Tourra Euskaditik igarotzeak euskal gizarteak bizikidetzaren eraikuntzan izan duen bilakaera islatu du

  • Eusko Jaurlaritzak Frantziako Tourrean lan egin duten polizia eta larrialdi taldeak zoriondu ditu

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politiketako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren bileraren osteko prentsaurrekoan, Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuarekin, Jokin Bildarratz Hezkuntzako sailburuarekin, eta Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuarekin batera.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azpimarratu du Tourra Euskaditik igarotzeak balio izan duela euskal gizarteak azken 30 urteotan bizikidetza sozialari dagokionez izan duen bilakaera erakusteko. “Azken hamarkadetan gure erkidegoan atxikimendu sozial handiena izan duen ekitaldia izan da”, adierazi du.

Era berean, Bingen Zupiriak gogorarazi du Tourraren irteeraren iragarpena 2019an egin zela, pandemia betean, eta 3 urte geroago, “esan dezakegu Tourra ospakizun handia izan dela, ondoez hura gainditzeko aukera ematen diguna”

TOURREKO SEGURTASUNA

Bere aldetik, Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak Euskaditik igaro den Frantziako Tourrerako euskal erakundeek prestatu duten segurtasun-dispositiboak erabateko arrakasta izan duela jakinarazi du. Aurrekaririk ez zuen erronka zen Euskadiko Segurtasun Publikoaren ardura zuten eragile guztientzat, eta “esan dezakegu Euskadik ezin hobeto egin diola aurre erronka horri”. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzaren izenean zoriondu egin nahi izan ditu Erkorekak Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sistema osatzen duten talde horietako bakoitza eta guztiak.

Zentzu honetan, aipamen berezia egin nahi izan dio Ertzaintzari, Tourraren Segurtasun Publikoaren Gida Plana prestatzeko, zuzentzeko eta gainerako poliziekin koordinatzeko ardura izan duen poliziari. “Ertzaintzako agenteek berriz ere egiaztatu dute polizia integral eta gaitu baten parte direla, aurrean duten segurtasun publikoaren arloko edozein erronkari aurre egiteko gai direla. Beti parte hartu izan dute herri honek bizi izan dituen une garrantzitsuetan. Konpromisoa, erantzukizuna eta ardura. Zerbitzu publikoa. Euskal gizarte osoa zainduz eta babestuz hau bezalako une historiko eta berezian. Eskerrik asko!”, adierazi du.

Herritarren erantzuna ere eskertu nahi izan du Segurtasun sailburuak. Alde batetik, “Tour Lagunen” lan altruista eta eskuzabala, garrantzitsua izan baita segurtasun-operatiboa osatzeko. Beste alde batetik, eskerrak eman diezkie herritar guztiei ere. “Eragozpenak eragin ditugu mugikortasunean. Gure kale eta errepideetan mozketak eta noranzko aldaketak izan dira. Baina herritarrek ulertu egin dute eta portaera eredugarria izan dute, agintarien ohar guztiak bete baitituzte”, gaineratu du.

Gogoraraziz egun hauetan batera izan direla Udako Irteera Operazioa, Itsasarteko Pasabide Operazioa eta Euskaditik igaro den Tourraren ondorioz mugikortasunean ezarritako murrizketak, Josu Erkoreka atseginez eman du jakitera istripu aipagarririk ez dela gertatu.

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK

Ohikoa den bezala, Bingen Zupiria bozeramaileak jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur landutako beste hainbat gai, besteak beste, honakoak aipatu ditu:

Alde batetik, gaurko Gobernu Kontseiluak erabaki du 750.000 euro gehiago ematea toki-erakundeei Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen dutenak gizarteratzeko eta laneratzeko programetarako. Honen ondorioz Lanbidek kudeatzen duen poltsa hori ia 5,2 milioitara iristen da orain.

Lan eta Enplegu sailarekin jarraituz, eta langabezian dauden ibilbide profesionalei begira, Kontseiluak onartu du BBK Fundazioari 294.000 euroko zuzeneko dirulaguntza ematea, langabetuak gaitasun digital aurreratuetan trebatzeko prestakuntza-proiektu bat garatzeko. Bootcamp metodologia erabiliko da honetarako, eta prestakuntza praktika profesionalera eta berehalako enplegagarritasunera bideratuz.

Bestalde, Gobernu Kontseiluak Berdintasunerako Emakunde Sariaren deialdi berri bat onartu du gaur. Sari horren bidez, jendaurrean nabarmendu eta aitortu nahi da emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan egindako lanagatik gailendu diren pertsona fisiko edo juridikoen –publiko nahiz pribatuen– jarduna. Sariaren diru-kopurua 14.400 eurokoa da.

Kultura eta Hizkuntza Politikari dagokionez, Jaurlaritzak 500.000 euroko dirulaguntza deialdia onartu du kultura eta gizarte arloetako bitartekotza eta berrikuntza proiektuetarako. “Bitartez” deituriko deialdia da onartu dena eta bitartekaritza eta sare-lanaren bidez ikerketa, berrikuntza eta arte garaikidearekin konprometitua dauden proiektuak bultzatu nahi dira.

Eta azkenik, gaurko bileran euskararen erabilera normalizatzeko plangintzaldi berrira begira, sail eta erakunde autonomiadun guztiek jarraitu beharreko eredua onartu du Gobernuak. Eredu hori KEMEN metodologian oinarrituta egongo da, hau da, euskararen normalizazioren kudeaketari lotutako adierazleetan oinarrituta. Modu honetan, euskara normalizatzeko planak egin beharko dira Eusko Jaurlaritzako sail eta erakunde autonomiadun guztietan, hala nola euren menpeko zuzenbide pribatuko erakunde publiko eta sozietate publikoek ere.