Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuak onartutako Aginduaren berri eman zaio gaur Gobernu Kontseiluari. Agindu horren bidez, aurten ere, 2023an osasun-arloko profesionalak prestatzeko bekak eta laguntzak emateko deialdia egin da.
Laguntza-lerroak 180.000 euroko zuzkidura du, eta Osasun Sailaren estrategian diruz lagundutako jarduera-eremu nagusietako batean kokatzen da. Osasun-zerbitzuen kalitatea hobetzea du helburu, osasun-arloko kolektiboaren prestakuntza handituz.
Beken eta laguntzen helburua, beraz, Euskal Osasun Sistemako osasun-langileen gaikuntza handitzea da, beren jardunbide profesionalean. Hala, bekak eta laguntzak emango dira, alde batetik, Estatuko zentroetan graduondoko ikasketak egiteko edo atzerriko zentroetan prestakuntza-egonaldiak egiteko. Bi kasuetan, konpetentzia aurreratuak eskuratzera zuzenduta egongo dira, honako arlo hauetan: osasun-kudeaketa; osasun publikoa; zainketa aringarriak; familia- eta komunitate-medikuntza; integrazio asistentziala; suizidioa prebenitzeko estrategiak; Euskadiko Plan Onkologikoaren ekintzak; nahasmendu neurodegeneratiboak eta neuromuskularrak; generoa eta osasuna; eutanasia; zahartzea eta kronikotasuna; edo bioetika. Eta, bestetik, atzerriko zentroetan egonaldiak egiteko, osasun-zientzien eremuarekin zerikusia duten arlo guztietan ezagutzak areagotzeko.
Eskaerak hilabeteko epean aurkeztu ahal izango dira, Agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.