- Garrido epailea buru duen auzitegiko Salak Eusko Jaurlaritzaren eskumena aitortu du, eta adierazi du Dekretuaren neurriek legezko babesa zutela eta osasun arloan justifikatuta zeudela
- Auzitegiak onartu du murrizketak justifikatuta zeudela Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako datu eta txostenekin, eta adierazi du ostalarien elkarteek ez dutela froga nahikorik aurkeztu
Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak ezetsi egin du Gasteizko eta Arabako Ostalarien Elkarteak, Bizkaiko Tabernarien Elkarteak eta SOS Hosteleriak Lehendakariaren 2021eko abenduaren 28ko Dekretuaren aurka jarritako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa. Dekretu horrek Covid-19a hedatzeari buruzko hainbat neurri jasotzen zituen, besteak beste, ostalaritzako eta jatetxeetako establezimenduei zuzendutakoak.
Ostalaritza elkarteek beren eskaria oinarritu zuten Lehendakariak ez zuela eskumenik hura emateko, eta ostalaritza jarduerarako ezarritako murrizketek ez zutela justifikaziorik. Hala ere, EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio Eusko Jaurlaritzari, eta uste du Dekretuan erabakitako neurriek legearen babesa dutela eta osasun aldetik justifikatuta daudela.
Luis Angel Garrido epailea buru duen administrazioarekiko auzien Salak dio, gainera, Lehendakariak oinarrizko eskubideei eragiten ez dieten jardueren murrizketari dagokionez duen eskumena Estatuko Administrazioak emandako eskuordetzeak ematen duela.
Iragan ekainaren 27an sinatutako ebazpenean, Auzitegiak onartzen du murrizketak memoria luze batean justifikatuta zeudela, datuak, bilakaera epidemiologikoaren grafikoak, asistentzia inpaktua edo transmisio arriskuaren egoera biltzen zituena. Aitzitik, epaiak adierazten du helegitearen bidera jo duten elkarteek ez dutela aurkeztu Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako dokumentazioari kontrajar dakiokeen txostenik edo froga elementu nahikorik.
Erabaki honen aurka kasazio helegitea jarri ahal izango da Auzitegi Gorenean (TS).