Eusko Jaurlaritzak euskararen erabilera normalizatzeko egin beharreko plan estrategiko berrietarako eredua onartu du

Gobernu Kontseiluak, gaurko bileran, euskararen erabilera normalizatzeko plangintzaldi berrira begira, sail eta erakunde autonomiadun guztiek jarraitu beharreko eredua onartu du. Eredu hori KEMEN metodologian oinarrituta egongo da, hau da, euskararen normalizazioren kudeaketari lotutako adierazleetan oinarrituta. Modu honetan, euskara normalizatzeko planak egin behar dituzten Eusko Jaurlaritzako sail eta erakunde autonomiadun guztietan, hala nola euren menpeko zuzenbide pribatuko erakunde publiko eta sozietate publikoek, eredu lagungarria izango dute beren planak garatzerako orduan.

Aurten, Euskara Normalizatzeko VI. Plangintzaldia bukatu, eta VII. Plangintzaldiari ekingo zaio. Bost urteko iraupena izango duen Plan Estrategiko berriari begira ezarri diren bi helburu nagusiak hauexek dira: administrazioa erabat elebiduna izatea, herritarren hizkuntza-eskubideak oso-osorik bermatzeko eta euskaraz eroso lan egitea ziurtatzeko; eta hori posible izan dadin, ordezkari politiko eta teknikoen lidergoan oinarritutako kudeaketa aurreratuaren bidetik abiatzea.

KEMEN metodologia

Bi helburu horiek betetzeko, Gobernu Kontseiluan gaur onartutako eredua KEMEN metodologian oinarrituta dago. KEMEN Kudeaketa eta Erabilera Markoa Euskararen Normalizaziorako, euskararen normalizazio-prozesua kudeatzeko gako eta baliabideak ematen dituen sistema integrala da, edozein erakunde motatan, euskararen erabilera normalizatzeko prozesua modu antolatu eta eraginkorrean kudeatzeko. Sistema horrek erakundeei erabilera-planak euren errealitate eta beharretara doitzea ahalbidetuko die; hau da, euren egoerara ondoen egokitzen diren adierazleak aukeratu ahal izango dituzte euren errealitatea, ezaugarriak, tamaina, gune soziolinguistikoa… ezberdinak direlako.

KEMEN markoaren helburu nagusia honako hau da: hizkuntza-kudeaketa erakundeko kudeaketa orokorrean txertatzea.