Euskadin, 2022ko urtarrilaren 1ean, atzerrian jaiotako adin guztietako 255.597 pertsona bizi ziren. Euskadin bizi diren atzerritarren kopurua nabarmen igo da azken hogei urteetan eta 2001ean 46.540 pertsona izatetik 2022an 255.597 izatera pasatu da.
Beste herrialdeetatik etorritako 255.597 pertsona horietatik, 44.485 gazteak dira, hau da, 15 eta 29 urte bitartekoak dira.
Jarraian, Euskadiko gazteek atzerriko immigrazioari buruz duten pertzepzioa azalduko dugu, datu batzuen bidez. Datu horiek Gazteen Euskal Behatokiak 2022ko urrian 15 eta 29 urte bitarteko 3.000 gazte baino gehiagoko lagin bati egin zion inkesta online batetik datoz.
15 eta 29 urte bitarteko gazteen % 17,2k uste du, Euskadin, beste herrialdeetako jende gehiegi dagoela. Beste % 62,7ren iritziz, dezente daude, baina ez gehiegi. % 9,8ren ustez, aldiz, atzerriko jende gutxi dago Euskadin. Eta gainerako % 10,1ek ez daki edota ez du erantzun.
Euskadin atzerritar gehiegi daudela uste duten gazteen ehunekoak gorabeherak izan ditu azken hogei urteotan, eta pertzepzio horretan eragin handiagoa izan du uneko egoerak atzerritarren benetako kopuruaren bilakaerak baino. Beste herrialdeetako pertsona gehiegi zeudela uste zutenen zifrarik altuena (% 44,6) 2012an jaso zen eta momentu hartan krisi ekonomiko larria zegoen eta langabezia-tasa altua zen. Zifrarik baxuena, aldiz, 2020an jaso zen (% 9,1) eta orduan Covid19ak sortutako pandemiaren hilabete latzenetan geunden eta mugitzeko murrizketak zeuden.
Atzerriko immigrazioari dagokionez, zein izan beharko litzatekeen politikarik egokiena galdetu zaie gazteei eta haien erdiek (% 50,3) esan dute etorkinen sarrera ahalik eta gehien erraztu beharko litzatekeela. Beste % 35,3ren iritziz , lan-kontratua dutenei bakarrik erraztu beharko litzaiekeela sarrera. % 1,5ek, aldiz, etorkinen sarrera debekatu beharko litzatekeela uste dute. Eta gainerako % 12,8k ez dauka iritzi argirik edo ez du erantzun nahi.
Etorkinen sarrera ahalik eta gehien erraztu beharko litzatekeela uste duten gazteen ehunekoa jaitsi da 2020tik 2022ra, baina, hala ere, aukerarik zabalduena izaten jarraitzen du.
Emakume gazteek gizon gazteek baino neurri handiagoan esaten dute atzerriko etorkinen sarrera ahalik eta gehien erraztu beharko litzatekeela (% 57,4 eta % 43,7, hurrenez hurren).
Bestetik, inoiz beren jatorriagatik diskriminatuta sentitu diren gertakariren bat bizi izan duten galdetu zaie gazteei. Atzerrian jaiotako hamar gaztetik seik adierazi dute bizi izan dutela jatorriagatiko diskriminazio hori (% 61,3).
Garapen Jasangarrirako Helburuen 2030 Agendaren 10. helburua “Desberdintasunak murriztea” da. Eta helburu horren barruan 2. eta 7. helmugek hauxe adierazten dute:
- 2. helmuga: Hemendik 2030era, pertsona guztien gizarteratze sozial, ekonomiko eta politikoa indartzea eta sustatzea, haien adina, sexua, desgaitasuna, arraza, etnia, jatorria, erlijioa edo egoera ekonomikoa edo beste edozein baldintza kontuan hartu gabe.
- 7. helmuga: Pertsonen migrazio eta mugikortasun ordenatuak, seguruak, erregularrak eta arduratsuak erraztea, baita planifikatutako eta ondo kudeatutako migrazio-politikak aplikatuz ere.
Denon artean lan egin behar dugu helburu eta helmuga horiek lortzeko.