekoa 750.000 eurokoa da. Eskatzaile bakoitzak gehienez ere 10.000 euro jasoko ditu eta eskabide bakarra aurkeztu beharko du. Horretarako, diruz lagundu daitezkeen jarduketa hauen artean bakarra aukeratu beharko du:

1) Negozioa martxan jartzeko aholkularitza-lanak.

2) I+G arloko proiektuen bideragarritasun azterlanak.

3) Patenteak, ingurumen-zigiluak eta bestelako aktibo immaterialak lortzeko, baliozkotzeko eta defendatzeko azterlanak.

4) Enpresetan elikagaien segurtasunaren kultura ezartzeari buruzko azterlanak, edo lehenengo aldiz elikagaien segurtasunaren arloko egiaztagiriak lortzeko azterlanak.

Eskabideak agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean egin ahalko dira, administrazio publikoaren egoitza elektronikoan: www.euskadi.eus/servicios/1232701

Nekazaritzako eta elikagaigintzako produktuen kalitate-erregimenetarako laguntzak

Halaber, Gobernu Kontseiluak 2023ko ekitaldirako nekazaritzako eta elikagaigintzako produktuen kalitate-erregimenerako laguntzen deialdia arautzen duen agindua onetsi du.

Eusko Jaurlaritzaren eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) arteko lankidetzari esker finantzatu dira eta 1.078.000 eurotik gorako zuzkidura dute. Xedea da ekoizleek kalitate-erregimenetan (jatorri-deiturak, adierazle geografiko babestuak eta kalitate-bereizgarriak) lehen aldiz parte har dezaten erraztea, eta produktu horien informazio eta sustapen jarduerak laguntzea.

Bi laguntza mota aurreikusi dira:

  • Ekoizleek kalitate-erregimenetan lehenengo aldiz sartzea. Ustiategi bakoitzeko urteko prima emango da, eta zenbatekoa eskatzaileak kalitate-erregimenetan parte hartzeagatik jasotzen dituen kostu-finkoek ezarriko dute, onuradunak izena ematen duenetik gehienez ere 5 urte igaro arte.
  • Ekoizle-elkarteek Erkidegoko merkaturako egiten dituzten informazio- eta sustapen-jarduerei, kalitate-erregimen batek estalitako produktuei dagokienez. Laguntza zuzeneko dirulaguntza izango da, kontuan hartu daitezkeen informazio eta sustapen ekintzetan diruz lagundu daitezkeen kostuen ehuneko jakin baten gainean.

Eskabideak aurkezteko epea 2023ko ekainaren 8tik uztailaren 7ra bitartean irekiko da. Agindua EHAAn argitaratu ondoren, informazio eta eskabide-eredu guztiak www.euskadi.eus/servicios/1028814 webgunean egongo dira eskuragai kalitate-erregimenetan parte hartu nahi duten nekazarientzat. Kalitate-erregimenetako produktuen informazio eta sustapenerako ekintzetarako laguntzen kasuan, berriz, www.euskadi.eus/servicios/1028815 webgunean egongo da eskuragarri.