Lehendakaria buru dela ospatu da Gobernu Kontseiluaren asteroko bilera gaur goizean, eta bertan hainbat gai jorratu dira. Kontseiluak hartutako erabakien artean, honako hauek nabarmentzen dira:
Lehenik eta behin Eusko Jaurlaritzak Euskal Etxeetarako 212.000 euroko laguntza-saila onartu du gaur. Euskal gizataldeetako pertsonen premia larriko egoerei eta laguntza-beharrei erantzuteko bideratuko da diru hori. Gaur onartutako laguntzei esker arreta jasoko dute gizarte-bazterketako egoera larrian dauden pertsonek, dela herrialde batzuetan izandako moneta-oszilazioen eta ekonomia-gabezien egoeragatik, dela adinagatik, dela gabezia-egoerengatik, dela osasun-krisialdiengatik edota bat-batean sortutako istripuen ondoriozko ezgaitasunengatik.
Lan eta Enplegu sailari lotuta, alde batetik, Gobernu Kontseiluak gaur onartu du 3,5 milioi euro gehitzea ikertzaile gazteak kontratatzeko Ikerketa programaren zuzkidurari. Horrela, Europar Batasunaren Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan sartzen den ekimen honek 19,7 milioi euro bideratuko ditu helburu horretarako. Deialdia argitaratu zenetik jasotako eskaeren bolumenak deialdi horretara bideratutako kreditua gainditu duenez, Kontseiluak argi berdea eman du laguntza-deialdi honetako baliabideak handitzeko. Bestetik, Gobernu Kontseiluak 2024ko lan-egutegia onartu du gaur Euskadirako, eta 2023ko jaiegun berberak izango ditu, urtarrilaren 1a gehituta (2023an igandea izan da), eta abenduaren 8a ez da bertan agertzen, 2024an igandea baita.
Gainera, Gobernu Kontseiluak, bere asteroko bileran, funtzionarioen lanpostuen zerrenda aldatzea onartu du, eta zerbitzu publikoa indartzen jarraitu du. Aldaketa horretan, nabarmentzekoa da Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailari atxikitako lan ikuskatzaile lanposturako lau dotazio sortu direla.
Eusko Jaurlaritzako Batzordeak 2023an ziurtatutako ekoizpen ekologikorako trantsizioa egiteko laguntzen deialdia onetsi du gaurko bileran. Laguntza hau nekazaritzako ustiategien titularrei dago zuzenduta, zehazki, bere ohiko ustiapena ekoizpen ekologikora bideratu nahi dutenei. Ekoizpen ekologikoaren bidez, nekazaritzako sektoreak hainbat esparrutan lagun dezake, esaterako, 2030 agendako helburuak lortzen, klima-aldaketaren aurkako borrokan, elikadura osasuntsua sustatzen edo lurzorua eta ekosistema naturalak mantentzen. EBk ezarritako helburuaren arabera, 2030rako nekazaritzako azaleraren % 25 nekazaritza»metodo ekologikoen bidez kudeatu beharko da.
Ekonomia eta Ogasun sailaren eskutik, Gobernu Kontseiluak Finantzen Euskal Institutuaren Legearen Proiektua onartu du gaur. Horren helburu nagusia da Finantzen Euskal Institutuaren jarduketa-esparruari, funtzioei, antolaketari eta araubide juridikoari egiturazko erregulazioa ematea.
Garraioari dagokionez, Gobernu Kontseiluak Estatistikako Institutu Nazionalaren, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren eta Euskal Estatistika Erakundea – Eustaten arteko hitzarmena sinatzea onartu du, EAE – Euskal Autonomia Erkidegoan bidaiarien garraioari buruzko informazioa trukatzeko. Etxebizitzaren arloan, Gobernu Kontseiluak baimena eman du Arabako Gaubea herrian alokatzeko etxebizitza publikoak eraikitzeko hitzarmena sinatzeko, bertako herritarrek etxea prezio eskuragarrietan izateko duten beharrari erantzuteko helburuarekin.
Hezkuntza esparruan, alde batetik, 2023-2026 aldirako Unibertsitate Sistemaren Plana onatu du gaurkoan. Gainera, bilkuran onartu dira Euskadiko Haur Hezkuntzako, Oinarrizko Hezkuntzako (Lehen Hezkuntza eta DBH hartzen ditu barne) eta Batxilergoko berezko curriculumak ezartzeko dekretuak. Eta, bestalde, Gobernu Kontseiluak onartu du bizialdi osoko ikaskuntza erabilgarriko jarduerak burutzeko dirulaguntzatarako deialdia egiten duen Agindua. Deialdi honek 930.000 euroko diru-kopurua du.
Osasungintzari lotuta, Eusko Jaurlaritzak osasun-arloko ikerketa- eta garapen-proiektuetarako laguntzen 2023. urteko deialdia onetsi du; laguntzak 6 milioi euroko zuzkidura du, iaz baino milioi erdi inguru gehiago.
Kultura eta Hizkuntza Politika sailari lotuta, alde batetik, milioi bat euro banatuko dira dirulaguntzetan nagusiki gaztelania erabiltzen duten hedabideetan euskararen erabilera areagotzeko. Gainera, 695.500 euroko kreditua handitzea erabaki da, Basque Team Goi Mailako Zentroa birgaitzeko obrak eta Euskadiko Orkestraren aparteko inbertsioak finantzatzeko. Bestetik, 160.000 euroko partida onartu ds euskal kultura-ondarea digitalizatzeko, kontserbatzeko eta zabaltzeko. Eta, era berean, 560.000 euroko partida bat onartu da kultura-sorkuntza artistikoak bultzatzeko, “Sorgune” izeneko laguntza deialdiaren bidez.
Azkenik, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren eskutik, laguntza berrien deialdia onartu da turismo-sektoreko enpresei produktu berriak garatzen, merkaturatzen eta sustatzen laguntzeko, espiritu ekintzailea eta berrikuntzaren kultura sustatzeko eta Euskadi Basque Country marka turistikoaren posizionamendua indartzeko, gaualdien kopuruaren hazkundea bultzatzeaz gain. Laguntza horietarako esleitutako zenbateko ekonomikoa 984.000 € da, hau da, aurreko deialdiekin alderatuta, % 37,24ko igoera. Igoera hori 2021eko eta 2022ko deialdietan zenbatetsitako eskaera kopuru handiari zor zaio.